Arrate Isasi-Isasmendi arrasatearrak ikertu egin du herriko gazteek “zelan sortzen dituzten esaldiak eta horretako zein mekanismo dituzten”. 70 partaide inguru aritu dira esperimentuan, eta Arrate ikerketaren ondorioak partekatzen hasi da.
Arrasateko zenbat gaztek parte hartu zuten ikerketan?
Bi taldetan parte hartu zuten, eta talde bakoitzean 35 neska-mutil aritu ziren. Kopuru hori nahiko ohikoa da gure ikerketan. Lehen parte-hartzaileak gutxiago izaten ziren, eta egun saiatzen gara 50ek gutxienez parte hartzea, emaitzak ahalik eta fidagarrienak izan daitezen. Gustura aritu ginen.
Nola gauzatu zenuten ikerketa?
Zati ezberdinak izan zituen. Guk Psiko-hizkuntzalaritza arloan dihardugu, eta ondorioz zati batzuetan parte-hartzaileei eskatu genien deskripzioak egin zitzatela, esaldiak nola eraikitzen zituzten jakiteko. Beste zati batzuek psikologiarekin zerikusi handiago zuten.
Ikerketak hainbat ertz zituen, eta partaide bakoitzak ordubete inguru eman zuen parte hartzen. Zati guztietan ez zuten hizkuntza erabili behar izan.
Zein izan dira ikerketaren ondorio nagusiak?
Ikerketaren helburua da aztertzea pertsonok zelan sortzen ditugun esaldiak eta zein mekanismo ditugun esaldi horiek sortzeko. Adibidez, zuk argazki baten deskripzioa egiteko, zure arreta argazkira era batera bideratu behar duzu, eta argazkiko elementuekin esaldiak eraikitzen dituzu.
Horrelako azterketak ingeles hiztunekin egin dira azken hamarkadetan, eta azterketa horiek, euren emaitzak ezagutzera eman dituztenean, emaitzak gehiegi orokortu dituzte; munduko hiztun guztiek ingeles hiztun guztiek bezala jokatuko balute bezala.
Nik eta ni bezalako ikerlariek erakutsi gura dugu esaldiak sortzeko modua eta atentzio patroia hizkuntzaren araberakoak direla. Beraz, ez dira unibertsalak.
Bide honetan, gure ikerketak euskara eta gaztelera alderatu ditu. Parte-hartzaileek argazkiak deskribitu zituztenean, ikusi genuen euren atentzioa bideratzeko patroi ezberdinak dituztela.
Horrek hizkuntzaren garrantzia agerian uzten du. Baita hizkuntza ezberdinen aniztasuna kontuan hartzeak ere. Izan ere, euskara hizkuntza ergatiboa da, eta gaztelera ez. Ergatiboak eragin zuzena du hiztunak esaldia mekanikoki egituratzean.
Ergatiboa hiztun askoren buru-hauste da, zergatik da garrantzitsua?
Garrantzitsua baino euskararen ezaugarri berezienetako bat. Hiztunok oso gogoan daukagu, eta nire koadrilan ere lagunen batek ergatiboarekin oker bat egiten duenean, umorez aipatzen dugu.
Euskararen inguruko hizkuntzak ez dira ergatiboak, eta hizkuntza ergatiboak munduan gutxiengoa dira. Ez da euskararen garrantzi gutxiko ezaugarri bat, inportantzia handia baitu hizkuntzaren egitura osoan.
Arrasatearrek aditza esaldiaren hasieran kokatzeko ohitura dute?
Faktore ugarik eragiten dute aditzaren kokapenean. Kanonikoki esaldiaren amaieran jarri behar da, eta gazteleraz esaldiaren erdialdean jartzen da.
Aditza esaldiaren aurrealdean jartzeak erraztu egiten du entzuleak edo irakurleak esaldia errazago ulertzea. Batez ere, hizkuntza idatzian. Nik uste azken urteetan kokapen berri hori sustatu da.
Gainera, horretan gaztelerak ere eragina izan du. Ondorioz, gero eta ohikoagoa da adibidez ‘Ni naz Ane’ esatea, ‘Ni Ane naz’ baino. Hitz-ordena eta ergatibitatea gazteleratik bereizten dituen bi ezaugarri garrantzitsuenetakoak dira.
Ingelesaren eragina ere nabaria da eurkaran?
Ez, ingelesarengandik hainbat hitz hartu ditugu, batez ere teknologia berriei dagozkienak. Baina hizkuntzaren maila garrantzitsuagoetan (gramatikan, fonetikan, fonologian) ez du eraginik izan.
Zerk harritu zaitu gehien ikerketa burutzean?
Uste baino errazagoa izan dela ikerketa egitea: AEKk erraztasunak eman dizkit eta herritar ugari animatu dira ikerketan parte hartzera (eurentzat holako ikerketa bat arrotza izan arren).
Aurreikusi zitekeen bezala, neskek parte hartzeko prestasun handiagoa erakutsi dute. Harritu ninduen ere parte-harzaileek batuarekiko azaldu zuten joera.
Izan ere, parte-hartzaileei azaldu nien euskalkia, batua nahiz beste hizkuntza bat erabil zitzaketela. Partaide askok deskripzioa euskalkian hasi zuten baina batuan jarraitu zuten, seguruenik ikastolaren edo eskolaren ondorioz.
Agian batuak eskaintzen dizkielako euskalkiak ez dituen hainbat hitz?
Baliteke, eta beste arrazoi bat izan daiteke guri ez digute inoiz euskalkiaren inguruko formakuntzarik eman. Horregatik, gure burua seguruago senti dezakegu batuan hitz egiten, edota badakigulako gauzak batuan zuzenago esaten. Baliteke.
Euskalkian ere ondo dihardugu, baina euskalkian oso gutxitan idatzi dugunez, ziurgabetasun handiagoa eragin diezaguke. Orokorrean euskalkiaren arauak baino hobeto ezagutzen ditugu batuarenak.
Ikuspuntu feminista batetik, non jarriko zenuke azpimarra?
Orokorrean, neskek mutilek baino gehiagotan parte hartzen dute Psikologia eta Psikolinguistika esperimentuetan. Gainera, euskara bezalako hizkuntza minorizatuetan, neskek ardura handiena euren gain hartzen dute.
Jakin badakigu hemengo hizkuntza zaindu behar dugula, bere egoera dela, eta horretan neskek eta emakumeek oro har ardura handiagoa dute. Hori baieztatu ahal izan dut esperiementuan.
Kalean ere, nik uste, neskek mutilek baino gehiagotan erabiltzen dute euskara. Nerabezaroan gaztelerara pasatzen diren gehienak mutilak dira.
Bestalde, ikerketa linguistiko ugarik ondorioztatu dute neskak direla hizkuntzetan berritasun gehien sartzen dituztenak. Euskal neskek ere hala egiten dute, eta jasotako hizkuntza zaintzen dute.
Esperimentuko emaitzak nora zuzenduko dira?
Artikulu bat osatuko dugu eta aldizkari zientifiko batera zuzenduko dugu. Prozesu luzea izango da, eta hainbat aztertzailek irakurriko dute. Talde handi bat garenez, denok adostasun bat lortu beharko dugu ingelesez.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Eskerrik asko parte-hartzaile guztiei eta lagundu nauten denei. Holako pauso txikiak lagungarriak dira euskararen presentzia alor honetako ikerkuntzan areagotzeko.
Zorionak ikertzaileari! Gai benetan mamitsua.
Ideia pare bat helarazi nahiko nituzke, hurrengoaren harira: “Partaide askok deskripzioa euskalkian hasi zuten baina batuan jarraitu zuten, seguruenik ikastolaren edo eskolaren ondorioz.” Hala da. Deskribapen ezin zehatzagoa.
Arrasaten euskalkian egiten dugu berba, baina ideia konplexuagoetara joz gero sarri aldatzen dugu erregistroz. Gehienetan, gaztelerara. Zorte pixka batekin, estandarrera. Batura aldatze hau ez da berez gauza txarra, gaiaren arabera hizkera jasoago batera jauzi egitea normaltasunaren barruan sar baitaiteke.
Hala ere, balizko irudi goxo honen atzean badira kezkagarriak -oso kezkagarriak- diren hainbat detaile, oharkabean euskera desegiten diharduten hainbat iluntasun, ainube eta geriza. Euskalkian dugun mailari buruz ari naiz. Maila baxuari buruz, zehatzago izateko.
Arrasateko euskalkiak azken hamarkadotan jasan duen endekapen maila benetan lazgarria da. Oñatiko gazte bat Arrasateko batekin konparatzea besterik ez dago, bi euskalkietatik zein bizirik eta zein hondaturik dagoen jakiteko -zilegizko konparazioa, jatorriz azpieuskalki berbereko bi aldaera besterik ez dira eta-. Esan beharrik ez dago gauza hauek ondorioak dituztela, jakina. Ondorio hori zera da, gure hizkeran, darabilgun euskeran, behar den moduan komunikatzeko daukagun ezintasun kronikoa.
Gurea izango da ziurrenik munduan leku bakarra non eskoletan ez zaion inongo jaramonik egiten herrian erabiltzen den hizkerari. Gazteleraren kasuan izan ezik noski, eskolan primeran lantzen baita kalean entzuten den gaztelera. Erabiltzen den gaztelerak 4 bat ordu izango ditu bere lanketarako, eskolan. Erabiltzen den euskerak, zero. Ondorioa? Gaztelera indartzen ari dira eskola-ikastolak. Argi eta garbi. Ikusi nahi ez duenak, itxi bitza begiak. Jarrai beza ostrukak imitatzen, ezer gertatzen ez delakoan.
Erabiltzen den hizkera lantzen ez bada, hizkera hori ahuldu egiten da. Erabiltzen jarraituko da, bai, baina gero eta iharrago, meheago, ahulago. Eta orduan, indar guztia edoski zaion puntura heltzean, arras pipiatutako hizkera horrek ez dio bere lekua hizkera estandarrari utziko, gaztelerari baizik.
Ikastolan mitokondrio baten atalen izen teknikoak ikasi daiztezke gaur egun, baina ez bizitza osoko aditz formak (neike, neuskio, balutso, leikie, daizun…) egunero-egunero kalean normaltasunez komunikatzeko beharrezko zaizkigunak. Hori gutxi balitz, gero eta gehiago dira aditz forma hauek edo hauetako batzuk euskera batuan txertatzea eskatzen duten ahotsak, bizitasuna irabazteko asmotan. Beno, ‘egin’ eta ‘*edin’ aditzen forma trinkoak orain ere erabil daitezke. Arrasaten betidanik erabili izan diren forma horiek batuan ere erabil genitzakeen, baldin eta ikastolak hil ez balitu. Horrez gain, Arrasateko lexikoarekin egin den basakeria dago, jakina. Hori ere batuan erabil genezakeena, baina eskola-ikastolek “garbitu” eta “xehetu” dutena, Tolosako lexikoaren faboretan, horretarako inongo beharrik ez zegoenean, euskara berari egundoko kaltea eraginik.
Herriko hitanoa gure begien aurrean hiltzen utzi izana ere ez da batere makala izan.
Komikoa litzateke, negargarria ez balitz.
Pottoka, hausnarketa zorrotza bezain aproposa. Plazerra izan da irakurtzea, ederto erakutsiaz gaur egungo bertako euskararen egoera zein latza dan.
Ea oin baten batek behingoz eskua sartzen dion arazoari.
Zinez, zorionak!