“Nola sustatu helduek euskara gehiago hitz egitea umeen aurrean?”

0
1225

Arrasaten ere ‘Haurren aurrean helduok heldu’ izeneko ariketa soziala martxan jarriko da astelehenean, GEIKEk antolatuta. Gai hori hartuta, ondoko kale-inkesta egin dugu:

Juan Luis Lopez Castro ‘Julu’:

“Nik uste, euskal atsotitzak dioen bezala: zer ikusi, hura ikasi. Hau da, nire inguruan ikusten badut jendea kalean paperak lurrera botatzen dituela, nik gauza bera egiteko joera izango dut. Euskararekin beste horrenbeste gertatzen da: ez dugu euskara lurrera bota behar”.

Olatz Orokieta:

“Garrantzitsuak dira bai haurrei euskaraz egitea, bai helduen artean euskaraz egitea, haurrek askotan helduak imitatzen dituztelako. Eurentzat gurasoak erreferenteak dira”.

“Ezin diegu umeei agindu euskaraz egin dezatela eta ondoren helduon artean erdaraz mintzatzea. Onena da, haurrak aurrean ez daudenean ere, helduen artean euskaraz aritzea”.

“Helduok dendetan, tabernan, lagunartean,… lehen hitza euskaraz esaten badugu, haurrak gauza bera egingo du. Ohitura hori hartzea ezinbestekoa da”.

Luken Ormaetxea Artola:

“Lehen hitza edo saiakera euskaraz izatea. Batez ere haurrei zuzendutako kanpaina bat izateak arrisku bat dauka: sustatzea euskara soilik haurrentzako hizkuntza denaren uste okerra”.

“Orokorrean, herritarrek herritarrekin euskaraz egin behar dute, edozein dela adina. Umeengan zentratzeak eragin dezake euskara arauekin, diziplinarekin,… soilik erlazionatzea. Ahalegindu behar gara gure hizkuntza kalekoa eta lagunartekoa ere izatea”.

“Euskara ezin da hizkuntza formal huts bat bihurtu, soilik gurasoekin, irakasleekin eta bestelako helduekin egitekoa. Fokua batez ere kaleko hizkeran edo jargoian jarri beharko genuke, lagunarteko hizkera hori garatzeko eta erabiltzeko”.

“Ahalegindu gaitezen euskaraz mintzo den komunitate bat sortzen, eta erregistro ezberdinetan hitz egiteko gai izango dena”.

Luis Pagoaga ‘Luixito’:

“Euskara gehiagotan hitz egiteko sekreturik ez dago: erabili eta kitto. Alabaina, ohitura eskasak hartzen ditugu, erdarara joz. Euskararik gabeko Euskal Herririk ez dago”.

“Baliteke erdarara erraztasunagatik jotzea, joera hori urte luzeetatik dator. Joera hori areagotzen da solaskideen artean euskaraz hitz egiten ez dakien baten bat dagoenean”.

“Pertsona horiek ere euskara entzuten eta pausoz pauso ikasiko dute. Ezina ekinez egina. Nik beti lantegian beste pertsonekin hasierako hitzak euskaraz egiten ditut”.

“Baliteke fabrikan, hitz teknikoak erabili behar izaten ditugunez, batzuetan erdarara jotzea. Hizketaldiaren hasiera erdaraz baldin bada, ia beti hizketaldiaren jarraipena ere erdarazkoa izango da”.

“Horregatik hain garrantzitsuak dira hasiera euskaraz izatea eta hizketaldiaren ahalik eta gehiena gure hizkuntzan jarraitzea. Lantegira Mexikotik, Txinatik,… datozenean lehenengo hitzak ‘egun on’ dira. Ikasteko erraza da”.

“Bitxikeria bat kontatuko dizut: behin Frantziatik langile bat fabrikara etorri zen, hemen ostatu hartu zuen eta aholkatu nion alojamenduko sarreran ‘gabon’ esatea. Afrikako herrialdearen izena bezala, baina”:

“Frantziarra hotelera joan zen, baina hitzez erratu zen eta ‘gabon’ esan ordez ‘kongo’ esan zion harrerakoari… Harrerakoa harrituta begiratu zion, ezer ulertu gabe…”.

“Lantegian euskaldun berriekin ere lehen hitza euskaraz egiten dut, eta poliki-poliki egunetik egunera hizketaldian gero eta euskara gehiago erabiltzen dugu. Hasierako gaiak arinak izaten dira: eguraldia, aurreko asteburua, kirolak,…”.

“Katalanek euren hizkuntzari neurri handiagoan eusten diote, eta egia da horretarako guk baino errazagoa daukatela, baina guk ere eutsi behar diogu. Lantegian egun batzar guztiak euskaraz egiten ditugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen