Lehengo ‘Kulturate Akustikoa’ zikloak izen berria dauka: ‘Oreixe Akustikoa’. Baita leku berria ere: Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriuma. “Emakumeak protagonista nagusiak izango dira oholtzako lehen lerroan”.
Aurkezpenean udal-ordezkariek azpimarratu dute aurten estreinatutako JAMEren audiotirumak “punta-puntako espazioa dela zuzeneko emanaldi artistikoetarako”.
Halaber, Kultura zinegotzia Andoni Arratibelek adierazi du helburuetako bat dela “aurrerantzean, zuzeneko emanaldi hauek Arrasate Musikaleko ikasleei ere gerturatzea, beraien ikaste prozesuetan aberasgarria izango delakoan”.
Kontzertu ziklo honek izen berria dauka: “Oreixe hitzak ekaitza esan nahi du, eta azken hamarkadetan honen erabilera galtzen ari bada ere, musika-zikloari izena emateko egokia iruditu zaigu, ekaitz akustiko eta artistikoa izan dadin”.
Era berean, Kultura Sailak berretsi du sei kontzertuetan “emakumeak izango direla protagonista nagusiak, oholtza gaineko lehen lerroan”.
Kultura programatzailea Karmelo Alberdik egitarauaren eta parte-hartzaileen inguruko xehetasunak eman ditu aurkezpenean:
Olaia Inziarte: irailak 8, ostirala, 19:30ean
“Artista nafarraren lehen diskoak harrera ezin hobea izan du euskal musikaren plazan. Sonoritate tradizionala, abangoardistarenarekin harilkatuz pop ilun estiloko konposizioak bildu ditu ‘Lehengo Lepotikan Burua’ lanean”.
Sara Azurza: irailak 9, larunbata, 19:30ean
“Urtarrilean aurkeztu zuen musikagile eta abeslariak bere lehen lan osoa: ‘Hemen berriro’. Pop, soul, funky eta elektronika doinuak nahasten dituen bederatzi abestiz osatutako diskoa da, eta bizitzako ziklo emozionalei eta mota ezberdinetako barne-emozioei eta sentimentuei zuzendutako lana da. Iker Lauroba, Julen Barandiaran eta Haritz Lauroba ditu alboan Azurzak diskoan eta zuzenekoan”.
Emilia y Pablo: irailak 10, igandea, 19:30ean
“Madrilen bizi den biko chiletarra da, eta folklore latinoamerikarra eta flamenkoa uztartzen dituzte haien emanaldietan, modu berezian uztartu ere. Influentzia ezberdinak arakatzeko hizkuntza gisa defenatzen dute folklorea, jaropoa, boleroa eta chacarea bezalako doinu latinoamerikarretatik etorri eta kultura flamenokitik etorri”.
Baskery: irailak 15, ostirala, 19:30ean
“Greta, Stella eta Dunniva Bondesson ahizpek osatutako hiruko suizarra da Baskery, eta foka, bluesa, countrya eta hegoaldeko rocka uztartzen dituzte, hiru ahotsetara abesten duten bitartean. Eszenatokira daramaten ikuskizuna liluragarria da, zuzeneko indartsu batekin”.
Verde Prato: irailak 16, larunbata, 19:30ean
“Ana Arsuaga (Tolosa, 1994) musikari eta margolariaren bakarkako proiektua da. Gai minimalistak aurkezten ditu teklatua eta ahotsa erabiliz, askotan herriko flklorearen tradizioan oinarrituta, abestiaren bidez hitzaren eta airearen arteko batasuna aztertzeko. Euskaraz abesten du, batez ere, eta bere musikak oinarri raperoen sekuentzia elektronikoak, bateriak eta perkusioa tartekartzen ditu. ‘Adoretua’ bigarren lan luzea aurkeztuko du”.
Sofía Comas: irailak 17, igandea, 19:30ean
“Konpositorea, kantaria eta perfomerra da, eta ‘A un pájaro rojo’ lan Julian Fuentes Reta zuzendariaren eta Merce Matus korografaren kolaborazioekin osatu du. Magia poesiaren aldera gisa aurkezten du, eta egilearen testuak kantuekin eta poeta famatuen lanekin nahasten dira. Emanaldian teknologia (musika elektronikoa, diseinu sonoroak eta argiztapena) eta antzina (mugimendua, hitza eta errituala) batzen ditu”.

Kontzertuen prezioari dagokionez, orain arte doakoak izan dira eta aurten 5 eurokoa izango, izan ere, “kontuan hartu behar da Kulturan diharduten taldeek ere duintasuna behar dutela”.
Sarrerak erosgai izango dira astelehenetik, irailaren 4tik, aurrera udal-webgunean eta kontzertu bakoitza baino lehen JAMEko leihatilan.
Albistea osatzen gabiltza