Arrasate Pilota Taldeak irekiko du gaur kirol jardunaldia. Asteburu honetan jokatuko dituzten lau partiduak Arrasatetik urrun jokatuko dira: Usurbilen, Zestoan, Lazkaon eta Gasteizen.

Bestalde, boleiboleko Arizmendik bi partidu jokatuko ditu asteburu honetan. Larunbatean Sestaoren aurka jokatuko dute Sestaoko La Benedicta kiroldegian arratsaldeko 16:15ean. Igandean goizeko 11:00etan Ostadarren aurka jokatuko du, Aratusteengatik atzeratutako partidua, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian.

Larunbat arratsaldean, 16:30ean, Kanpanzar Arrasate errugbi taldeak jokatuko du Mojategin. Aurrean Menditarrak taldea izango du. Bitartean AGT Arrasate/Eibar ez da lehiaketara itzuliko martxoaren 4ra arte.

Ordu berean, 16:30ean, Mondra taldeak Mojategin jokatuko du ere. Arrasateko taldeak Zarautz izango du aurrean. Bestalde, Leintz Arizmendik Tolosaren aurka jokatuko du igandean arratsaldeko 16:30ean. Lokal bezala jokatuko du, baina Oñatiko Azkogain futbol zelaian.
Beste 4 partidu igandean jokatuko dira. Goizean, Mugarri Ingou Arrasate eskubaloi taldeak Hondarribian jokatuko du Done Pedro Hondarribia Bidasoaren aurka. Partidua Hondarribiko Hondartza kiroldegian jokatuko da goizeko 11:45ean.

Saskibaloiari dagokionez, emakumezkoen lehen mailako Mondragon Unibertsitateak Leioaren aurka jokatuko du. Partidua eguerdiko 12:30ean jokatuko da Leioako Kandelazubieta kiroldegian. Bestalde, gizonezkoen EBA Ligako Mondragon Unibertsitateak Bilbao Basket Fundazioaren aurka jokatuko du Iturripen arratsaldeko 18:30ean.
Amaitzeko, areto futboleko Mondrate taldeak itxiko du kirol jardunaldia. Galdakaora joango da Lagun Onak taldearen aurka jokatzera. Partidua arratsaldeko 18:00etan jokatuko da Urreta kiroldegian.
