Nere Arregi: “50 km-ko Espainiako Txapelketan zilarra eta Mundukorako txartela lortu ditut”

0
819

Argazkia: Edurne Jauregi.

50 kilometroak egiteko 3 ordu 46 minutu eta 7 segundo baino ez zituen behar izan atleta musakolar-arrasatearrak. Goierri Garaia taldearekin parte hartu zuen Santanderko proban zapatuan.

“Hezetasun handia zegoen, eta lasterketa hastean, goizeko 07:00etan, 19 graduko tenperatura zegoen. Beroa ez zen arazorik handiena izan”.

Zirkuitua 2018ko berbera izan zen, 5 kilometrokoa, eta beraz 10 itzuli eman behar izan zizkioten. “Santanderko zirkuitu txarra da, aldatz gora eta biraketa itxi asko ditu”.

Hala ere, lasterkariaren “arazo handiena tripetako arazoak izan ziren, eta 20 kilometrotik aurrera ezin izan nuen urik ere edan… Beraz, hutsik amaitu nuen lasterketa”.

Dena den, 20 kilometrora iritsi aurretik ere arazoaz ohartu zen: “Tripak ez neuzkan behar bezala, eta horregatik kalkuluak egin nituen marka lortzeko”. Horren ondorioz, “nire kolkolrako pentsatu nuen: helmugara iritsiko naiz edo lehenago eroriko naiz”.

Lasterketaren hasieran “lehiakideak azkarregi abiatu ziren, eta ni ez nintzen joko horretan sartu. Apustua egin eta asmatu nuen”.

Lorpen handia lortzeko, entrenamendu ugari egin behar izan ditu Nere Arregi Sagastak. “Niri, egia esan, tabernak itxi zituzten azken aldiak on egin zidan”.

Izan ere, 2018tik arazo ugari izan ditu: lesioak, lan-istripua, pandemia,… baina Covid-arekin “maskara erabili behar ez izateko aukera eman dit, eta buruarentzat ere onuragarria izan da”.

Jendeak ere kirola gehiagotan egiten du, pandemia hasi baino lehen: “Harrituta nago orain zenbat herritar bizikletan edota korrikan aritzen diren. Covid-a, gauza batzuetarako oro har, mesedegarria izan da”.

Larunbateko lasterketara itzuliz, “lehen 200 metroak maskararekin korrika egin behar izan genituen, hau da, aldapa handi bat igotzean, antolakuntzak hala finkatuta”.

“Lasterketan zehar ere maskara gainean eraman behar izan genuen. Komunera joanez gero, edo zerbaiterako geldituz gero, maskara jantzita izatea beharrezkoa izan zen. Baita helmuga gurutzatzean ere”.

Era berean, lasterkariak freskatzeko “esponjarik ez zen izan, botilatxoak ezin zuten eskura eman,… baldintzak ohikoak baino gogorrak izan ziren”, azaldu digu 35 urteko atletak.

Nerek lorpen handi hauek eskaintzen dizkie “urte eskas hauetan ondoan eta laguntzen izan ditudan guztiei. Nik uste eurek konfiantza handiagoa zutela ni baino gauza batean: horrelako lorpenak berriro lortzeko kapaz izango nintzela”.

Bide horretan “burugogorra naiz, eta hori oso garrantzitsua da gorputza nahi bezala ez dagoenean. Horren adibide bat zapatuko lasterketa izan zen”.

Estatu espainiar mailan txapeldunordea izatea lortu zuenez, Munduko Txapelketarako txartela lortu du. Taiwango zitara begira “espero dut datozen 4 hilabeteetan hobetzea”.

“Hango umeltasuna eta beroa ikaragarriak izan daitezke. Eskerrak iaz behar bezalako oporrak hartu nituela, zeren eta aurtengoak ez dira halakoak izango: entrenatu eta kitto”.

Kontzentrazioa ere egingo du eta “ziurrenik Covid-aren aurkako txertoa garaiz jasoko dut”. Aupa Nere, ondo jarraitu eta zorionak!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen