Olatz Azkarraga: “Une latzak eta beldur handia sentitu arren, egunero borrokatzen jarraitu behar da”

0
1958

Astelehenean, urriaren 19an, Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen. Mondraberrik gertutik ezagutu nahi izan du gaixo horien egunerokotasuna. Horretarako, Olatz Azkarragarekin elkarrizketa egin dugu. 2015ean aldebiko bularreko minbizia diagnostikatu zioten ohiko azterketa mediku batean.

Nola jakin zenuen minbizia zenuela?

Lehenengo albistea 2015eko urrian izan nuen, azterketa mediku bat egitera joatean, beste osasun arazo batzuk zirela, eta une horretan aurkitu zidaten ekografia batean. Orduan familia medikura bidali ninduten, zerbait arraroa zegoelako. Hori urriaren 5ean izan zen, astelehena. Asteazkenean kontsulta izan nuen, eta ginekologora zuzenean bideratu ninduten, lehentasunez.  

Ondorengo astean jada Txagorritxun nengoen. Esan zidaten printzipioz ez zuela itxura txarrik, baina biopsia egin ondoren konfirmatu zidaten diagnostikoa: minbizia zen. Lehenengo ezkerreko bularrean aurkitu zidaten, baina bertan nengoenean bestea ere aztertu zidaten, eta eskumakoan ere gaitza aurkitu zuten. Honen berri azaroaren 13an jaso nuen, eta abenduaren 16 jada ebakuntza egin zidaten. Aurkitutako tumorea analizatu ondoren, lehenengo fasean zegoela esan zidaten. Nire kasuan kimioterapia eman beharrean, erradioterapia osatutako tratamendua ezarri zidaten.

Zure etxean aurrekaririk zegoen?

Nire izeba batek, nire amaren ahizpa batek, orain dela 30 urte izan zuen, eta nire amaren izeba bat 50 urterekin hil egin zen. Gu familia handia gara, eta ez da inoiz guretzat oso esanguratsua izan.

Nolakoa izan da tratamendua?

Nire kasuan ebakuntzan tumoreak soilik kendu zizkidaten, oso sakabanatua eskumako bularrean. Ezkerrekoan, ordea, leku zehar batean zegoen, eta tumorea kentzearekin nahikoa zen. Eskumako bularraren kasuan, berriz, zalantzak izan zituzten. Une horretan beldurra sentitzen duzu, bularra galdu dezakezula entzuten duzunean. Azkenean erradioterapia jarri zidaten. Egia da prozesua normalean 3 minutukoa izaten dela, baina nire kasuan 20 minutura luzatu egiten zen.

Zenbat denbora luzatu zen tratamendua?

Hamazortzi saio eman zizkidaten. Ebakuntza egin aurretik, beste proba bat egiten dute ‘ganglio zentinela’ deritzona aztertzeko. Ganglio hau minbiziaz kutsatuta egon ohi da, eta  bularra kentzen dizute, edo kimioterapia ematen dizute. Nire kasuan zorionez negatibo eman zuen, hori ere nire alde nuen.

2016ko otsailean tratamendua Txagorritxun egin zidaten. Egunero joan behar nuen tratamendua hartzera. Ondoren, hiru urtez onkologian azterketak egin dizkidate.  Bestalde, tratamendu bat jarri zidaten, egunero pastilla bat hartu behar nuen 5 urtez.

Zein unetan zaude orain?

Lehenengo bost urtetan sei hilabeteka joaten naiz azterketak egitera. Urtean behin egiten didate ekografia bat eta mamografia, eta beste azterketetan eskuz egineko miaketa bat egiten didate. Pastillen tratamendua datorren urtean bukatuko dut, martxoak aldera.

Zer esango zenieke momentu honetan minbizia sufritzen ari diren emakume horiei?

Une latzak eta beldur handia sentitzen dira, baina egunero borrokatzen jarraitu egin behar da. Aholku moduan esango nieke Googlen ez begiratzeko, existituko ez balitz bezala. Edozer gauza arraroa sumatzen badute medikura joateko. Medikuak esan zidan “edozer arazo izaten baduzu galdetu, eta erantzuna ez badakigu, aurkituko dugu. Horretarako gaude, laguntzeko”.

Niri oso lagungarria izan zait Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak eskaintzen duen laguntza psikologikoa. Gaitzaz hitz egin behar da, momentu horietan behar dugu norbait gu entzutea, aditzea. Ideia asko dituzu buruan, eta ez dute zertan gaixotasunarekin zerikusirik izan. Askotan nahastu egiten gaitu. Guk, besteengandik aholkuak jaso beharrean, besteak gu entzutea behar dugu. Norbait gure alboan behar dugu. Nik zorte handia izan dut, bai familiarekin, baita senarrarekin ere.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen