Ointxek, gazteenak barne, derbia irabazi dio Goierriri, liderrari segika

0
192

Mondragon Unibertsitatearen garaipenaren gakoetako bat bigarren laurdena izan da (25-13ko partziala). ‘Arri’k gaur ere minutuak eman dizkie gazteenei: Enaitz Errasti, Txomin Aiastuy eta Oier Badiolari.

‘Arri’ entrenatzaileak ondoko bostekoa kantxaratu du partiduari ekiteko: Dani Lorenzo, Martxel Balanzategi, Mikel Atxa, Andoni Atxa eta Martin Buesa.

12 eta 6 aurreratu da Ointxe lehen minutuetan, baina hainbat baloi galdu ditu erasoan, eta Goierrik aprobetxatu du aldea murrizteko (17 eta 16).

Bigarren laurdenean 25-13 partziala lortu du, eta azpimarratzekoa da Enaitz Errasti antolatzaile gazteak saskiratutako 12 puntuak. Andoni Atxak eta Danik beste horrenbeste puntu lortu dituzte.

Atsedenetik bueltan, baina, Ointxe erasoan kamuts aritu da, eta minutu batzuk behar izan ditu saskiratze bat lortzeko (42-35). Simonen hiruko batek 15 puntuko aldea eman dio bere taldeari.

Entrenatzaileak jokalari gazteenei ere minutuak eman dizkie, goian aipatutako Enaitz Errastiri bai eta Oier Badiola eta Txomin Ayastuiri ere. Taldeak alde erabakigarria lortu du azken laurdenean (76-56).

Gainera azken minutuak kudeatzen jakin izan du, eta garaipen garrantzitsua eskuratu du: 76 eta 63. Gaurko garaipenarekin liderrari segika jarraitzen dio; Ardoik bere partidua irabazi du baina Arrasateko taldea puntu bakarrera du.

Datorren jardunaldian gure taldea LBC Cocinas-en aurka jokatzekoa da Logroñon. Errioxarrak ere sailkapeneko goialdean daude. Aupa Ointxe!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen