Arrasateko beste lokal batean (Erdiko Kaleko Naroki denda ohian) egin izan ditu Euskal Herri mailako bilerak azken 7 urteetan. Hemendik aurrera Ferreriasen jardungo du, herriarekiko “maitasun istorioarekin” jarraituz. Inaugurazioan eskertzak egin dira, oinarriak berretsi dira, eta ekaineko mobilizaziora dei egin da.

Gure Eskuk egoitza berria inauguratu du gaur arratsaldean Ferrerias kaleko Gabiria etxeko behean.
Ekitaldi irekian, herritarrez gain, Josu Etxaburu Osa eledunak ere parte hartu du. Baita Eñaut Zubizarreta Mendieta txelo-joleak ere.
Hitzartzean, ordezkari nazionalak azpimarratu du “Arrasaten gaudela 2017tik, eta Gure Eskuk ordutik astero, hamabostero, hilabeteroko bilerak Arrasaten egin dituela”.

Arrasateren eta Gure Eskuren arteko “maitasun istorio hau, gaur inauguratzen dugun egoitzarekin, sendotu baino ez da egiten”.
Horretarako “herriak ondo hartu behar zaitu, eta guk sentsazio hori daukagu, Arrasatek Gure Esku goxo eta abegikor hartu duela”.

Lehenbiziko eskertza “Jose Antonio eta Pilarri egiten diegu, Naroki denda ohian egin izan ditugulako bilerak 7 urteren buruan”.
Azpimarratu du “Gure Eskuk 2017k jarritako hainbat erronka eta mugarri” Erdiko Kaleko lokalean “jaio izan direla”.

Bigarren aitortza “Unai eta bere aitarentzat” izan da, zeren eta “lokal txukuna are txukunagoa izan zedin, lana erruz egin baitute”.
Halaber, inaugurazioa baliagarria izan da ekainaren 7ko Bilboko manifestaziorako deia berresteko.

Bixente Elortzarentzat ere txaloak eskatu ditu eta bertaratutakoek halaxe egin dute, esker onez.
Ildo honetan, aipatzekoa da ekitaldira gonbidatutako hainbat eragilek hitzordura hutsik egin ez dutela. “Guztiak ongietorriak izango dira Gure Eskuren familia zabal honetara”.

7 gako aletu ditu: “Herri bat gara, Elkarrekin, Komunitatea indartu, Erabakitzeko eskubidea, Burujabetza espazioak, Herritarron garaia, Etorkizuna eraiki”.











