“Nazioarteko lasterketa batekin hasi dugu denboraldia, sentsazio onekin”

0
437

Andoni eta Asier Azkarate arrasatearrek Grupo Eulen-en jarraitzen dute, eta aurreko asteburuan Essor Basque lasterketan parte hartu zuten, txirrindulari euskaldun, frantziar, ingelesen,… artean.

Zer moduz aurreko asteburuko bi etapak?

Zapatukoa nahiko zoroa izan zen, zapatuko lasterketan zuhaitz bat errepidera jausi zen eta ondorioz lasterketa behin-behinean eten egin behar izan zen. Ondorioz, ez genuen sentsaziorik izan, baina etapa amaitu genuen eta gustura gaude egindako lanarekin.

Domekan lasterketa on bat egitea lortu genuen, eta sentsazioak onak izan ziren. Denboraldiko lehen lasterketa izanda, zangoek ondo erantzun zuten.

Lasterketa hau denboraldiko lehenbizikoa da ezta?

Bai, taldeak laterketa honetan parte hartzeko aukera ematen digu, hau da, denboraldia Frantzian hasteko. Lehendabiziko pedalkadak dira eta adibidez lasterketa baliagarria da jakiteko ea neguko lana ondo egin dugun. Alde horretatik oso pozik gaude.

Euria eta hotza izan zenituzten errepidean?

Bai, urtero holako lasterketetan eguraldia antzekoa izaten da. Blai eginda aritu ginen.

Nazio ezberdinetako txirrindulariek parte hartu zenuten?

Bai, maila altuko lasterketa da. Denboraldiko lehenbizikoa izanik, eta Frantzian jokatzen denez, talde gehienak frantziarrak dira. Baita ingelesak ere eta hemendik Euskal Selekzioa eta gure taldea (Grupo Eulen),… aritu ginen.

Zenbat urte daramatzazue lasterketa honetan parte hartzen?

Gutxienez hiru urte, izan ere, kanpora irteteko aukera bat da. Uda partean ere Frantzia aldean lasterketa batzuetan parte hartzen dugu, eta maila antzekoa izaten da.

Zer ikasten da horrelako etapetan?

Beste era batean korritzen da, modu arraroan, hango abiadura handiagoa da, eta nazioarteko izaera duenez maila altuagoa da.

Datorren asteburuko hiru etapetan parte hartuko duzue?

Taldeak erabaki du txirrindularien bi multzo egitea. Horrela, multzo batekoek aurreko asteburuan parte hartu genuen, eta beste multzokoek asteburu honetan hartuko dute parte.

Asuntoa da Frantziara joateko PCRa egitea eskatzen dizutela, eta gure poltsikotik ordaindu behar dugunez, eta aurrekontua gehiegi garestitu ez dadin, taldeak erabaki du bi multzo egitea. Denboraldi hasiera denez, taldeak ez dauka helburu zehatzik, norberak sentsazioak aurkitzea baizik.

Ze moduz zabiltzate Grupo Eulenen?

Nik uste denboraldi hau polita izan daitekeela, hori lortzeko gogotsu gaude. Plantila aurreko denboraldikoaren oso antzekoa da, eta taldekide berriak ditugu. Talde nahiko gogorra daukagu, eta aurreko denboraldian jauzi txiki bat ematea lortu genuen.

Itxiera perimetrala dela, nola moldatzen zarete entrenamenduak egiteko?

Gu zorionekoak gara kirolari erdi-profesionaltzat hartzen gaituztelako. Ondorioz, gure udalerritik irten gaitezke eta askatasun nahiko handiz entrenatzen dugu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen