Old blues doinuek aretoa bete eta giro aparta sortu zuten atzo

    0
    2253

    Argazkiak: Ion

    Johnny Bigstone & Sweet Marta bikotearen kontzertuak jende ugari batu zuen atzo, eta giro bikaina izan zen hasieratik amaierara. Emanaldia Arrasate Blues jaialdiaren baitan antolatu zuen Ibai-Artek.

    Hasiera batean kontzertua Itzalako terrazan egitekoa bazen ere, eguraldiaren aurreikuspen txarrak zirela eta, azkenean Kajoi tabernaren barruan egin zuten. Aldaketak ez zuen, ordea, parte-hartzea baldintzatu, eta aretoa bete egin zen.

    Bikoteak benetako “old blues”-a eskaini zuen, Delta blues, Piedmont eta Old-Time Country estiloetan oinarritutako errepertorioarekin. Publikoa generoaren sustraietara hurbildu zuten, formatu akustikoan eta gertutasun handiz.

    Johnny Bigstone eta Sweet Marta estatuko blues akustikoko erreferenteen artean kokatzen dira, eta ibilbide luzea dute Europako zein nazioarteko eszenan. Bluesaren sorlekuetara egindako bidaiek ere markatu dute haien estiloa.

    Kontzertura bertaratutakoen artean ez zen bertako jendea bakarrik izan; Donostiatik, Zumarragatik, Burgostik eta Oñatitik etorritako entzuleak ere bildu ziren.

    Balorazioa positiboa izan da, eta beste behin agerian geratu da blues musikak duen harrera ona, publiko fidela eta giro berezia sortzeko gaitasuna uztartuz.

    ERANTZUN BAT UTZI

    Zure iruzkina utzi, mesedez!
    Sartu zure izena hemen