Urtero bezala, Arrasateko kaleetan barrena ibili da Olentzero txikienen azken gutunak jasotzen. Olentzeroren karroza arratsaldeko 18:15ean atera da Zigarrolatik, eta honako ibilbidea egin du: Zigarrola, Gipuzkoa etorbidea, Maalako errebala, Portaloia, Erdiko kale eta Herriko plaza. Ibilbide osoan zehar, haur eta nagusien maitasuna jaso du. Olentzerok gozokiak oparitu, banatu ditu Galtzagorrirekin batera jendartean.
Herriko plazan ere arrasatearrak agurtu ditu eta jai zoriontsuak opatu dizkie. Ekitaldian zehar herriko zenbait kultur taldek parte hartu dute. Bukatzeko, Mutil dantza plazaratu dute, eta ondoren sua piztu dute. Une honetan Olentzero gaur gauean banatuko dituen opariak prestatzen ari da.