“Neka-neka dabilen” Osasun Publikoan “baliabide gehiago jartzea” exijitu du grebak

0
684

Covid-aren olatu berri honetan, sindikatu guztiek hobekuntzak aldarrikatu dituzte. Arrasateko osasun zentroetan esaterako “karga asistentzial handia dago, batez ere Lehen Mailako Arretan, arreta honek gainezka egin baitu”.

Osasungintzako sindikatu guztiek deituta, gaur greba eguna da Gipuzkoako osasun zentro publikoetan, besteak beste, Arrasateko Ospitalean eta Anbulatorioan.

Goizean bertako hainbat langilek eta bestelako hainbat herritarrek bilkura egin dute Ospitalearen aurrealdean. Ondoko sindikatuek deitu dute greba: LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE.

Bertako langile eta CCOOeko ordezkari Leire Ibanek azaldu bezala, “kalitatezko Osasun Publikoa” aldarrikatu dute, eta horretarako “exijitzen ditugu langileentzat hobekuntza laboralak, aurrekontuaren igoera, behin-behingo langile gutxiago izatea, langileen osasun eta segurtasunean hobekuntza, eta batez ere langileentzat atsedena”.

Izan ere, “langileok neka-neka eginda gaude, ordezkapenak gure artean betetzen gabiltza (aitzakia bezala esaten digutelako mediku eta erizain nahikorik ez daudela), baina Osakidetzan medikuez eta erizainez gain, izan badira zeladoreak, administrazio-laguntzaileak, administrariak eta sukaldariak, eta horien ordezkapenak egiteko ere agintariak ez dabiltza baliabideak jartzen ari”.

Covid-aren bigarren olatu honek “neka-neka eginda harrapatu gaitu, eta gainera %200 exijitzen digute. Aldarrikatzen ditugun lan-baldintzen hobekuntzek ekarriko lukete herritarrekiko arreta ere hobetzea”.

Debagoieneko ESIko egoera “eta beste batzuetakoa antzekoa da: karga asistentzial handia dago, batez ere Lehen Mailako Arretan, arreta honek gainezka egin baitu erabat, bertako langileok barne, gure esku dagoen guztia ematen gabiltza, are gehiago, baina alde horretatik zuzendaritza ez dabil hori estimatzen, eta gehiago exijitzen digu”.

Gaurko greba “alarma egoera batean egiten ari da, pandemia baten testuinguruan, eta ondorioz gutxieneko zerbitzuak %100ean daude zenbait zerbitzutan, Larrialdi Zerbitzuetan esaterako, edota atzeratu ezin diren kirurgien zerbitzuetan, Kirurgia Zerbitzuetan”.

Oro har, Osasungintzako greba baten jarraipena “ezin da kalkulatu greba egindako langile kopuruaren arabera. Izan ere, gutxieneko zerbitzuak %100ekoak badira langileok ezin dugu grebarik egin”.

“Beste parametro batzuei erreparatu behar diegu: bilkuretan parte hartu duten langileen kopurua, grebak herritarrengan izandako eragina, herritarrengan eragindako ezinegona, kexa kopurua, …”.

Langileen ordezkariak azpimarratu du “greba egiten dugula ez soilik langileen alde, baita herritarren alde ere. Izan ere, pertsonekin lan egiten dugu, eta hori ez dugu ahazten. Kalitatezko zerbitzu publiko bat nahi dugu, horixe merezi baitu euskal gizarteak”.

Sindikatuek eskerrak eman nahi izan dizkiete “greban parte hartu duten langileei eta era desinteresatuan bilkurara bertaratutako herritarrei. Batez ere, jubilatu elkarteei, jubilatu elkarteak babesa ematen ari zaizkigutelako, oso aktiboak baitira. Eurak aldarrikatzen hasi ziren eta eurengandik asko daukagu ikasteko”. Alde horretatik “eredugarriak dira, hori ez dugu ahaztu behar”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen