Igor Urizar: “Nire ziklo instituzionala amaitu dela ulertzen dut”

0
1619

Antikapitalistak erakundeko militante honek orain gutxi zinegotzi lekukoa pasa dio Eva Abuini, Elkarrekin Arrasateko ordezkari gisa. Ia 6 urtez zinegotzi lan egin ostean, Igor Urizarrek jarraituko du Euskal Herriko klase popularrei alternatiba eraldatzaile bat eskaintzen.

Argazkia: MB artxiboa.

Zein izan da zinegotzi kargua uzteko arrazoia edo arrazoiak?

Nire ziklo instituzionala amaitu dela ulertzen dut. Alde batetik antolakuntza eta ezberdintasun politikoak gero eta nabarmenagoak izan dira koalizioarekiko, eta bestetik maila pertsonalean ere egindako ibilbidea amaitutzat emateko ordua zela ikusi dut. Martxoan Ahal Dugu alderditik irten nintzen eta independente bezala jarraitu dut ordutik. Ondorioz bertako aktoreekiko loturak maila politikoan aldentzen joan dira, eta azkenik ulertu dut egokiena atzerapausoa ematea zela. Hau esanik, argi utzi nahi dut Ahal Duguko militanteekin erlazioa ezin hobea izan dela, gizatasun handiko pertsonak baitira eta hauekin ez dut inoiz arazorik izan.

Zelan definitu daiteke Antikapitalistak erakundea?

Espainiar estatuan Anticapitalistas konfederazioarekin eta mundu mailan 4. internazionalarekin bat eginik, Euskal Herriko klase popularren antolakuntza sozialista, feminista eta ekologista artikulatzea xede duen erakunde politikoa gara Antikapitalistak. Horretarako, iraganeko hari gorri-more eta berdeen testiguaz baliatzen gara egungo erronka eraldatzaileei aurre egiteko, hainbat frontetan eragin eta esku hartuz. Guretzat bukatu den etapa bat izan arren, Ahal Duguren eraketaren erantzuleetako bat izan gara, eta sartzen ari garen ziklo berri honetan ere ezkerreko aliantza zabalak ehuntzea da gure helburu, neoliberalismoaren zapalkuntzetaz jositako errealitate honetan, klase popularrei alternatiba eraldatzaile bat eskaini ahal izateko.

Nola baloratzen duzu zinegotzi gisa egin duzun lana? Zerbait gehiago egingo zenuke?

Oso galdera konplexua da ia 6 urteetako ibilbidea sintetizatzeko. Pertsonalki oso berde sartu nintzen eta ia ez dut ezagutzen 2015eko maiatz hartako Igor. Garapen politiko handia izan dut. Horren erantzule Antikapitalistak bertako kideak izan dira, baina nire kide (eta nire ordez sartuko den zinegotzi) Eva Abuin-ek garapen honetan izan duen rola, batez ere ikuspegi feminista bat emanez, funtsezkoak izan dira hau ulertzeko. Honenbestez eta egindako akatsak aitortuz (ugariak eta batzuk oso handiak), batez bestekoaz harro nago. Defiziten artean, kargua uzteko arrazoi nagusietako bat, ikuspuntu politikoak udal gizartean sozializatzeko erremintak asmatu edo ekin ez izana. Batez ere gizarteko aktore ekintzaileekin, erlazio ona izan arren, egindako loturak azalekoak izan dira erabat eta maila instituzionalean horrela lan egiteak niretzako, guretzako, ez dauka zentzurik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen