Ointxe Saskibaloi Klubak gurasoentzako bilera egingo du urriaren 6an

0
2056

Ointxe Saskibaloi Klubak gurasoentzako bilera informatiboa egingo du datorren urriaren 6an, 19:00etan, Kulturateko Areto Nagusian. Klubeko guraso guztiei zuzendutako saioa izango da, eta denboraldiaren inguruko hainbat gai jorratuko dituzte bertan.

Besteak beste, 2025-26 eta 2026-27 denboraldien balantzea eta plangintza, klubaren kirol eta ekonomia arloetako egoera eta entrenamendu zein partida ordutegietan instalazioek eragindako aldaketak azalduko dituzte. Era berean, kantxen erabilera eta banaketa, ekipazio berrien banaketa-prozesua eta matrikulazio eta kuoten inguruko informazioa ere landuko dituzte.

Bileran, klubaren etorkizuneko erronkak eta komunikazio-plana ere izango dituzte hizpide, baita familien parte-hartzea eskatzen duten hainbat ekimen ere. Helburua da familiei klubaren egungo egoeraren eta datozen hilabeteetarako aurreikusitako planen berri ematea, eta dituzten zalantzak argitzeko aukera eskaintzea.

Bestalde, 2026-27 bazkide kanpainaren berri ere emango dute. “Ibarra denon etxea” lelopean abiatu duten ekimenaren bidez, zaleen, familien eta herritarren babesa handitu nahi dute, bai LF2 ligan lehiatzen den taldeari, bai klubaren egitasmo osoari sostengua emateko.

Bazkidetzaren ohiko prezioa 50 eurokoa izango da, eta Ointxeko jokalarien zein saski eskolako familien gurasoek baldintza bereziak izango dituzte.

Ointxe Saskibaloi Klubak guraso guztiak bilerara bertaratzera animatu ditu. Saioan informazioa zuzenean jasotzeko, zalantzak argitzeko eta klubaren etorkizuneko proiektuetan parte hartzeko aukera izango dute.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen