Onenekin lehiatuko du bigarren fasean Kanpanzar Arrasate/Ordiziak

0
190

Testua: Isei Barbero

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Txingudi hartu dute zapatu honetan Mojategin, orain direla aste batzuk Covid-19 kasuengatik atzeratutako partidua, eta bertan garaipena etxekoentzat izan da 19-10eko emaitzarekin.  Honenbestez, Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak, aurkari zuzena garaitzeaz gain, aurrea hartu dio baita ere sailkapenean eta, modu honetan, laugarren postua eskuratuta onenen kontra lehiatuko du denboraldiko bigarren fasean.


Partidua ondo hasi da etxekoentzat, lehenengo kolpea Kanpanzar Arrasate/Ordiziak eman baitu.  7-0ekoaren ostean bisitarien suspertzea etorri da, zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez zuri-moreen errenta murriztu baitute (7-3).  Barrutiaren mutilek beste bi entsegu lortu dituzte, horietako batean transformazioa gauzatuz (19-3).  Txingudik, baina, ez du amore eman, eta entsegu bat lortzeko gai izan da, amaierako 19-10ekoa markagailuan ezarriz.

Denboraldi hasiera zaila izan zen Kanpanzar Arrasate/Ordiziarentzat, elkarren artean ezagutzen ez ziren jokalariak baitzeunden taldean.  Pandemiaren ondorioz hartu beharreko neurriek eta tartean izandako positiboek ere etzuten lagundu baina, pixkanaka-pixkanaka, jokalariak elkarren artean ezagutu eta taldearen jokoak hobera egin zuen jardunaldien joan-etorriaz.  


Gauzak horrela, Atletiko San Sebastian/Hernaniren kontra jokatutako norgehiagokan ikasturteko aurreneko garaipena eskuratu zuten Barrutiaren mutilek.  Bitxia badirudi ere, norgehiagoka hau ere Covid-19 kasuengatik bere garaian atzeratutako zen.  Gernikaren zelaian, baina, zuri-moreek lurreratzen gogora eduki zuten, basurdeen aldetik jipoia jaso baitzuten (42-0).    Barrutiaren taldeak, ordea, beti jakin izan du zailtasunei aurre egiten, eta hori ere agerian geratu zen Bera Bera B-ren kontrako lehian Altamiran (31-10).  Donostiarren aurka lortutako garaipenak onenen artean aritzeko atea zabalik utzi zion Kanpanzar Arrasate/Ordiziari, aurkari zuzen Txingudiren kontrako lehia oraindik jokatzeke baitzegoen.


Zorionez, Kanpanzar Arrasate/Ordiziaren ibilbideak sailkapen fase honetan amaiera ona izan du eta, esan bezala, datozen hilabeteetan onenen artean lehiatuko du.  Barrutiaren mutilek laugarren postuan amaitu dute ligaska eta, dena ondo bidean, honako aurkariei egingo diete aurre bigarren fasean:  Durango, Sarako Izarra eta Gernika.  Erronka ez da makala izango, baina ziur asko Barrutiaren mutilek daukaten onena emango dutela lanik ahalik eta txukunena egiteko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen