Naturtzaindia Udalatxeko Kobaundiko saguzarrak aztertzen dabil

0
1255

Kontserbazio Biologiaren Elkarte hau nekazaritzako uztentzat onuragarriak diren ugaztun hauek aztertzen dabil Gipuzkoan zehar. Udalatxeko Kobaundin esaterako bi espezie aurkitu ditu. Ikertzaileen artean Naiara Corcuera arrasatearrak ere dihardu.

Saguzarren argazkiak: Naturtzaindia / Paisaiaren argazkia: Rutas por el Monte.

Naturtzaindiak (Kontserbazio Biologiaren Elkartea) antolatuta, iaz egitasmo honi ekin zioten 10 ikerlari inguruk, horien artean Naiara Corcuera arrasatearra.

Lanaren izena ‘Gipuzkoako Kiropteroen Atlasa’ da eta saguzarrak intsektujaleak direnez, espezie onuragarriak dira nekazaritzako uztentzat eta bioaniztasunarentzat, besteak beste.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gutxienez 25 kiroptero-espezie daude, eta guztiak tamalez Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan daude.

Naturtzaindiak azaldu du iazko lanaren helburua izan zela herrialdeko “kiropteroen inbentarioa eta banaketa berrikusteko informazioa biltzea, taldeko espezieak kontserbatzeko oinarrizko informazioa emanez”.

Hartara, 16 kobazulotan ikertu zuten, besteak beste, Udalatxeko gailurretik hurbil dagoen Kobaundin esaterako.

Ikerketetan hiru teknika erabili zituzten nagusiki: Zuzeneko bilaketa babesleku potentzialetan, kiropterologikoak- edo laino-sareak, eta ultrasoinuen grabazioa eta analisia.

Lan horien guztien ondorioz, Gipuzkoako 25 espezieetatik 22ri buruzko informazioa lortu zuten, eta Kobaundin hiru espezie aurkitu zituzten: Ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum), Schreibers-saguzarra (Miniopterus schreibersii) eta Ferra-saguzar txikia (Rhinolophus hipposideros).

Hain zuzen, ferra-saguzar handi 1 eta 7 Schreibers-saguzar aurkitu zituzten aitzuloan, guztiak arrak, eta noizean behin ferra-saguzar txikia ere. Izan ere, Naturtzaindia elkarteko Naiara Corcuerak azaldu digu “bertan lehen bi espezieek ugaltze koloniak sortzen dituztela, eta hirugarren espeziea neguan bertan izaten dela”.

Naturtzaindiak aurten ere ugaztun hegalari hauek ikertzen jarraitzen du, eta lan horretan zenbait arrasatear dabiltza.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen