Dirk Morenweiser idazle arrasatearraren ‘Uda laburregi bat Berlinen’ kontakizuna “talka erromantikoaren, talka erotikoaren eta lehen begiratuko amodioaren arteko nahasketa bat da”.
Zer darabilzu esku artean?
Literatura-aldizkari austriar hau izen handikoa eta hiru hilabetero argitaratzen da. Nire kontakizuna ‘Uda laburregi bat Berlinen’ egungo edizioan azaltzen da. Aldizkariak ekarpen literarioez, elkarrizketez, argitaletxeen funtzionamenduaz dihardu, azken batean, idazleen eta irakurleen munduaz.
Zer kontatzen du zure istorioak?
Nik esango nuke taka erromantikoaren, talka erotikoaren eta lehen begiratuko amodioaren arteko nahasketa bat dela.
Egiazko istorio bat da?
Ez dut uste erantzunak ez duela hainbesteko garrantzirik.
Aldizkariaren portada deigarria da.
Bai, hala da. Nik gustuko dut. Gai nagusia galdera baten ingurukoa da: ‘Amodiozko istorio batek amaiera zoriontsu bat behar du?’. Nire kontakizuna erantzun positibo bat jaso guran bidali nuen, eta laster batean iritsi zen.

Literatura-deialdi bat ikustean, berehala erreakzionatzen duzu?
Ez, zoritxarrez ez dut denbora tarte nahikorik. Gutxi gorabehera erregularki idazten dut, bururatzen zaidanaren inguruan. Deialdiak automatikoki posta bidez iristen zaizkit. Gaia eta baldintzak gustuko baditut, nire buruari planteatzen diot aurrez egindako zerbaitekin parte hartzea. Litekeena da egokitzapen edo aldaketaren bat egin behar izatea.
Horrekin dirua irabazten duzu?
Ezta urrundik ere. Saritzat aldizkariaren ale bat bidali didate. Baina kanpora begirako aitorpen bat da eta idazten jarraitzera animatzen nau. Nire eleberria ‘Lau Ilargi – Bidaia ziurgabe bat’ argitaletxeei aurkeztu nienean, nor nintzen galdetu zidaten, zenbat argitalpen nituen. Erantzunak jaso ostean ez ninduten onartu. Datorren aukeran, erantzun nezake nire zenbait kontakizun aldizkarietan eta antologietan argitaratu dizkidatela.
Idatzi duzuna euskaraz edo gazteleraz irakur daiteke?
Nire eleberria gazteleraz Amazonen eskura dago baina kontakizunak oraingoz alemanez daude.
Zergatik ez dituzu itzultzen?
Nire kontakizunak adibidez nire webgunean edozein hizkuntzatan argitaratuko banitu, ordutik aurrera ezingo nituzke lehiaketetan nahiz deialdietan aurkeztu. Baldintza oso orokor bat da inon argitaratuak ez izatea.
Ez duzu gazteleraz idazten?
Saiatzen ari naiz baina lagunen batek berrikustea behar dut. Esperantza handiak ditut aurki gaztelerazko istorio bat argitaratzeko.
Eskerrik asko!
Zuri