“Nekatuta baina pozik aire zabalean nire lehen urrezko domina irabazita”

0
510

Malen Ruiz de Azua atletak pertika jauzian urrezko domina eskuratu zuen joan den larunbatean Espainiako Txapelketan. La Nucian, Alicanten, egin zen lehiaketan 4,35 metroko jauziarekin Arrasateko atletak urrezko domina eskuratu zuen.

Nola sentitzen zara Espainiako Txapelketan urrezko domina irabazi ondoren?

Txapelketari dagokionez, oso pozik, nekatuta baina pozik. Maila absolutuan aire zabaleko nire lehen domina izan da eta oso arro nago emaitzarekin. Bestalde, oso kantsatuta. Zapatuan egin nuen txapelketa eta oraindik nire gorputza nekatuta sumatzen dut. Zapatua arratsaldeko zortzietan izan zen txapelketa eta hotelera heldu orduko goizeko ordubiak ziren. Lehiaketa osteko gaua normalean txarra izaten da eta ez nuen ia lorik egin, gaur gauen ondo lo egin arren goizean lanera joan naiz, orduan ez dut asko deskantsatu.

Urrezko domina irabaztea espero zenuen?

Espero nuen gauza bat ez zen, baina egin beharreko gauza bat zen. Banekien lehiakide guztiok ondo prestatuta egongo ginela, denok dakigu zein den denboraldiko marka altuena. Faboritoak ginen guztiok marka antzekoak genituen eta ondo prestatuta gauden. Azkenean, egunean bertan hobeen egiten duenak irabazten du.

Horregatik oso garrantzitsua zen 4,30-4,35 altura horiek lehenengo saiakeretan pasatzea. Bi altura horiek lehenengo saiakeran pasa nituen eta horrek eman zidan garaipena.

Nola prestatu zinen txapelketa honetarako? Zure entrenamenduan zerbait berezia egon al da oraingoan?

Ez, beti bezala entrenatu dut. Denboraldi guztiak berdin planteatzen ditut, 2 piko nagusirekin: Pista estalirako eta aire zabalerako Espainiako txapelketak. Egia da, maiatzean asko estutu nituen entrenamenduak Europako txapelketarako markak onak lortzea nahi nuelako, baina ez nuen sailkatzea lortu eta orduan Espainiako txapelketan zentratu nintzen.

Zure ustez, zure teknikaren ze alderdi izan dira funtsezkoak arrakasta izateko?

Nik uste dut, egunetik egunera lan egiteko dudan gaitasuna da lehena. Fisikoki ondo iristen naiz eta alderdi garrantzitsuena fisikoki ditudan gaitasunak dira: Pertika nahiko altu heltzen dudala eta abiadura aldetik nahiko azkar egiten dudala korrika. Jauzian teknikari dagokionez, ez da egokienak, ez dut uste eredu bat naizenik salto egiten, baina nire gaitasunetara hobeen egokitzen den teknika da. Akatsak zuzentzen nituenean, salto gutxiago egiten nuen horregatik nire teknikarekin salto egitea erabaki nuen.

Zure prestakuntzan zehar, bereziki zerk motibatu zaitu?

Emaitza onak lortzea. Txapelketa garrantzitsuak ditudanean, kasu honetan Espainiako zen bezala, aurreko hilabeteetan ondo egoten saiatzen naiz, txapelketa egunean emaitza txukunak egiteko.

Zer esan nahi du zuretzat garaipen honek maila pertsonalean eta profesionalean?

Geratzen zitzaidan azken lorpena izan da. Kategoria guztietan aire zabaleko eta pista estaliko Espainiako txapelketak irabazi ditut. Maila absolutuan, 4 aldiz izan naiz pista estaliko txapelduna, baina aire zabalekoa zapatura arte ezin izan nuen irabazi.

Zure ustez, lorpen horrek nola eragingo du zure etorkizuneko ibilbidean?

Nik uste dut, ez duela inongo eraginik izango. Nire helburu pertsonal bat zen, baina ibilbidean ez du eraginik izango

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen