“Ointxeko nesken senior talde berria harrobiko lan onaren emaitza da”

0
910

Duela 20 urte ingurutik klubak ez du emakume talderik izan senior kategorian, baina egoera iraultzea lortu du. Ekipo berriaren entrenatzailea Unai Ibarra arrasatearra da, eta gaur egin dute lehen lan-saioa.

Arrasateko elkarteak 20 urte inguru zaramatzan emakumeen senior talde barik, baina harrobiko lagunen lanari esker, Gipuzkoako 1. Mailarako ekipoa sortu du, beraz zorionak Ointxe!

Talde berriaren entrenatzailea Unai Ibarra arrasatearra dugu, saskibaloiko harrobian eta neskak entrenatzen esperientzia duena. Berarekin izan gara ekipoaren lehenbiziko entrenamenduan:

Ekipoa momentuz eraikitze prozesuan dago?

Uda partean eraikitzen joan da, koronabirusaren testuinguru orokorrean, eta oraingoz 8 jokalari ditugu, ekipoaren muina osatuko dutenak. Gainera, juniorren taldetik jokalariak ekartzen saiatuko gara, goiko kategoria batean jokatzeko aukera emateko.

Gaurkoa da taldearen lehen entrenamendua?

Bai, taldeko entrenatzailea Beñat [Barberena] izatekoa zen, baina arrazoi pertsonalengatik ezin izango du taldea zuzendu, eta azkenean niri dei egin zidaten taldea entrenatzeko.

Zein da 2020/2021 denboraldirako helburua?

Talde gaztea da baina mailaz igotzea dugu helburu. Baita aurrerago begira ere, hemendik pare bat urtera, nesken goi mailako saskibaloia izatea Arrasaten. Horretan lan egiten dihardugu.

Gainera hutsune bat ikusi izan dugu: harrobiko neskek, harrobiko mutilek ez bezala, ez zeukaten EBA helburutzat edo ispilutzat. Beraz, talde berri honek harrobiko neskatilentzat ispilu izan gura du.

Talde honek frogatzen du Ointxek harrobia oso ondo lantzen duela?

Bai, jokalari ia denak harrobikoak dira, bertan landu dira, eta batzuek Espainiako Txapelketan hirugarren postua lortu dute. Nik uste dut gaitasuna egon badagoela talde polit bat eta denboraldi polit bat egiteko.

Hala ere, ezin dugu aurreikusi koronabirusaren egoera zein izango den, eta Federazioaren erantzunari itxaroten gabiltza. Printzipioz liga irailaren 15ean hasiko da, eta gura dugu urteetan egindako lanarekin gozatzea, lan on bat eginez.

Zelakoa da Gipuzkoako 1. Maila?

Ez dut kategoria ezagutzen azken denboraldietan EBAko taldea laguntzen eta Euskal Ligako kadeteak entrenatzen jardun dudalako. Hori baino lehen Bizkaian aritu izan naiz. Neskak entrenatzen ere esperientzia daukat, baina azken bi urteetan ez zait hori egitea tokatu.

Hala ere, jakin badakit kategoria gogorra izango dela, aurkari gogorrak izango ditugula, eta beraz gogortasun fisiko eta mentala beharrezkoak izango direla gure helburuak betetzeko. Dena den, ez dago presarik, talde gaztea gara eta ez dugu presarik helburuak betetzeko.

Nolakoa da talde berria?

Nik uste Arrasaten Ointxetik apustu egiten dela saskibaloi zehatz baten alde: dinamikoa, bizkorra, fisikoa eta teknikoki oso abila. Gure helburua da jokalariak, seniorrak diren arren, bide hori lantzen jarraitzea. Saskibaloi nahiko ikusgarria egiten dugu, jendearen gustukoa eta ez gara talde aspergarri bat.

Zaleei dei bat egin gura diezue?

Egoera orokorra ikusita agian ez da unerik aproposena deialdi zabal bat egiteko, baina jendeari partiduetara bertatzera dei egiten diogu, saskibaloiarekin dibertitu daitezen.

[Taldeko senior jokalariak ondorengoak dira: Haizea Apellaniz, Alaitz Mujika, Intze Orobengoa, Jessica Louro, Amets Sanz, Naroa Garai, Ane Aierbe eta Naia Badiola. Goiko argazkian Unai Ibarra entrenatzailearekin eta junior taldeko jokalari batzuekin azaltzen dira].

Ointxe Instagramen

Ointxe Twitterren

ointxe.eus

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen