“Nire seme-alabak nirekin bizitzeko ia hamarkada bat daramat borrokan”

0
2490

Loredana Vieriu arrasatearrak, bere lehengo senarrarengandik tratu txarrak sufritzean, “administrazioak nire haurrak kendu zizkidan”. Hori aldatzeko, “bi sententzia irabazi nituen”, baina Bizkaiko Aldundiak ez dizkio itzultzen, argudiatuz seme-alabak “dagoeneko Bilbon bizitzera ohitu direla”.

Argazkiak: Loredana Vieriu.

Loredana Vieriu arrasatearrak, haurdun zela, bere orduko senarrarengandik tratu txarrak jasan zituen, baita ondoren mehatxuak jaso ere.

“Garai hartan administrazioak nire seme-alabak kendu zizkidan, eta hori ez da erabaki gizatiar bat”. Erabakia epaitegietara eraman zuen Loredanak:

“Lehen epaiketa irabazi nion, baina hala ere administrazioak ez zuen sententzia bete, eta ondorioz beste salaketa bat aurkeztu behar izan nuen”.

Bigarren epaiketa ere irabazi zion Aldundiari “baina hala ere Bizkaiko Aldundiak ez du nahi nire seme-alabak nirekin itzultzea”.

“Hasieran uste nuen aldundiaren erabakia zigor bat zela”, baina “orain argi daukat mendeku bat izan zela”. Ia hamarkada bat igaro da seme-alabak berarengandik eraman zituztenetik.

Gaur egun Loredanaren seme-alabek 11 eta 12 urte dituzte, eta urte guzti hauen ostean, “orain Bizkaiko aldundiaren zerbitzu sozialek beste aitzakia bat erabiltzen dute”:

“Esaten dute nire seme-alabak dagoeneko Bilbon bizitzera ohitu direla, baina zergatik ez zizkidaten itzuli zegokion garaian?”.

“Zerbitzu sozialek esaten didate hara bizitzera joan nadila, baina nik nire lana hemen daukat, hemengo alokairua ekonomikoagoa da eta nire bizitza hemen berrerraiki ahal izan dut. Arrasaten 10 urte baino gehiago daramatzat”.

Hortaz gain, “ni euren ama naizenez, nire seme-alabak nirekin bizitzera etorri behar lirateke, eta ez alderantziz”.

Aldundiari “ez zaio komeni nire seme-alabak libre uztea, eta hala adierazten dute hainbat psikologo, psikiatra, familia-mediku, kazetari, abokatu eta epailek”.

“Justizia ez da behar bezala aplikatzen”, eta berak salatu duenez “instituzioak tratu txar psikologiko eta bikarioa eragiten dizkidate”. Erreforma legalak ildo honetan “aurrera pausoak eman ditu”.

“Niri ez dizkidate tutela edota kustodia kendu baina aitzakiak erabiltzen dituzte, nik nire seme-alaben alde borrokatzen jarraitu ez dezadan. Argi gera dadila nire familia ez dabilela nire seme-alabak erretenitzen”.

“Nire alabak urrian 12 urte beteko ditu eta nire semeak datorren astean 13 urte. 12 urte betetzean haurrak berak erabakitzen du norekin bizi. Nik ez dut nahi nirekin bat bakarrik bizitzea, biak baizik”.

Aldundiak hala aginduta, Loredanak bere seme-alabekin “bi astean behin egon naiteke, 4 orduko bisita. Zerbitzu sozialei eskatu diet oporretan seme-alabekin 15 egun izatea, baina bakarrik egun bat eskaini didate. Euren haurtzaroa kendu didate, 9 urte eta erdi, hori oso gogorra da”.

Erlazionatutako albistea:

“7 urte, hilabete 1 eta 17 egun daramatzat nire seme-alabak nirekin bizitzeko borrokan”

2020ko martxoaren 11n argitaratutako albistea