“Neandertal-etik badugu Homo Sapiens denok, gure onurarako”

0
341

Atapuercako ikerlari nagusietako batek, Maria Martinón-Torresek, hitzaldia eman du Kulturaten, eta ideia ugari partekatu ditu.

Irudia: Kulturate.

‘Lezetxiki: neandertalen lurraldea’ erakusketaren harira, mundu-mailako aditu honek hitzaldia eman du gaur arratsaldean Kulturaten.

Ekitaldi hau antolatu dute Arrasate Zientzia Elkarteak, Arrasateko Udalak, Aranzadik, Gordailuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, UPVek, Ikerbasquek eta Eusko Jaurlaritzak.

Curriculum luze eta apartekokoa da, eta 1998tik Atapuercako ikerlarien taldekoa da. Azpimarratzekoa da indusketa-gune horrek 40 urtetik gora daramatzala martxan.

Martinón-Torresek ideia ugari plazaratu ditu hitzaldian, eta besteak beste, Neandertalen aginak hizpide izan ditu.

Neandertalek “aginak oso gastatuta zeuzkaten, nerbioa agerian zeukaten eta kasuren batean, gastatzearen ondorioz, aginik gabe maskatu behar izan zuen”.

Komunitatearen garrantzia azpimarratu du, eta baieztapen ezagun bat aipatu du: “Gaixoa baino ahulagoa da bakarrik dagoena. Gaur egun ere horrela da”.

Halaber, biolentziari dagokionez, “hipotesi batek dio taldean bizi diren izakiak biolentoagoak direla bakarka bizi direnak baino”. Ildo horretan, “primate sozial bezala dagokigun biolentzia maila baino biolentoagoak ez gara”. “Zorionez biolentzia maila hori, kulturaren bitartez, modula dezakegu”.

Neandertalek Homo Sapiensok baino “%20ko biriki-edukiera handiagoa zuten. Horren arrazoi bat izan daiteke gorpuzkera handiago zutela, eta beste bat euren bizimoldea garatzeko beharrezkoa zutela”.

“Garai hartan ere kutsadura existitzen zen. Gaur egun askotan hitz egiten da kutsaduraz, baina orduan kobazuloetan sua egin eta kea sortzean toxizitatea eragiten zuten”.

Horren aurrean, “baliteke Homo Sapiensek euren gorputza detoxifikatzeko gaitasun handiagoa izatea Neandertalek baino”.

Neandertalen garunaren taimaina eta “gurearena berdina edo handiagoa zen. 1.300-1.500 zentimetro kubiko ingurukoa. Bien arteko alde nabarmenena garunaren forma da: Sapiensok buru esbeltoagoa daukagu edo Neandertalek planoagoa”.

Forma horren ondorioz “Sapiensok kontzpetuak eta ideia konplexuak gordetzeko gaitasun handiagoa daukagu, memoria operatibo handiagoa”. Ordea, “hipotesi bezala, baliteke eurek ikusmen handiagoa izatea”.

Atapuercako gune garrantzitsuenetako bat ‘La Sima de los Huesos’ edo ‘Hezurren Sima’. “Uste dugu gorpuzkiak hara propio eramaten zituztela. Horrek suposatzen du kontzientzia maila bat zeukatela”.

Era berean, “Neandertalek euren bizikideak izandakoak lurperatzen zituzten”, eta hori “jokabide funerario bat balitz, sinbolismo bat zutela suposatuko luke”.

Aurrera begira, Martinón-Torresek adierazi du “oraindik gauza asko jakiteke ditugula Europan, Afrikan, Ekialde Hurbilean, Txinan,…”.

Neandertalak eta Homo Sapiensak ugaldu egin ziren, baina Siberian agertutako giza espezie bat “ez da Neandertal ezta Sapiens ere, Denisovako gizakia da”.

Kurioski “giza espezie horrekin genetikoki antzekotasun handiena duten giza arrastoak Atapuercakoak dira”. Kontuan hartzekoa da batzuk Eurasiako punta batean bizi zirela eta besteak Eurasiako beste puntan.

“Gaur egungo Sapiensoon odolean Neandertaletik zerbait daramagu. Gure genetikaren %1 eta %4 artean Neandertala da, eta zati horrek batez ere inmunitatearekin zerikusia dauka”.

Sapiensaren eta Neandertalaren arteko hibridazioari esker “Sapiensok beste lurralde batzuetara zabaltzen eta okupatzen lagundu zigun, baita lurralde berrietara egokitzen ere”.

Martinón-Torresek nabarmendu ditu Neandertalak sakonago ezagutzeko “erakusketa zoragarria hau (‘Lezetxiki: neandertalen lurraldea’) eta inguru honetako indusketetan egiten ari zareten lan guztia”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen