Ointxe Saskibaloiak 3×3 modalitateko elite proiektu berria aurkeztu zuen atzo arratsaldean Mondragon hotelean egindako ekitaldian. Klubak emakumezkoen zein gizonezkoen taldeak izango ditu Espainiako eta nazioarteko txapelketetan lehiatzeko, Debagoiena eta Euskal Herria maila gorenean ordezkatzeko helburuarekin.
3×3 saskibaloia azken urteotan hazkunde handia izan duen modalitatea da, bere erritmo bizkorragatik eta izaera urbanoagatik ezaguna. Hiru jokalariko taldeek saski bakarrean jokatzen dute, hamar minutuko partidetan edo 21 puntura iristen den arte. Olinpiar modalitate bihurtu zenetik, ikusgarritasun handia hartu du nazioartean.
Aurkezpenean azaldu zutenez, Ointxeren apustua ez da soilik kirol arlokoa, baizik eta estrategikoa ere. Klubaren arabera, proiektuak Arrasate eta Debagoiena 3×3 saskibaloiaren mapa nazionalean kokatzeko aukera emango du, eta aldi berean harrobiko jokalarientzat garapen bide berriak irekiko ditu.
Emakumezkoetan SMARTLOG OINTXE izenarekin lehiatuko dira Izar Bedia, Irene Murua, Naroa Zabala, Mama Dembele, Cristina Molinuevo, Maria Angulo, Nerea Hermosa eta Alazne Canales jokalariak. Gizonezkoetan, berriz, MONDRAGON UNIBERTSITATEA taldean ariko dira Txomin Ayastuy, Nacho Nistal, Beñat Barberena, Ekaitz Madinabeitia, Jaime Llano, Iñaki Erauncetamurguil, Álvaro Araico, Pol Pagés eta Andoni Atxa. Txapelketa bakoitzean lau jokalarik parte hartuko dute, txandakatze sistemarekin.
Lehen hitzorduak maiatzean izango dituzte. Valentziako L’Alqueria del Basket txapelketan ariko dira maiatzaren 14tik 16ra, Zaragoza eta Almeriako txapelketetan ere parte hartuko dute, eta emakumezkoek Frantziako Le Mansen jokatuko dute Open Plus 5000 txapelketa.
Klubak nabarmendu du proiektuak prestakuntza eredua modernizatzeko balioko duela, 3×3 modalitateak erabaki azkarrak, teknikaren garapena eta banakako gaitasunak indartzen baititu. Gainera, eliteko talde propioak izateak harrobiko jokalariei klubarekin lotura mantentzeko aukera emango diela azpimarratu dute.
Bestalde, Ointxek berdintasunaren aldeko apustua ere azpimarratu du, emakumezkoen eta gizonezkoen proiektuak aldi berean garatuta. Klubaren esanetan, bi egiturek baliabide eta ikusgarritasun bera izango dute.
Azkenik, proiektuak inpaktu sozial eta ekonomikoa ere izango duela defendatu dute arduradunek. Haien ustez, 3x3aren izaera dinamikoak gazteen interesa piztu eta harrobiko jokalarientzat inspirazio iturri izango den erreferente berria sortuko du Arrasaten.






