Arrasate Musikalek bere 50. urteurrenaren ospakizunekin jarraitzen du eta oraingoan solasaldi bat egin dute Kulturateko areto nagusian. Imanol Gallego kazetariak moderatuta, Arrasate Musikaleko hastapenak gogoratu dituzte. Horretarako, musika eskolaren sorreran parte hartu zuten bederatzi irakaslek hartu dute parte solasaldian: Merche Madinabeitia, Arantza Alonso, Miren Castañares, Jesusi Etxeberria, María Pilar Etxebeste, Libe Mendizabal eta Charo Gómez. Arrasate Musikaleko bi ikasle ohik ere parte hartu dute, Luis Usatorre eta Javier Egidazu.
Gogoan izan behar da Arrasate Musikaleko ibilbidea 1972an hasi zela, nahiz eta, parte-hartzaile batzuek gogoratu duten bezala “Arrasaten bazeuden etxean musika klase partikularrak ematen zituztenak. Udal Banda ere bazegoen.” Irakasle guztiek piano eta solfeoko karrera zuten, eta horregatik aukeratu zituzten eskolak emateko. “Gehienoi gure etxeetara edo lanetara etorri zitzaizkigun musika eskolan eskola eman nahi ote genuen galdetzera, eta denoi iruditu zitzaigun ideia handia. “
Arrasate Musikalen lehen egoitza Metalurgiaren eraikina izan zen, gaur egun Debagoieneko Mankomunitatearen egoitza dagoen eraikina. Lehen ikasturte hartan 324 ikaslek eman zuten izena, “nahiz eta batzuk kanpoan geratu ziren, instalazioek ez zutelako gehiagorako ematen. Klaseak zurezko oholez banatuta zeuden, eta dena entzuten zen. Ilusio handiarekin hasi ginen, baina ez genuen ez idazmahairik ez arbelik. Aulki batzuk ikasleentzat eta mahai bat irakaslearentzat. Solfeoa ematen dugu instrumenturik ez dugulako.”
Solasaldian, Arrasate Musikalen sorreran Juan Arzamendiren garrantzia gogoratu dute. “Udal bandako zuzendaria zen eta hasieratik musika eskola martxan jartzen parte hartu zuen. ” Irakasleek ez zuen esperientziarik irakasle gisa. “Juan Arzamendi izan zen bildu gintuena, eta udaletxeko atikoan, udal bandaren egoitzan, eskolak emateko prestatu gintuen.”
Ondoren, Arrasate Musikal Aprendices eraikinera aldatu zen. “Hoberako aldaketa izan zen. Arbelak, ikasmahaiak eta leku gehiago genituen.” Orduan hasi ziren instrumentuekin lanean. “Pianola batzuk eman zizkiguten eta horrela hasi ginen. Gero piano berriak erosi zizkiguten eta dena errazagoa izan zen.”
Gero etorri ziren gainerako instrumentuak. Puntu honetan nabarmendu dute Luis Garroren papera. Solasaldian ere parte hartu du. “Donostian egoitza zuen Euskadiko Orkestran izandako kontaktuei esker, biolin, txelo, gitarra eta haizezko instrumentu batzuetako irakasleak etortzen hasi ziren larunbat goizetan klaseak ematera. Horietako asko atzerritarrak ziren eta musika karrera handiak egin dituzte. Albina Madinabeitiak ere, oporretan eta erretiroa hartu zuenean, biolin eskolak zituen.”
Guztiek beste puntu batean bat egin dute, “gutako inork ez zuen uste abentura hark 50 urte iraungo zuenik. Erreferente bihurtu ginen, estatuko lehen orkestra sinfonikoa izanda ere aitzindari izan ginen.”
Arrasate Musikal Aprendiceseko etapan 600 ikasle izatera iritsi zen. Ikasle haietako bik ere parte hartu dute solasaldian, Luis Usatorrek eta Javier Egidazuk. Musika eskolaren hastapenak ere gogoratu dituzte. “Ez genuen baliabide askorik, baina oso gustora joaten ginen musika ikastera. Lehenengo solfeoa eta gero instrumentua. Irakasleak oso zuzenak ziren gurekin, baina garai hartako oroitzapen oso onak gordetzen ditugu.”