Dokumentaleko protagonistak berak parte hartuko du aurkezpenean eta bertaratutakoekin solastuko da. Martxoaren 23an Emakume Txokoaren eskutik.
Irudia: Nuestra Libertad.
Celina Escherren film dokumentalak Teodora Vasquezen historia jarraitzen du; “Las 17” taldearen bozeramailea da; emakume horiei giza hilketa larriagotua leporatu diete El Salvadorren, abortu espontaneoa izateagatik.
Teodoraren aurkako kasua “estremismoaren sinbolo bihurtu da abortuaren kriminalizazioan eta emakumearen aurkako krudelkerian, El Salvadorko sistemaren barruan”. Borrokalari hau erreferente bihurtu da “ahalduntzean, erresilientzian eta elkartasunean”.
Teodora Vasquezek berak dokumentala aurkeztuko du eta beren bizipenen eta borroken berri emango du bertatik bertara, hain zuzen, Euskal Herrian egiten ari den biran, beren ahotsek eta borrokek El Salvadorretik kanpo ere oihartzuna izan dezaten.
Celina Escher zinegile suitzar-salvadortarraren lehen dokumenal luzea da. Hainbat nazio eta estatutako zinemaldietan aurkeztu da, adibidez 2022an Donostiako Zine eta Giza Eskubideen zinemaldian, publikoaren film luze onenaren saria lortuz.
Proiekzioaren ostean, Kulturaten solasaldia izango da Teodora Vasquezekin. “Herritar guztiak bertaratzera gonbidatu ditu Emakume Txokoak”.
Ekitaldia martxoaren 23an izango da (osteguna) Kulturateko areto nagusian arratsaldeko 19:00etan. Halaber, Euskal Herrian beste aurkezpen hauek ere egingo dituzte:
- Martxoak 20, Donostiako Emakumeen Etxean, arratsaldeko 18:00etan
- Martxoak 22, Azpeitiako Soreasu antzokian, arratsaldeko 18:30ean
- Martxoak 24, Gasteizko Emakumeen Etxean, arratsaldeko 18:00etan