Arrasate Rugby Taldeak lortu du urte askoren ostean emakumeen talde bat osotzea. 20tik gora neska trebatzen dabiltza Julen Barrutia entrenatzailearekin. “Kluba zabalik dago errugbia probatu nahi duten neska eta mutil guztientzat”.
Goiko argazkia: MB / Beheko argazkiak eta bideoak: ART – Julen Barrutia.

Talde bat sortzeko lan eskerga egin behar da?
Bai, kanpotik gauzek errazagoek dirudite, baina lan ugari egin behar da, eta horretan pertsona ugarik parte hartu dute.
Zailagoa al da neskak errugbira erakartzea mutilak baino?
Ez, nik uste gaur egun ez dela arazo berezi bat. Egungo neskatila-mutiko gehienek ere futbola aukeratzen dute, baina zorionez gauzak aldatzen ari dira. Errugbiaz gain, munduan ere badira kirol gehiago, eta garrantzitsuena da kirola egitea, bata zein bestea. Kontuan hartu behar da kirol bakoitzak badituela bere alde onak eta txarrak.
Arrasate Rugby Taldeak urte ugari egin ditu emakumeen talde barik.
Bai, nesken aurreko taldeak jokatzen zuenean ni haur bat nintzen. Gutxi gorabehera 10 urte horrelako talde barik egon da.

Zein da talde berriko entrenatzailea?
Orain ligarik ez dagoenez, ni nabil neskekin lanean, baina aurrerago beste entrenatzaile bat bilatuko dugu, aurkitzea erraza ez den arren. Baina aurkituko dugu entrenatzaile apropos bat. Orain entrenatzea da garrantzitsuena, eta errugbia ikasten dabiltza.
Zenbat entrenamendu egin dituzue orain arte?
Lau, eta 20tik gora neskak parte hartu dute. Errugbi taldeak 15 jokalari ditu zelaian eta 8 aldaketa. Ondorioz neska gehiago izena eman dezakete noski. Neskak oso ondo entrenatzen ari dira, eta ikasteko gaitasun handia daukate, irakatsitakoa berehala ikasten ari dira. Oso pozik gaude.
Nondarrak dira jokalari berriak?
Arrasatearrak, eskualdekoak eta Unibertsitatera ikastera etorritakoak.
Oraindik denbora behar dute liga batean jokatzeko?
Bai, nik uste oraindik goizegi dela. Izan ere, lehenago gorputza fisikoki prestatu behar dute, eta errugbian jokatzen ikasi behar dute. Klubaren epe luzerako helburuetako bat da sexu eta kategoria guztietan talde bana izatea.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Errugbia probatu nahi duten neska eta mutilak animatzen ditugu horixe egitera. Entrenatzaileak, jokalariak eta Zuzendaritzakoak lan gogorra egiten dabiltza, eta horri esker errugbia poliki-poliki hazten ari da. Errugbia kirol polita da eta probatzeak merezi du.