Fernando Axpe Zubizarreta arrasatearra haserre aritu da plenoan, alkateari kontu eske. “14 urte daramatzat borrokan nire etxearen alde”, eta “Udalak 1.300 € kendu dizkit, zergatik??”.
Udalbatzarreko galde-eskeen txandan, Iturriotzeko bizilagun batek hitza hartu du, Fernando Axpe Zubizarretak.
Pertsona nagusi honek azaldu du Iturriotz kalean “inmobiliaria batek obra batzuk egin zituela 2006an. Ni ez nengoen ados, epaitegietara jo nuen, eta epaiketa irabazi nuen”.
Izan ere, sententziak agindu zuen “obra guztiak euren kontura egin behar zituztela, baina ez dute bat ere egin. Alkateak hori jakin badaki, nik berarekin arazo honetaz hitz egin dudalako udaletxean, baita epaiarekin kopia bat daukalako ere”.
“Hala ere, ez dit kasurik egiten”. Era berean, herritar honek salatu du 1.300 € baino gehiago kobratu dizkiola Udalak, kontu korrontetik pasatuta.
Plenoan alkateari zuzenean galdetu dio ea “zergatik kobratu duzue hori??”. Hainbatetan galdetu dio baina alkateak ez du arrazoirik azaldu.
“Alkateak orain denbora bat esan zidan Udalak kobratu dizkidala sententzia batean oinarrituta, baina nik sententzia hori erakutsi diezadala eskatu diodan arren, ez dit erakutsi”.
Pertsona nagusi hau bizi den etxea “erabat hondatuta dago, sabai batzuk apurtuta dauzka, eta ez du tabikerik, errefortzu zutabe batzuk baino ez. Ni bertan bizi naiz”.
Osoko Bilkuran iragarri duenez “alkateak erantzun barik jarraitzen badu, udaletxera etorriko naiz egunero beharrezkoa bada”.
“14 urte daramatzat borrokan, eta dirutza bat erabili behar izan dut, epaiketa irabazi arren. Ez dago eskubiderik”.