Mugikortasun Jasangarriko Plana onartu da: 3 igogailu berri, bide mistoak, 5 norabide bakar, oinezkotzeak,…

4
4659

Gainera, Osoko Bilkuraren gehiengoak larrialdi klimatikoan onartutako planak markatzen ditu Bedoñabe ikastetxe ondoan abiadura 20 km/ordura murriztea, bizikletentzako eta patineteentzako aparkaleku estaliak egitea, autoendako plazak kentzea, Udala auzorako bide bat egitea, herri-busan hobekuntzak, alde zaharrerako sarbidean kamerak jartzea eta abar.

Udalak azpimarratu gura izan du “plan hau etorkizuneko esku hartzeak arautzen dituen tresna bat da. Bertan jasotzen diren neurriak ez dira egun batetik bestera martxan jarriko. Interbentzio bakoitzak lanketa propioa beharko du, herritarrekin, teknikariekin eta dagozkion proiektuak garatuz”.

Irudiak: Intra-Udala.

Larrialdi-klimatikoaren eta energetikoaren baitan landu da plan mardula, hau da, “mugikortasun eredua birplanteatzera behartzen” duen kinkan.

Mugikortasun Jasangarrirako Plana Udalbatzarraren gehiengoaren babesa jaso du aste honetan, eta planteamendu askoren artean, ondorengoak egiten ditu:

ISURI GUTXIKO BALIZKO EREMUA:

Ibilgailuen zarata eta CO2 isurketak gutxitzeko, hiri batzuetan, Bilbon esaterako, isuri gutxiko eremuak jarri dituzte.

Arrasaten gaur egun bakarrik Alde Zaharreko zati batek dauka sarbide kontrola, trafikoa murriztuta [goiko mapan, urdin argi kolorez].

Planak planteatzen du “zirkulazio murrizketa horiek eremu handiago batera zabal daitezkeela [goiko mapan, arrosa kolorez], eta sarbidea ibilgailuaren ingurumen kategoriaren arabera ere arautu daiteke”.

Planak ere garrantzitsutzat jotzen du airearen kalitatea hobetzeko plan bat garatzea. Baita Udalak gutxien kutsatzen duten ibilgailuak sustatzen jarraitzea ere, Udalaren beraren ibilgailuen artean esaterako.

Airearen kalitatearekin jarraituz, planak beste neurri bat jartzen du mahai gainean: kutsadura akustikoaren arloko ekintza plan bat garatzea.

ARRASATE PASEALEKUA (ARIMAZUBIN) NORABIDE BAKARREKOA TRAFIKOARENTZAT:

Arrasateko oinezkoen mugikortasun aktiboa bilatzen du planak ere, eta ildo honetan, hainbat espaloi zabalagoak egitea defendatzen du.

Baita zebra-bideak hobeto argiztatzea eta Euskal Herria plazan nahiz Etxe Txikien hasieran plataforma bakar jartzea ere.

Era berean, Arrasate pasealekuko Arimazubiko zatian ondoko aldaketak aurreikusten ditu:

  • Munarko biribilaren eta 17 Emakume kaleko biribilaren artean (Bolintxoko biribilaren artean) norantza bakarreko bide bihurtzea, aipatutako norabidean.
  • Ikastetxearen presentzia, ikastetxearen ondoriozko eskola-autobusen zirkulazioa eta tartean dauden hiri-autobusen geraleku eta ibilbideak direla eta, autobusen eta zerbitzuetako ibilgailuen zirkulazioaren noranzko bikoitzari eustea proposatzen da.
  • Segurtasun arrazoiengatik, egungo bidegorriaren bidegurutzea oinezkoentzako bidegurutzeraino eramatea [beheko bi irudietan: egungo egoera eta planteaturikoa].
  • Angelua zuzentzea eta Loramendi kalean oinezkoak gurutzatzea, autoen eta txirrindularien/oinezkoen arteko gatazkak saihesteko.

HIRU IGOGAILU PUBLIKO BERRI:

Bata Gorostiza auzoan, bestea San Andresko Maiatzaren Lehena plazan (Arrasate pasealekuarekin lotzeko) eta hirugarrena Altamirako erdialdea goialdearekin elkartzeko.

Planak zehazten du igogailuen kabinek “bizikletak sartzea ahalbidetuko duen espazio nahikoa bermatu
beharko da”.

Aurrerago begira, igogailua beharko luketen auzoak ere aipatzen ditu: “Aldaigain, Obenerrekarekin eta Santa Marinarekin lotzen duen igogailua edo San Josepen”.

HERRIGUNEAREN ETA UDALA AUZOAREN ARTEKO OINEZKOEN BIDE BERRIA:

Hiru aukera daude:

  1. aukera, oinezkoentzako ibilbideak eta GI-3552 errepideak ibilbide osoa partekatzea [goiko mapan, marra laranja].
  2. aukera, Garaia Parke Teknologikoaren goiko aldean hasten da, Ederteken instalazioen ondoan, eta haiek inguratu ondoren, partzelaren mendebaldean dagoen bide zolatua hartzen du [goiko mapan, marra morea].
  3. aukera, egungo bidezidor edo bideetatik igarotzen da soilik [goiko mapan, marra berdea]. Bide horiek, gaur egun, aglomeratu edo hormigoi bidez zolatuta daude, edo zoladurarik gabeko tarte naturalak dira. 3. aurkera hau Garagartzan hasten da eta Udala Behekoan bukatuzen da.

BIDEGORRI ZATI GEHIAGO EGITEA:

Planak jasotzen dituen zati garrantzitsuenak ondokoak dira [goiko mapan, marra urdinez]:

  • Garagartzako Dikar enpresa paretik, Garagartza eta Gesalibar auzoak zeharkatuz, Aramaioko mugara
  • Uribarriko Hirekin zentro berriaren albo batetik, Uribe auzoaren aurrealdetik igaroz, Iturripera
  • Munarko biribiletik Otaloran aurrera egin eta Maalako biribilera
  • Gipuzkoa etorbideko zati batzuetan
  • Fagor Arrasate ondoko goiko biribiletik (Intxaustitik) Araba etorbideko Uribesalgo etxeetara
  • Ospitalearen atzealdetik, Deba errekari paraleloki jarraituz, Musakolako San Isidrora
  • San Isidrotik, eta Hiper Eroski aurretik igaroz, Zabaletara (Kataide ingurura)

Planak azpimarratzen du “Arrasate barruan aurreikusitako zatiak osatuz gero, Eskoriatza, Arrasate eta Oñati artean 20
kilometro baino gehiagoko bidegorri ardatz jarraitu bat osatuko litzatekeela”.

BIZIKLETAK ETA PATINETEAK APARKATZEKO GUNE ESTALIAK:

Planak bultzatzen du bizikletek eta patineteek aparkatzeko plaza gehiago egitera datozen urteetan [Goiko taulan, egungo egoera eta aurreikuspena].

Aparkaleku hauek “seguruak eta zainduak ezartzea proposatzen da. Banakako etxolak aukera ona dira bizikleta bakoitza lapurretetatik eta eguraldi txarretik babesteko”.

Zehazki, Zalduspe autobus geltokiaren inguruan instalatzea proposatzen da, “espazio osoari intermodalitate handiagoa emateko. Ekimena finkatuta dagoenean eta sistemaren funtzionamendu ona erregistratzen denean, zerbitzua handitzea proposatzen da”.

Horrela bada, Arrasate erdialdean “beste puntu bat ezarriko da, Garibai eta Biteri kaleen arteko kokapenen batean”. Ildo honetan, lurrazpiko parkinetan “autoko plaza bakoitzeko, gutxi gorabehera, bizikletentzako 20 leku jar daitezke”.

“Iturripeko kiroldegiaren ingurua birmoldatzen denean, inguruan beste aparkaleku estali bat jartzea proposatzen da, Mondragon Unibertsitateko ikasleei ere zerbitzua eta estaldura emateko”.

TRAFIKOA BEHIN-BEHINEAN ETETEKO PROBAK:

Balizko “proba pilotu” horien helburua litzateke “ingurune jendetsuetan ibilgailuen presentzia murriztea eta oinezkoei aisialdirako espazio handiagoa eskaintzea da”.

Jaietan horrelako etenaldiak egin izan dira Monterron inguruan esaterako. Planak asteburuetan ere egitea proposatzen du, kale hauetan:

  • Arrasate pasealekua: bertan, zirkulazioaren noranzko bat kentzea proposatzen da; beraz, neurria ezarri aurretik, horrelako probak egin daitezke.
  • Nafarroa etorbidea: noranzko bakarrekoa bihurtzea proposatzen denez, udalerriko zirkulazio-eskema orokorrak nola funtzionatuko lukeen egiaztatzeko balio dezake.
  • Bañez Doktorea kalea: non 17 Emakume kaletik sarbidea egoiliarrentzat bakarrik arautzea proposatzen den; beraz, neurria ezarri aurretik mota horretako probak egin daitezke.
  • Zarugalde kalea, Otalora Lizentziatua eta Bizkaia etorbidea artean: Bertan, kale-zati hori bizikletentzako, garajeentzako eta zerbitzuetako ibilgailuentzako sarbide mugatu bihurtzea proposatzen da. Beraz, neurria ezarri aurretik horrelako probak egin daitezke.
  • Musakolaren barruko espazioak: hala nola Antso Abarka.
  • Etab.

Kontuan hartzekoa da Arrasaten desplazamendu ohikoena “ibiltzea” dela: “Barne-desplazamenduetatik, %73 modu ez motordunetan dira, eta hauetatik gehienak oinez egiten dira”.

Espazio publiko gehiago “baketzeko” ere, planak finkatzen ditu ikasletxe inguruetan, ekipamenduetan eta beste gune sentikorretan aplikatzeko neurriak.

ALDE ZAHARREKO TRAFIKOA KONTROLATZEKO BIDEO KAMERAK:

Alde Zaharra inguru sentikorra da, eta orain arteko eskarmentuan oinarrituta, ondokoak planteatzen dira:

  • Zamalanak egiteko ordutegia mantentzea.
  • Bizikletak eta MPIak pasatzeko ordutegia arautzea
  • Sarbide automatizatuagoko sistema berri bat ezartzea, erregulazio handiagoa ahalbidetuko duena. “Bideokameretan eta matrikulen ezagutzan oinarritutako kontrol-sistema bat” jartzea aurreikusten da. Baita “pilona automatikoen sistema bat, soilik ordu-tarte batean ireki daitekeena eta baimendutako ibilgailuentzat soilik”.
  • Eremu horietara sartzeko baimena duten ibilgailuen kopurua murriztea, ordenantza berri baten bidez.

ZARUGALDEN (MONTERRON ETA MUXIBAR ARTEAN) OINEZKOEK LEHENTASUNA:

Tarte hau “oinezkoentzako lehentasuneko bihurtu behar da, bizikletentzako, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuentzako eta baimendutako ibilgailu motordunentzako (garajeetarako eta larrialdietako ibilgailuetarako sarbidea) sarbide baimenarekin”. Bertako ekimen batek oraintsu Udalari eskatu dio neurriok “lehenbailehen” hartzea.

Oro har, Arrasaten “irisgarritasun unibertsala helburu”, neurri berriak hartuko ditu Udalak, adibidez ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzako eta gurpildun aulkien erabiltzaileentzako “autobus geltokien irisgarritasuna eta egokitzapena hobetzea”.

Hartara, “desgaitasuna duten pertsonekin azterketa-ibilbideak egitea, desgaitasuna duten pertsonek izan ditzaketen oztopo arkitektonikoak antzemateko”.

Bestalde, genero ikuspegiari jarraiki, eta segurtasuna bermatzeko, “funtsezko neurrietako bat Tarteko Geralekuen zerbitzua ezartzea izango litzateke, bakarrik bidaiatzen duten emakumeen segurtasuna indartzeko, autobusetik
jaisten direnean egin beharreko distantziak murriztuz”.

Berdintasun lortzeko bidean, ondoko ekintzak planteatzen dira:

  • Hiri inguruneak emakumeen eta gizonen bizi kalitatean duen eragina aztertu eta ondorioak planak idazten dituzten pertsona guztiei helarazi.
  • Lurraldearen plangintzarako irizpideak zehaztu generoaren ikuspegitik, emakumeek parte hartzeko metodologietatik abiatuz eguneroko bizitza antolatzeko beharrak kontuan hartuta.
  • Hirigintzako plangintza eta mugikortasuna ebaluatzeko tresnak garatu, genero irizpideen arabera, genero bulegoak sortuz.
  • Herritarrek eta gizarte eragileek hiri plangintzako eta diseinuko prozesuetan parekotasunean parte hartzeko mekanismo berriak sortu, eta emakumeek esku hartu behar dutela kontuan hartu, batez ere eguneroko bizitzaren kudeaketan.
  • Bizi kalitatearen gutxieneko hirigintza estandarrak kontuan hartu, genero ikuspegira egokitzeko:
    o Orekan dauden eta hiri segurtasuna bermatzen duten jarduera ekonomikoak eta zerbitzuak biltzen dituzten ingurumen eremuak edo etxebizitza komunitateak sortu.
    o Eraikuntza dentsitate desberdinak, etxebizitza tipologia desberdinak eta biztanleri kategoria desberdinak integratu.
    o Funtzioak nahastu edo merkataritza erabilerak eta ekipamendu komunitarioak bizitegi sektoreetara eta hiri lurzoru finkatuko eremuetara hurbildu.
    o Hiriguneetako zerbitzu eta ekipamenduak inguruko auzoetara deszentralizatu; izan ere, hiri polinuklearrak orekatuagoak dira, auzo bakoitzak zentroaren baldintzak ditu, eta hirigunearen eta aldirien arteko banaketa hausten da.
    o Hirigunea olio orbanetan eratzea saihestu, hau da, oinez doazen pertsonen eta haien segurtasunaren aldeko hiri espazio publikoaren diseinua kontrolatzeko mekanismoak ezarri.
    o Auzoetan jolas eta kirol zentroak sor daitezen sustatu, gizarte, belaunaldi eta sexu aniztasuna sustatzeko.
    o Hiri perimetroetan garraio pribatuaren mendeko merkataritza gune handien sorrera mugatu eta, ahal bada, ez planifikatu.
    o Mugikortasun jasangarria lortu: oztoporik gabeko bideak sortu, segurtasuna bermatzeko diseinatuak, edo segurtasuna bermatzen duten irizpideak betetzea eta ezintasunen bat duten pertsonek erabiltzen dituzten kotxetxoak, erosketa orgak, gurpil aulkiak, makuluak eta beste elementu batzuk pasatzen lagundu.
    o Garraio publikoaren geralekuetarako espazioak utzi ekipamendu komunitarioen kokalekuetara iristeko.
    o Mugikortasun alternatiba jasangarrienak (adibidez, mikrobus elektrikoak, bizikletak) ezartzeko azpiegiturak aurreikusi.
    o Lurzoru urbanizagarriaren mugatan disuasio aparkalekuak sortzea aurreikusi, garraio publikoaren sarearekin lotuta.
  • Udal planen legedian, hiri altzariak, artelanak, iturriak, argiak, postontziak eta bestelakoak diseinatu eta jartzeko arauak barneratu, genero irizpideen arabera.
  • Sexuaren aldagaia informazio estatistiko osoan eta hazkundearen, populazioaren eta abarren adierazleetan sartu.
  • Lehentasunen zehaztapenak ezartzeko orduan, genero irizpideek landutako lehentasunak kontuan hartu.
  • Genero ezberdinen beharrak kontuan hartu.
  • Segurtasun sentsazioa eragiten duten faktoreak bermatu.

BAÑEZ DOKTOREA KALEAN ABIADURA 20 KM/Hra MURRIZTUKO DA:

Kontuan hartzekoa da San Andresko kale honetan Bedoñabe ikastetxea dagoela. Beste segurtasun neurri bat hartzea ere aurreikusten du planak:

“Bañez Doktorearen kaleko sarbidea 17 Emakume kaletik (lehengo Alfonso VIII kaletik) arautzea”. Sarrera hau “egoiliarren ibilgailuentzat eta baimendutako ibilgailuentzat bakarrik utziko da, eta horrek San Andres auzoa zeharkatzen duen igarotze-trafikoa murrizten lagunduko du”.

Jarduketa hori osatzeko, “seinale egokiak jarri behar dira, inguruan ikasleak daudela ohartarazteko”. Arrasateko beste ikastetxeen inguruan ere segurtasuna handitzea finkatu da.

Gainera, San Andresko kale honetan bide mistoa jartzea aurreikusten da [goiko irudian], hots, bizikletek eta autoek bidea partekatu beharko dute, eta hartara seinalizazioa jarriko da.

GIPUZKOA ETORBIDEAK 2 NORANZKOKOA IZATEN JARRAITUKO DU:

Udal-gobernuak hasiera batean hausnartu zuen Arrasateko Erdialdea eta Musakola elkartzen dituen etorbide hau norabide bakarrekoa egitea.

Hala aurreikusten zuen behintzat Maalako biribiletik hasita Musakolako MRW lokalaren ingurura arte. Asmo horren arabera, motordun trafikoarentzako errei bat mantenduko litzateke eta bidegorri bat egingo litzateke (egun errei bat dagoen tokian).

Alabaina, PSE taldeak eskatuta, Udal-gobernuak onartu du trafikoaren bi noranzkoei eustea, baina bide partekatua eginda, hau da:

Seinalizazioa jarriko da bidean zehar, eta bizikletek zein motordun ibilgailuek errepidea erabili ahalko dute. Metodo berdina erabiliko da Arrasateko beste zenbait kaletan, “bidegorri bereizi bat egin ezin diren kaleetan. Horietan bide partekatu eta seinalizatua egingo da, bizikleten erabiltzaileen segurtasunagatik”.

Udalak aurreikusten du aldaketa hauek aurtengo “udan-udazkenean egitea. Kontuan hartzekoa da bidegorri bereiziak egitea oso garestia dela eta leku batzuetan ez dagoela egiteko zabalera nahikorik”.

ETXE TXIKIETAN FALTA DEN BIDEGORRI ZATIA EGINGO DA:

Gaur egun kale honetan Villa Amparoren eta Ertzaintzaren komisaldegiaren artean egiteke dagoen zatia gauzatuko da. Horrela lotu egingo dira Gipuzkoa etorbideko zatia eta Nafarroa etorbidea.

ELMA AUZOKO ‘SAIHESBIDEA’ KENDUKO DA:

Elmako etxeetako Deba etorbidea hasieran trafikoarentzat bi norabidekoa izan zen. Alabaina, duela urte batzuk, okindegi-kafetegi pareko errepide zatia, norabide bakarrekoa jarri zen.

Horrek eragin zuen Euskal Herria plaza trafikoarentzako ‘saihesbide’ bihurtzea. Udalak azaldu berri du “auzotarrek egindako eskaeran, Deba kaleko errepidea bere abiapuntuko bi norazkoetara itzuliko litzatekeela”.

NAFARROA ETORBIDEA ETA KONTZEZINO TRAFIKOARENTZAKO NORABIDE BAKARREKOAK IZANGO DIRA:

Udalak duela gutxi iragarri izan du “Kontzezino kalea eta Nafarroa etorbidea Aprendices kalearekin elkartzen den bidegurutzeraino ibilgailu motordunentzako noranzko bakarreko zirkulaziorako soilik bihurtuko da”.

Era berean, planak aurreikusten du “Kontzezino kalea, Nafarroa etorbideko biribilgunetik Araba etorbideko biribilgunerainoko zatia zirkulaziorako norantza bakarreko kalea bihurtzea (ekialdetik mendebaldera)”.

Baita ere “Laubide plazatik Zerkaosteta kalearekiko bidegurutzeraino hegoaldetik iparralderako norantza bakarreko kalea bihurtzea”.

Nafarroa etorbideko zati honetan, gaur egun trafikoarentzako den erreietako bat bidegorriarentzat izango da [goiko 3 irudietan ikusgai]. Gainera, Kontzezinoko egungo biribilgunea kentzekoa da.

Ordea, Nafarroa etorbideko beste zatian, hots, Mankomunitate ondoko biribilgunetik Ospitale pareraino, trafikoak bere bi norabideei eutsiko die. Alabaina, egungo espaloiaren zati batean, errepidearengandik hurbilen dagoen zatian, bidegorria egingo da [goiko irudiak erakusten duen bezala].

ZERRAJERA KALEAN ERE TRAFIKOARENTZAKO NORABIDE BAT:

Zerrajera kalean (Etxaluzetik Aprendices kalera arteko zatian) ere “noranzko bakarra garatuko da – Udalak azaldu berri duenez – baina bidegorria txertatuko da”.

Bizilagun askoren ekimen batek eskatu ditu Udalak “norabide bakarreko asmoa geratzeko, eta parte-hartzea egoteko”. Ekimen honen zenbait ordezkarik aste honetan udalbatzarrean parte hartu dute, eta Udal-gobernua eurei beste behin entzuteko prest azaldu da.

OTALORAN (MAALAKO BIRIBILETIK TAUPAKO BIRIBILERA) BI NORANZKO:

Hasiera batean onartu zen Mugikortasun Jasangarrirako Planaren lehen proposamenean, Otalora kalea noranzko bakarrekoa izatea planteatzen zen.

Hala ere, “proposamenaren konplexutasuna ikusita” adierazi du oraintsu Udalak “eta planaren epe-mugaren barruan txertatzeko zailtasunak kontuan hartuta, planaren idazketa-taldeak erabaki du Otalora Lizentziatua kalean bi noranzkoko zirkulazioa mantentzea”.

Dena den, “etorkizunean neurriaren egokitasuna baloratzeko, datu bilketa egingo da datozen urteetan, trafikoaren monitorizazio eta simulazio azterketa bat eginez”.

Hala, “5 urte barru, plan berria berridatzi beharko denean, datu zehatzak izango ditu Udalak neurria hobeto aztertzeko”.

OTALORAN (TAUPAKO BIRIBILETIK ARBOLAPETARA) BIDEGORRI BEREIZIA EGINGO DA:

Otalorako zati honetan, hots, San Frantziskoko biribilaren eta Arbolapetaren artean, bizikletek eurendako bidea izango dute. Beraz, hemen ez dute motordun trafikoarekin bidea partekatu beharrik izango.

Gainera, oinezkoendako espazioa ere zabalagoa egingo da Otalorako bi ertzetan, eta hori guztia egingo da “zirkulazio-erreia eta bide-zatiko aparkalekuak kenduta”.

OTALORAN (ARBOLAPETATIK MUXIBARKO BIRIBILERA) BI NORABIDE ETA BIDEGORRIA

Goiena pareko zatian, trafikoarentzako bi norabideak mantenduko dira, eta bidegorri zati bat egingo da. Baita espaloietako bat zabalagoa ere.

Hartara, aurreikusten da kalearen erdialdeko eta albo bateko aparkalekuak kentzea. Inguru honetan ibilgailuentzako 36 plaza egotea proposatu da.

ZARUGALDEN (MUXIBAR ETA MUNARKO BIDEGURUTZEAREN ARTEAN) BIDE PARTEKATUA:

Hau da, Zarugaldek zati honetan zabalera nahikorik ez du bidegorri bat errepidearengandik bereizita egiteko. Ondorioz, bizikletek eta autoek errepidea partekatuko dute.

Ordea, errekaren bestaldean, Santa Barbara parkearen azpialdean, bidegorria egiteko tokia egon badago, eta oinezkoendako partekatzeko bidea egitea planteatu da.

Bidegorri zati honek lotuko lituzke Muxibarko biribila eta, ur-parkearen ondotik igarota, Arimazubiko (Arrasate pasealekuko) egungo bidegorri zatia.

MUNARKO BIDEGURUTZETIK MUNARKO BIRIBILERA, BIDEGORRI BAT:

Zati hau Munar eta Usaetxe artean igaro da, eta zabalera nahikoa dauka bertan bidegorri bat egiteko. Bide hau Usaetxeko espaloiarekiko paraleloan egingo litzateke. Hartara, motordun ibilgailuentzako egungo “8 aparkaleku kenduko” lirateke.

URIBE AUZOAN EGUNGO BI BIDEGORRI ZATI LOTUKO DIRA:

Uribarri etorbideko zati honetan, bidegorri zati bana daude: bata Iturripe parean bukatzen dena, eta bestea Hirekin zentro berriaren ondoan amaitzen dena.

Mugikortasun Planak aurreikusten du bi zatiak lotzea, Uribe auzoa parean beste bat eginez. Horretarako, motordun ibilgailuentzako “16 edo 19 aparkaleku kentzea” aurreikusten da.

Autobus geralekuari dagokionez, “udal bide-sareko aurreko zatietako irtenbide bera erabiliko da, autobusetik igotzeko edo jaisteko zain dauden bidaiariei lehentasuna emanez eta txirrindulariei geralekuaren presentziari buruzko berariazko seinaleen bidez jakinaraziz”.

GOI ESKOLA POLITEKNIKO ONDOAN, BIDE MISTOA:

Hau da, Loramendi kalean bizikletek eta autoek errepidea partekatu behar izatea aurreikusten da Planean.

Halaber, ohartarazten du “seinaleztapen argi eta zehatz bat ezartzea, horizontala zein bertikala, bizikleta bolumen handiko espazioa izatea aurreikusten baita, batez ere lanegunetan, unibertsitaterako ibilbidea delako eta etorkizunean Iturripe kiroldegiko sarbideak handitu eta aldatuko direlako”.

ARABA ETORBIDEAN ETA SAN ANDRES KALEAN, BIDEGORRIEN JARRAIPENAK:

Araba hiribidean gaur egun bidegorri zati bat bukatzen da, Uribesalgo etxeen parean. Bidegorri horrek aurrera egin dezan, Fagor Elektronika ondoko biribileraino (Intxaustiraino), Udalak oraintsu jakitera eman du “proiektua idazteko lana esleitu” berri duela.

Gauza bera egingo da San Andres kalean (San Josepe azpitik igarotzen dena). Aurreikusitako bidegorriak elkartuko ditu Araba etorbide inguruko pasarela eta Fagor Arrasate ondoko biribila.

Bestalde, aurreikusten da Azeri kalea (Jet-Set diskoteka dagoen kalea) “mendebaldetik ekialdera zirkulatzeko norantza bakarreko bide bihurtzea, 17 Emakume kalearen eta Araba etorbidearen artean”.

ALTAMIRAZPI ETA GERNIKA ZUMARDIA ELKARTZEKO BIDE BERRIA:

Mugikortasun Jasangarrirako Planak aurreikusten du pasealekuaren eta Altamirako behealdearen artean ibilbide bat egitea, sigi-saga. Bestalde, auzoaren goialdean, martxan daude Jose Luis Iñarra kalea berrurbanizatzeko obrak.

AUTO ELEKTRIKOAK SUSTATZEKO:

Planak ondorengo neurriak jartzen ditu mahai gainean:

  • Biteri kaleko aparkalekuetan ibilgailu elektrikoentzako bi aparkaleku jartzea proposatzen da, gaur egun zamalanetarako erabiltzen diren aparkaleku guztien artean, eta beste bi aparkaleku jartzea Txaeta kalean, eskualdeko ospitalea handitzen ari den gunetik gertu. Aparkaleku horiek ibilgailuetako bateriak kargatzeko behar den azpiegitura izan beharko lukete, ibilgailuak aparkatuta dauden bitartean.
  • Santa Teresa inguruko urbanizazio proiektuaren baitan karga puntuak kokatzea.
  • Bizitegi aparkalekuetan karga puntuak instalatzeko laguntzak.
  • Lurpeko aparkalekuetan karga puntu gehiago jartzearen beharra aztertzea.
  • Ibilgailu elektrikoetarako aldaketa sustatzea, hobarien bitartez.

MOTORDUN IBILGAILUENTZAKO PLAZA GUTXIAGO:

Mugikortasun Jasangarrirako Planak, larrialdi-klimatikoan zein energetikoan gaudelarik, eta goiko eraldaketa guztiak egin ahal izateko, planteatzen du denera Arrasaten 242 aparkaleku kentzea.

  • Altamira auzoa:
    o Bertakoen tipologiako 25 plaza galtzen dira, Jose Luis Iñarran aurreikusitako berrurbanizazioaren ondorioz.
    o TAO Arrunta tipologiako 2 plaza galtzen dira, Jose Luis Iñarran aurreikusitako berrurbanizazioaren ondorioz.
  • Musakola auzoa:
    o Bidegorria ezartzeko, galtzadan 17 aparkaleku libre galtzen dira Gipuzkoa etorbideko zatian, Bidekurtzeta kalearen eta Zigarrola kalearen artean.
    o Bidegorria ezartzeko, MMPentzako aparkaleku bat galduko da Gipuzkoa etorbideko zatian, Bidekurtzeta kalearen eta Zigarrola kalearen artean.
    o Zigarrola kalearen eta Elkano kalearen arteko Gipuzkoa etorbideko zatian bidegorria jartzeko galtzadan 10 aparkaleku libre galtzen dira.
  • Uribarri auzoa:
    o TAO Arruntako 18 plaza galtzen dira Uribarri etorbidean bidegorria jartzeko.
    o MMPentzako plaza 1 galtzen da Uribarri etorbidean bidegorria jartzeko.
    o TAO Arruntako 8 plaza galtzen dira Zarugalde kalean, Kalealdea kalearen eta Arrasate pasealekuko biribilgunearen artean, bidegorria inplementatzeko.
  • San Juan auzoa:
    o Bertakoen 30 plaza galtzen dira, Euskal Herria plaza oinezkoen lehentasunezko eremu bihurtzeagatik.
    o Zamalanetarako 2 plaza galtzen dira, Euskal Herria plaza oinezkoen lehentasunezko eremu bihurtzeagatik.
    o TAO Arruntako 10 plaza galtzen dira Nafarroa etorbidean, Aprendices eta Zalduspe artean, bidegorria jartzeko.
    o Zamalanentzako 2 plaza elektrikoak izatera pasatzen dira (Biteri etorbidea) eta TAO Arruntako 2 plaza elektrikoak izatera pasatzen dira (Txaeta kalea).
  • Zarugalde auzoa:
    o Otalora Lizentziatuan, Bizkaia etorbideko biribilgunea eta Zurgin kantoiaren artean, ingurua birmoldatzeagatik eta bidegorria ezartzeagatik, guztira 56 aparkaleku galduko lirateke Ignazio Zuloaga kalearen eta Otalora Lizentziatuan. Kontuan izanik plaza horietako batzuk Bertakoak direla eta beste batzuk TAO Arruntakoak, Bertakoak plazen galera 10 plazara mugatzea proposatzen da, eta TAO Arruntakoak 40 plazara mugatzea.
    o Otalora Lizentziatuko hurrengo tartean, Zurgin kantoitik kaletik Bizkaia etorbideko biribilguneraino eta Zarugalde kaleko zati berean, Zarugalde kalea oinezkoentzat egokitu eta Otalora Lizentziatua berrantolatzeko proposamenaren ondorioz, 66 aparkaleku galduko lirateke guztira. Berrantolaketan, Zarugalde kalean galtzen diren Bertakoak plazak Otalora Lizentziatura pasatzea proposatzen da, eta horrek TAO Arrunteko 20 plaza eta TAO Luzeko 46 plaza kentzea ekarriko luke

PARKING DISUASORIOAK HERRIGUNEAREN KANPOALDEAN:

Sei kokaleku proposatzen ditu planak: Garaia Parke Teknologikoaren ondoan, Fagor Arrasate inguruan, Cordoba y Oro plaza aldean, Arruena parkean, eta Bizkaia etorbidean.

LURRAZPIKO PARKINGAK:

Biteri plazako eta Jose Maria Arizmendiarrieta plazako lurrazpiko parkingak sustatzeko, planak neurri hauek proposatzen ditu:

  • Lurpeko parkinetara sartzeko seinaleak hobetzea, sarbide nagusiek lehentasuna izan dezaten ibilgailuak aparkaleku horietara bideratzea.
  • Seinale horietan, parkinak une bakoitzean dituen plaza libreei buruzko informazio dinamikoa sartzea. Informazio hori GeoArrasate atariaren barruan dago gaur egun, baina ez dago eskuragarri eta ikusteko moduan. Informazio hori lurpeko aparkalekuaren gaineko seinale bertikaletan sartzeko sistema bat ezartzea proposatzen da.
  • Lurpeko aparkalekuen eskaintza dibertsifikatzea (egonaldi denborak, kargatze elektrikoko puntuak, etab. ).
  • Merkatariekin hitzarmenak, ekimenari atxikitako establezimenduetan erosteagatik parkinaren tarifetan hobariak jasotzeko.
  • Lurpeko parkinen erabilera sustatzea publizitatearen, tarifen hobekuntzaren edo abonu mota berrien bidez. Gaur egun, horrelako sustapenen bat egiten da, baina egia da horri buruzko informazioa parkinera sartzen zarenean bakarrik ikus daitekeela.

AUTOBUS ZERBITZUEN HOBEKUNTZAREN BEHARRA:

Garraio publikoari dagokionez, Mugikortasun Jasangarrirako Planak beharrezko ikusten ditu, herri-busaren:

  • Zerbitzua hobetzea, estaldura eta lehiakortasun handiagoa emateko.
  • Eskariaren araberako garraio publikoaren sistema ezartzeko aukera aztertzea
  • Energia alternatiboekin funtzionatzen duten herriko garraio publikoko ibilgailuen erabilera sustatzea

Mugikortasuna hiriarteko garraio kolektiboan eta intermodalitatean:

  • Hiriarteko garraio publikoaren erabiltzaileentzako zerbitzuaren estaldura eta kalitatea handitzea
  • Autobus geltokien irisgarritasuna eta kalitatea hobetzea

‘Urbano’aren zerbitzua hobetze aldera, bi proposamen egin ditu [beheko bi mapetan ikusgai]. Planteamendu batean iradokitzen du puntako orduetan eta beste ordu ‘lasaiagoetan’ zerbitzua ezberdina izatea. Bi proposamenetan parada gehiago jartzea beharrezko ikusten du.

Lehen alternatibaren helburuak dira:

  • Egungo lineek ematen duten herri osora itzulera saihestea, azkarragoak izateko helburuarekin.
  • Ibilbide osoa egin 30 minutuko tartean.
  • 2. lineako erabiltzaileei aukera ematea Lidl/BM eta Eroskiko merkataritza guneetara iristeko, linea aldaketarik egin gabe.

Bigarren alternatibaren helburuak dira:

  • Egungo lineek ematen duten herri osora itzulera saihestea, azkarragoak izateko helburuarekin.
  • Ibilbide osoa egin 30 minutuko tartean.
  • Udalerriko erakarpen zentro gehienen estaldura bermatzea, industrialdeak barne, puntako orduetan.
  • Lineak elkartzen diren hub edo konexio-puntuak ezartzea eta bus-aldaketak egitea, erakarpen zentroen estaldura hori bermatzeko, bidaiarien jatorria edozein dela ere.

MUGIKORTASUN-KONTSEILU EDO -MAHAIA SORTZEA

Planak beharrezko ikusten ditu bai “Mugikortasunaren inguruan herritarrek parte hartzeko gunea sendotzea, HMJParen jarraipena egiteko”, bai “Arrasateko mugikortasun-kontseilua edo mugikortasun-mahaia eratzea”.

4 IRUZKIN

  1. Jarraitzen dugu konponbide esanguratsu bat izan gabe erdigunea eta Musakola auzoa lotzeko. Erabilera handiko zerbitzu publikoak dituen auzoa izanik (Musakolako kiroldegia, Mojategi, Arrasate Institutua, Herri Eskola, Eguneko zentroa, etab.) lehentasunezkoa izan beharko litzateke kalitatezko bidegorri seguru eta atsegin bat edukitzea, gaur egun pairatzen dugun autoen nagusitasuna alde batera utziz eta aukera emanez herritar guztiei modu autonomo eta jasangarrian mugitzeko.

  2. Hobe zenukete kaleak hobetzea 20 urte baino gehiagotik ez zaielako ezer egin, ez zakarrontzirik ez goragunerik, areago gure kalean ez daukagu kalearen izenaren plaka ere

  3. Beste proposamen bat: erdialdean jaiak daudenean (adibidez Maritxu edo Santamasak) ez moztu garajeetara sarbideak : Zerkaosteta, Kontzeziño eta Arrasate Pasealekua. Horietan 300 garajetik gora egongo dira, eta denok kanpoan aparkatu behar izanez gero (adibidez emerjentzia bati erantzun ahal izateko) erdigunea aparkalekurik gabe geratuko litzateke. Garaje pribatuetako jabeek euren ekarpena ere egiten diote herriko azpiegiturari, ba ez zigortu jaietan sarbideak galerazita.

  4. Etxe txikiak kalea moztuz Gelma-1990 auzoa rotonda bat bihurtu ezin dutenez, Gipuzkoa Etorbidean bidegorria kotxeekin batera joango da, margotuta???. Nor bizi da ba Etxae Txikiak kalean? Ezin ulertu nabil.
    Nafarroa Etorbidean berriz erreka ondoko paseo bat eta Garibaiko bidegorria izanda ere, beste bidegorri segregatu bat egingo diete, matederoko rotondan bukatuko dena. Flipaitten. Dena alderantziz.
    San Andresetik mataderoko rotondara orduan 4 bidegorri ezberdin izango dira aukeratzeko, baina Malatik eta Mataderotik Ziorlara oinezkoekin eta kotxeekin elkarbanatu beharko dute bizikletek? Really?. Justo paseo eta kirol gehien egiteko erabiltzen den traiektoa. Seguru hau egin duenak bidegorrietan bizikletarik ibiltzen ez dela dion horietako bat dela, ez direla behar dioten horiek eta kiroldegira kotxean joaten dena. Zentroa hori bai, eder-polita gera dadila trafiko gabe, denda gehiago irekitzeko, zero emisioko gune horretan. Eta umeak Ziorlara kotxeekin bidea elkarbanatuz, viva zuek! A zelako akordioa PSOErekin. Estrategik! mugikortasun plan bat deitzen da eta arrasateko umeek gehien erabiliko duen bidegorria kotxeekin elkarbanatuta proposatzen du… Ke ojo! A ze klase politikoa!
    Kotxe gutxiago erabiltzeko plan bat baino, gehien kejatu direnei arazoak konpontzeko plan bat ematen du, edo zentrotik irtetzen ez den baten plana?

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen