“Nire komiki berria, ‘Iris XXII’, garai oso zailean aitaren omenez egin dut”

0
917

Julen Ribas ilustratzaile, marrazkigile eta komikigile arrasatearrak, “arlo pertsonalean azken urte eta erdia oso zaila izan” duen arren, lan berria amaitu ahal izan du. Yurre Ugartekin Durangoko Azokan aurkeztu du, eta komiki berria erosgai da Txalaparta argitaletxearen eta Berria egunkariaren webguneetan.

Komikiaren portada: Julen Ribas – Txalaparta / Argazkia: Julen Ribas

-‘Iris XXII’ irla batean girotutako komikia da?

-Bai. Mundua pikutara joan da eta Numun izeneko irlan bizirauten dute gizakiek. Denbora saltoen bitartez irla horretara nola heldu garen azaltzen dugu. Eta pertsonaia nagusien gatazka, istorioaren muina irla horretan kokatutako gertakizun bat da.

-Nolakoa izan da lan honen sorkuntza prozesua?

-Ohikoa. Yurre Ugartek elkarlana proposatu zidan. Gidoiaren sinopsia aurkeztu eta istorioaren nondik norakoak kontatu zizkidan. Gustatu zitzaidan planteamentua. Ni Sua komikia amaitzen nenbilen eta Yurrek planteatutako mundu distopikoa irudikatzea erronka polita iruditu zitzaidan. Dosierra prestatu eta argitaletxeetara aurkeztu genuen. Txalapartaren laguntzarekin eusko jaurlaritzaren komiki sorkuntzarako dirulaguntza jaso genuen. Eta horrek prosezuan asko lagundu zigun. Argitaletxe batek ematen duen aurrerapenarekin nekez egin baitaiteke horrelako lan bat.

-Oraingoan marrazketan familiaren laguntza zuzena izan duzu?

-Ez. Sare sozialetan txantxa modura nere alabari egindako bideo bat eskegi nuen. Bertan nire alabak bineta bat margotzen laguntzen zidan. Berak eskatuta pintzela utzi nion eta oso txukun koloreztatu zuen. Honekin zera irudikatu nahi nuen; Komikilariaren lana oso exijentea dela eta inguruan dituzunek askotan ulerkorrak izan behar dutela lanari eskaini behar dizkiozun ordu piloagatik. Metafora bat zen. Beraien sostengua eskertuz.

-Zelan eragiten dute sare sozialek egungo komikigintzan?

-Ba eragiten dute. Eta kasu askotan onerako. Komikia ikusizko euskarria da eta horretan eragina eduki dezakete sare sozialek. Urrutirago joan gabe; orain marrazten ari naizen proiektua sare sozialen laguntzarekin “kolokatu” dugu. Editoreak proba batzuetako orrialde batzuk ikusi eta proiektuaren inguruan galdetu zigun. Gidoilaria beraiekin bildu zen eta baldintzak adostu ondoren martxan jarri dugu. Lantalde berriak sortzeko ere asko laguntzen du. Gidoilariak eta marrazkilariak elkar ezagutzeko etab. Tresna oso baliagarria da. Erakusleiho paregabea.

-Ze moduz joan da Durangoko Azoka?

-Durangoko azoka beti da positiboa. Nekeza ere bai. Sortzaile modura oso lan bakartira ohituta gaude orokorrean. Eta Durangon irakurleekin harremana izaten dugu. Hori beti da positiboa. Era berean marrazkilariok liburuak sinatzeaz gain gure marrazkitxoak egiten dizkiegu irakurleei. Eta eguna ondo badoa marrazki mordoxka bat eginda zoaz etxera. Eta salmentei begira asko laguntzen du marrazkilaria bertan egoteak.

-Non dago erosgai lan berri hau?

Txalapartaren web-orrian eta Berriaren web-orrian. Tamalez arazoak eduki ditugu distribuzioarekin. Berandu iritsi da elkarren biltegietara eta Gabonetako kanpaina hasia delarik ez dituzte gure komikiak dendetako stand-etan jarriko. Urtarrileko hirugarren astera arte behintzat. Pena bat baina ez da soilik gure liburuarekin gertatu. Hortaz, zorte pixka batekin urtarrilean berrekingo diogu zarata egiteari liburuak bere bidea egin dezan.

-Beno Julen ba beste zerbait gehitu nahi baduzu, edo erantzundakotik zerbait azpimarratu, aurrera mesedez, zurea da hitza.

-Berezitasun modura inoiz egin dudan lanik bortitzena dela esango nuke. Baldintzei dagokienez. Ezin dira egilearen bizitza eta lana bata bestearengandik banatu eta arlo pertsonalean azken urte eta erdia oso zaila izan da. Aurreko urteko udan aitari minbizia antzeman zioten. Gaixotasuna gertutik bizi izan dugu etxekook. Aitarekin zaintza lanetan ibili ginen eta une askotan lana erabat alboratuta neukan. Autonomo izateak dituen abantaila gutxietako bat. Lana utz dezakezu nahi duzunean. Zure kargu noski. Azkenik aitak aurtengo apirilean utzi gintuen eta lanari berrekin behar izan nion urte amaierara garaiz heltzeko. Ez da testuinguru aproposena sorkuntzarako. Baina era berean bera omendu nahi nuen. Gurasoei esker naiz marrazkilari baina gehienbat aitarengatik. Oso zalea zen. Nire lehen irakurlea. Horregatik eta beste gauza askorengatik nire komikiko eskertza eta elkarrizketa honetako azken hitzak berarentzat dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen