Olatz Legarda (omendua bere agurrean): “Emakume-futbolak baldintza berdinak merezi ditu”

0
1903

Kapitain zuri-moreak 14 urte egin ditu Mondran eta Leintz Arizmendin. Esperientzia honetatik azpimarratu ditu “taldearen garrantzia, ekipoan jokatzeak dauzkan indarra, garrantzia eta lagunak”.

Bideoa: Garazi Nogueiras / 2017ko argazkia: MB artxiboa.

Gaurko partidua 2021/2022 denboraldiko azkena izan da Leintz Arizmendirentzat, baita Olatz Legarda kapitainarentzat ere.

Horregatik ekipoak omenaldia egin dio partidua baino lehen: pasiloa eta txalo egin diote bi taldeek. Gainera, pankarta bat azaldu dute:

‘Zorionak kapi 8’ emakumeen ikurrarekin batera. Olatzek musu, besarkada, bosteko, irribarre eta esker oneko hitzekin eskertu dizkie. Ondoren, partiduan garaipena lortu du (4-2) Urolaren aurka. Gaur taldeak merezitako afaria ospatuko du.

Olatz Legarda Isazelaiak 14 urte egin ditu Mondran lehenbizi eta Leintz Arizmendin ondoren. Esperientzia horretatik “batez ere taldearen garrantzia azpimarratzen dut, ekipoan jokatzeak dauzkan indarra, garrantzia eta lagunak”.

Kapitain arrasatearrak zelaiko hainbat postutan jokatu izan du, “ezkerreko hegalean defentsan nahiz erasoan, tokatzen zenean zelaiaren erdialdean, eta noizbait ere atezain, probatzearren”.

Bere lorpen nagusietako bat Gipuzkoako Kopa izan zen, 2017an taldekideekin batera Beasainen lortu zuena, zenbait igoerez gain.

Urte hauetan guztietan “bitxikeria umoretsu batzuk bizi izan ditugu, adibidez Kopa irabazi genuen urtean, atezainak apustu bat egina zuen Okorotegiko iturriaren gainekoa…”.

Bere entrenatzaileak, Andoni Ezkurrak, 13 urte egin ditu taldean, eta baloratu du “jokalari bikaina eta izugarrizko kapitaina izan dela. Berataz hitz onak baino ez dauzkat”.

Arrasateko zaletuen garrantzian azpimarra jarri du: “guretzat garrantzitsua da zaleak partiduetara etortzea, eta nik uste horretan lanketa bat egin beharra dago. Nesken kasuan lanketa sakon bat”.

Izan ere, “benetan gura bada emakumeen kirola eta emakume-taldeek aurrera egitea, denok lan egin beharko dugu, esaterako klubek. Gainera, jokalariek konpromiso puntu bat eduki beharko dute”.

Oro har, nazioarte mailan “emakumeen futbolak hobera egin du, eta hori pozgarria da, baina gure bailaran ez dakit zer gertatzen den, nik uste hemen egoera okerrera doala”:

“Ni arduratzen nau 20.000 biztanle inguruko herri bat, ondoko beste birekin batera, kapaz ez izatea talde bat osatzeko. Ez dakit zein den arrazoia, ez da inoren errua, baina zerbait egin beharra dago”.

Arrasatear gazteak eskerrak eman dizkie “guztiei: nire egungo taldekide eta taldekide ohi denei, nire familiari, partiduak ikustera etorri diren guztiei eta entrenatzaileei, urte asko izan baitira”.

“Nik gura dut emakume futbolak merezi duen tratua izatea, gizonezkoen baldintza berdinetan. Jakin badakit ez dela erraza, baina nik uste klubek apustu bat egin behar dutela. Eta gerokoak gero etorriko dira, baina betiere baldintza berdinekin”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen