Mertxe Madinabeitia, Miren Gastañares eta Maria Pilar Etxebestek 30 urte inguru egin zituzten AMko irakasle gisa. Ostegun honetan (uztailak 14) Arrasate Bluesek omenaldia egingo die Herriko plazan, Ibai-Artek antolatuta.
Argazkia: Arrasate Musikalen artxibokoa eta Noticias de Gipuzkoa.
‘Maripi’, Miren eta Mertxek piano eta solfeo ikasketak egin zituzten, eta ondoren Arrasateko lehenbiziko klaustroaren partaide izan ziren.
Arrasate Musikaleko lehen klaustroa emakumez osatuta zegoen, eta 1972an Arrasate Musikalen lehen urratsak eman zituen.
Mertxek azaldu digu “musika-ikasketak 20 urte ingururekin amaitu nituela, eta 31 urte nituela Arrasate Musikalen irakasten hasi nintzen”.
“Oso urduri nengoen” gogoratu du Mertxek, izan ere, “klaseak ematen lehen aldia genuen” gehitu du Maripik.
Arrasate Musikal hasieran “egun Mankomunitatea dagoen eraikinean zegoen, nahiz eta eraikina baldintza egokirik ez zuen”.
Hasierako garai haietan “100 pezeta kobratzen genituen orduko”. Ondoren, ikastetxea Aprendices Eskolara eraman zen, eta “lekualdaketa onerako izan zen. Gainera, gero eta irakasle gehiago batu zitzaizkigun”.
Izan ere, “aldaketa handia izan zen, baina Arrasate Musikalen egindako ibilbidean zehar une zoriontsu ugari bizi izan nituen, eta esperientziarekin pozarren nago. Hunkitzen nau”.
“Ehunka edota agian milaka neska-mutili musika irakatsi genien. Garai batean ikasgelak oso jendetsuak ziren, nik uste garai batean solfeoko 25 ikasle izan nituela klase bakarrean”.
Kontuan hartzekoa da garai haietan “3 talde ezberdin zirenez, eguneko 75 ikasleri irakasten niela solfeo, orain hizkuntza-musikala deiturikoa”. Neska-mutil horiez gain, “piano ere irakasten nien hainbat ikasleri”.
“Arrasateko ikasleez gain, inguru guztikoak etortzen ziren”. Hortaz gain “ilusio berezia egiten zigun helduei klaseak ematea” gehitu du Maripik:
“Ikasle horiek euren haurtzaroan AMn ikasia zuten, eta urte askoren ostean, helduak izatean, AMra itzuli ziren ikasten jarraitzeko”.
Egitasmoak aurrera egin zuen “errealitate berrietara egokituz. Guk ere formakuntza jaso genuen, Donostian, eta gainera lankideen artean ondo moldatzen ginen”.
Azpimarratzekoa da “Euskadiko lehenbiziko musika-akademia Arrasate Musikal izan zela. Pertsona ugari bertako funtzionamendua ikustera etorri ziren, eta egun uste dut herri guztiek gutxienez akademia bana dutela”.
34 urteetan zehar “bitxikeria ugari gertatu zirela” baieztatu digu Mertxek, adibidez:
“Horietako bat klase teoriko batean gertatu zen, interbaloak lantzen ari ginela. Interbaloa da nota batetik bestera dagoen aldea, eta horietako bati, Fa eta Si artean dagoenari, ‘cuarta aumentada’ deitzen zaio, baina badu bestelako izenik ere”:
“Nik ikasle bati galdetu nion ea interbalo horrek zer beste izena zuen, eta ikasleetako batek amorruz ‘Tricornio!’ esan zuen. Orduan Arrasaten guardia zibilak zeuden, eta ikasle guztiak barre algaraka hasi ziren”.
“Pentsa, ikasle onenetako batek ezin zion barre egiteari utzi, eta beste ikaslearen lagun mina zen, baina ezin zuen geratu eta gelatik irten zedila eskatu nion, baita barregurea amaitzean berriro sar zedila ere”.
Beste bitxikeria bat “gerrako-erreportari Ane Irazabalekin gertatu zitzaidan, bera haurra zenean. Ikasle nuen, eta behin negarrez hasi zen eta galdetu nion ea zer zuen, berak atsekabeturik erantzun zidan ‘gaur udalekuetara noa baina oraindik nire motxila ez dago prest’, nik haur hura lasaitu nuen eta handik urte askotara irratitik Ane entzun nuen, gerratik informatzen ari zela”.
“Irratitik entzutean negar batean hasi nintzen, eta pozarren aldaketa itzela iruditu zitzaidan”.
Mertxek egungo AMren inguruan esan digunez, “egiari zor, lehen ikasleei maila altuagoa exijitzen zitzaien”.
Ildo honetan, Arrasate Musikal hasieran “musika-eskola izan ostean, zentro ez-ofizial aintzatetsia izan zen, hau da, kontserbatorioak guk gure ikasleei azterketak egiteko boterea eman zigun. Balio ofiziala zuen, eta 4. mailara arte aplikatzen zen”.
“Nik uste, orduan ere, exijentzia maila jaitsi zela. Guk jakin genekizkien ezagutza denak irakatsi genituen”.
“Garai hartan musika-instrumentu gutxi ikas zitezkeen, eta horren aurrean, Arrasate Musikalek Donostiako Kontserbatoriotik irakasleak ekartzen hasi zen, taxian”.
“Instrumentu ugari irakasten hasi ziren” adierazi du Maripik “hau da, egungo AMko Orkestrak eta Bandak dituzten instrumentuak edo gehienak. Orduko ikasle askok egungo irakasleak dira, irakasle oso onak”.
Mertxek adierazi digunez “nik Centro de Acción Católica eta Arrasate Musikaleko nire bizipenekin liburu bat idatz nezake”.
Juan Arzamendi Musika Etxearen egitasmoari “ondo deritzot baina atzerapen handia darama. Egungo eraikina (Monterron parkea) desegokia da musika-eskola gisa”.
Izan ere, “Monterron eraikin oso polita da baina adibidez barruko eskailerak ez dira egokiak, besteak beste, haurrak klaseetara eramaten dituzten aitona-amonentzat. Harrigarria da bertan istripurik gertatu ez izana”.
Maripik gehitu du “espero dudala lehen Aprendiceseko eskolaren gabeziak beteko direla eraikin berrian. Adibidez lehen itokinak lehen solairura erortzen ziren, pianoetara, eta pianoak estaltzen aritzen ginen”.
“Balet egiteko aretoak ere ez zuen baldintza egokirik, txikiegia baitzen. Begi bistakoa zen eraikinak berrikuntza sakona behar zuela”.
Mertxek 34 urtez egin zuen lan irakasle gisa AMn, ‘Maripi’k 27 urte eta Mirenek 26 urte. Gaztetatik bertan lan egiten hasi eta bertan jubilatu ziren.Hau da, “gure bizitza profesionala Arrasate Musikal izan da”.
“Ni pozarren nago Arrasate Musikalekin kolaboratu dudalako – adierazi du Mertxek hunkiturik-, niri ibilbide horrek poztasun asko eragin dizkit”.
“Sekula ez zitzaidan bururatu omenaldi bat egingo zigutenik, eta ni urduri nago etengabean. Eduardo Arzamendi, Juanitoren semeak, atzo telefonoz deitu zidan eta omenaldia ondo merezi dugula esan zidan”.
“Eduardo nire ikasleetako bat izan zen, eta jakin badaki zer-nolako baldintzatan eraman behar izan genuen aurrera Arrasate Musikal”.
Maripik gogoan izan ditu ere “gure lankide guztiak. Gu hirurok omenaldian lankideen ordezkariak gara, lankide ugariko talde bat izan ez balitz, ezingo litzateke egungo Arrasate Musikal lortu”.
“Orain AM Orkestra, AM Banda, Unai Urretxo (Hego Korean zuzendari), Alberto Urretxo (Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronboi-jolea) eta antzeko pertsonak ikusteak sentiarazten digu ekarpena egin dugula”.
AMek ikasturte honetan 50. urteurrena ospatzen du. Omenaldia ostegun honetan izango da, Herriko plazan, Ibai-Artek antolatuta, arratsaldeko 19:00etan. Zorionak hirukote eta Arrasate Musikal! Omenaldiak bidea emango dio Arrasate Blueseko asteburu potenteenari