“Ohorea da sari hau irabaztea, Luis Azpiazu herrikideak egin bezala”

0
788

Eneko Barberena Mondragonek Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Saria irabazi berri du, hain zuzen, ‘Multinazionalen hizkuntza politika egokirako hainbat gako’ lanarekin.

Argazkia: MB artxiboa.

Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Saria 2008. urtean sortu zen, eta lehiaketaren helburu nagusia da euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza.

Halaber, Soziolinguistika Klusterrak, lehiaketa honen bitartez, euskal soziolinguistikarekin ikerlarien lana bultzatzea eta beste hainbat ikerlari ere euskal soziolinguistikaren eremura biltzea bilatzen ditu.

Eneko Barberena Mondragonek ‘Multinazionalen hizkuntza politika egokirako hainbat gako’ lana egin eta aurkeztua du. Bai eta lehiaketa irabazi ere.

Berarekin izan gara eta gako horien inguruan galdetu diogu: “Nik multinazional batzuen praktikak aztertu ditut, eta lehen klabea litzateke zenbaitek ez dutela euren hizkuntza-politika araututa”.

“Hortaz, nire proposamena da hori arau batean jasotzea eta nolabait ordenatzea. Bigarrenez, ‘lingua franca’ bat erabiltzea proposatzen dut multinazinalek euren baitan komunikatzeko”.

“Nik ingelesa proposatzen dut egun mundu zabalean ingelesa ‘lingua franca’ hedatuena delako, baina betiere hizkuntza-aniztasunari lekua eginda”.

Izan ere, “multinazionaletan langileen artean hizkuntza-aniztasun handia dago, eta ezin da hizkuntza bakarra ingelesa izan. Tokiko hizkuntzak ere egon behar dira”.

“Proposamen bat egin dut ere Euskal Herrian egoitza duten multinazionalentzat edota euskal multinazionalentzat, euskarak ere bere tokia eta funtzioak izan ditzan”.

Gakoen artean “proposatzen dut ‘plain English’ deitutakoa erabiltzea, hau da, ingeles ahalik eta lausoena eta errazena erabiltzea, langile askorentzat ingelesa euren bigarren edo hirugarren hizkuntza baita”. Hizkuntzaren erabilera “ahalik eta gardenena eta naturalena izatea”

Eneko Barberena Mondragonek aztertu ditu ere “praktikak onak ez badira, enpresari kostuak eragingo dizkio, kostu ekonomikoak, pertsonen asebetetzeari dagozkion kostuak, baita bezeroei lotutakoak ere”.

Laburbilduz, arrasatearrak proposatzen ditu “multinazionalek hizkuntza-politika bat markatzea, ‘lingua franca’ bat onartzea eta tokian tokiko hizkuntzei lekua egitea”.

Sari banaketa Donostian izango da, UPVko Carlos Santamaria zentroan, eta ekitaldi irekia izango da.

“Bertan, sarituok, sariak jasotzeaz gain, 15-20 minutuz norberaren lana aurkeztuko dugu. Artikulu hauek udaberri aldean ‘Bat’ soziolinguistika aldizkarian argitaratuko dira”.

Beste sarietako bat da 2.000 euroko saria jasoko duela. Aipatu behar dira ere bigarren saria Garikoitz Goikoetxea Etxeberriarentzat izan dela, eta hirugarrena Jone M. Hernández García eta Marta Luxan Serranorentzat.

Eneko Barberenak eskerrak eman ditu eta gogora ekarri du “ez naizela lehen arrasatearra sari hau lortzen”:

“Luis Azpiazu, berez azkoitiarra bada ere, Arizmendi Ikastolan irakasle dihardu, eta aspalditik Arrasaten bizi dena, 2010ean saria irabazi zuen”. Luisek ‘Gazteak, musika eta euskara. Arrasateko gazteen iritziak’ lana aurkeztu zuen.

Ildo honetan, Enekok baloratu du “ohorea dela Luisekin eta beste hainbat irabazlerekin batera izatea, izan ere, orokorrean artikulu oso onak izaten dira”. Zorionak guztiei!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen