Ointxe gaztetuak Easoren aurka galdu du azken minutuetan (79-85)

0
446

Denboraldiko lehen partiduan gure taldea atzetik iritsi da atsedenera (38-50). Eneko Mataren taldeak Zarautzen aurka jokatuko du datorren asteburuan.

Mondragon Unibertsitatea gazteagoa da 2021/2022an, eta gaur arratsaldean ligako lehen norgehiagokoa jokatu du, Easo Bodegas Muga-ren aurka.

Derbirako taldeak hiru baja izan ditu, EBA lizentzia duten hiru jokalari: Sergio Iglesias, Alex Ramón eta Simón Mancebo.

“Sergio Euskal Kopan sorbalda atera zitzaion eta baliteke hiruzpalau aste bajan izatea. Alex Ramón asteburu honetan eztarriko mina eta 39 gradoko sukarra izan ditu. Simón kanpoan, bidaian dago. Baina baja hauek ezin dira porrotaren aitzakia izan”.

“Gainera – baloratu du Eneko Mata entrenatzaileak – lehen mailako taldeko jokalariak ahalik eta ondoen jokatzen ari dira, eta denborarekin gehiago ikasiko dute”.

Partiduari dagokionez, lehen eta bigarren laurdenetan “defentsan ez gara nahikoa bizi ibili, eta ahalbidetu dugu Easoko mutilek 50 puntu saskiratzea”.

Hirugarren laurdenean Ointxek hobetu du, izan ere, “ulertu dugu energia handiagoa eta errebote gehiago behar genituela eraso azkarrak egiteko”. Horrela, laurden honetan 28-15 nagusitu da.

Horri esker, azken laurdenaren hasieran gauzak pareko zeuden. Aipatzekoak dira taldeko saskiratzaile onena Martxel Balanzategui izan dela (22 puntu) eta errebote gehien Imanol Orue-Mazagak lortu dituela (11).

Hala ere, tamalez, Donostiako taldea azken minutuetan hobeto jokatu du, eta azken emaitza 79-85ekoa izan da.

Eneko Matak azaldu duen bezala, “denboraldiko lehen partidua baino ez da izan, ibilbide luzea daukagu aurretik, eta espero dugu hobetzea”. Bide honetan, datorren jardunaldian Mondragon Unibertsitateak Zarautzen jokatuko du:

“Euskal Kopan irabazi berri diogu baina hori denboraldi-aurrean izan zen, eta seguruenik datorren asteburukoa norgehiagoka oso zaila izango da, denboraldi honetako guztiak bezala”.

Iturripeko harmailek aspaldiko partez publikoa hartu ahal izan dute gaurkoan, eta entrenatzaileak eskerrak eman dizkie “Iturripera etorri diren zaleei, izan ere, euren laguntza eta animoak nabari ditugu”. Aupa Ointxe!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen