Kantxetan Zilarrezko LEB kategoriara igotzeko txartela lortu du (futboleko 2. B mailaren parekoa). Alabaina, klub zuri-moreak laguntza ekonomikoa eta instalazioak eraldatu behar ditu horretarako.
Argazkia: Ointxe! artxibokoa.
Ointxeren talde nagusiak, Mondragon Unibertsitateak, lehen postuan amaitu du denboraldia, eta ondorioz kantxetan igoerako txartela lortua du.
Orain, baina, klubaren erronka bulegoetan dago gehien bat: Zilarrezko LEB kategoriak exijitzen dituen baldintzak bete behar ditu.
Horrela, Zuzendaritza laguntza ekonomikoen bila dabil, bai enpresen artean baita instituzio publikoen artean ere.
Aldunditik erantzun diote “tamalez” diru laguntzak soilik Gipuzkoa Basket Club eta Iraurgi Saskibaloi Klubera bideratuko dituela, “nahiz eta igoera gauzatuz gero, Ointxek Azpeitiko taldearen kategoria berean jokatuko lukeen”.
Kluba Arrasateko Udalarekin ere harremanetan izan da, baina Udalak “ez du pausua eman arrazoi ekonomikoengatik”.
Diru laguntzaz gain, Arrasateko saskibaloi-instalazioak “ez daude egokiturik Zilarrezko LEB mailako partiduak hartzeko”.
“Zoruak parketa izan behar du – taldeko entrenatzailea Iñaki Ogara ‘Arri’k azaldu bezala – markagailuak eta kantxa oro har profesionalak izan behar dute, eta aldageletan ere aldaketa batzuk egin beharko lirateke”.
Kontuan hartu behar instalazioak Udalarenak direla, eta “beraz ez dago Ointxeren esku hobekuntza hauek egin ahal izatea”.
Hala ere, klub zuri-moreak lanean jarraitzen du, eta bere ateak “zabalik ditu laguntza ekonomikoa eman ditzaketen enpresa eta bestelako egitasmoentzat”. Datorren ostirala, uztailaren 10a izango da laguntza hori lortzeko azken eguna.