Ontzi arinak ondo bereizten ikasteko sentsibilizazio kanpainari amaiera eman dio Debagoieneko Mankomunitateak

0
410

Ontzi arinen artean aurkitu ohi den hondakin ezegokien (inpropioen) kopuru altua hizpide hartuta, Debagoieneko Mankomunitateak komunikazio eta sentsibilizazio kanpaina abian jarri zuen otsailaren 6an. Bailarako herri guztietatik igaro ondoren, kanpaina bere amaierara iritsi da martxoaren 27an Leintz Gatzagan azken saioa burutu ondoren. 

Ontzi arinen edukiontzian edo frakzio horian topatu ohi diren hondakin ezegoki edo inpropioek suposatzen duten ingurumen kaltea eta galera ekonomikoa gizarteratu eta hausnarketa bultzatzeko asmoz, Debagoieneko bailarako zortzi herrietatik igaro da “Ondo bereiztua, asko aurreztua!” sentsibilizazio kanpaina bi hilabetetan zehar.

Larunbatero udalerri ezberdin batean jarri den informazio puntuaren eta haurrei zuzendutako tailerren bitartez ohitura egokiak sustatu dira herritarren artean. Herriz herri antolaturiko jardueretan 558 herritarren partaidetza izan da: aurrez aurreko ekintzetara 496 herritar bertaratu dira eta 62 herritarren ekarpen zein proposamenak jaso dira online. 

Kanpainan parte hartu izanak saria dakar. Izan ere, aurrez aurreko jardueratan zein online parte hartu duten herritar guztien artean, 500 kotoizko poltsa eta soltean erosteko 1.000 zakutxo zozketatuko dira. Antolatzaileak saridunekin harremanetan jarriko dira saria udalerri bakoitzeko BAZ/HAZ puntuan jaso dezaten.

Oihalezko poltsak erabiliz, plastikozko poltsak ordezkatu eta hondakinen murrizketa sustatzen da. Modu berean, kanpainan zehar banatu diren esku-orrien bitartez hondakinak modu egokian sailkatzeko informazioa luzatu zaie herritarrei.

Sentsibilizazio kanpaina honen bitartez, ontzi arinen hondakin ezegoki edo inpropioen presentziak sortzen duen ingurumen kaltea eta galera ekonomikoa gizarteratu nahi izan da, izan ere, denon inplikazioa beharrezkoa da egoerari irtenbidea emateko. Ondo bereiztua, asko aurreztua baita! 

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen