Leintz Eskola Kirola, Besaide Mendi Elkartea, Gaztetxeko Guraso eta Haur Asanblada, Guraso.eus eta Txatxilipurdik elkarlanean, Arrasateko udalaren babesarekin eta aurtengoan aliantzan, Naturan Jolasean jaialdiaren 11. edizioa antolatzeko lanei ekin diogu beste behin. Antolatutako ekitaldiak maiatzak 31 igandean eta ekainak 1 astelehenean izango dira.
Antolatzaileen esanetan, «azken hamarkadetako garapen ereduak natur eremuetatik urrundu eta porlanezko hiri handietara bizitzera eraman gaitu. Honek, naturak eguneroko bizimoduan aurrera egiteko eskaintzen dizkigun baliabideei muzin egitea ekarri du».
Are gehiago, «naturatik urruntzeak, kultura oso baten galera suposatzen du: jakituria, ohitura, erritu, legenda eta kontakizun herrikoiak; zuhaitz, landare eta animalien ingurukoak; landa eremuaren, urtaroen eta, oro har, lurraren ingurukoak; osasuntsu bizitzen laguntzen zigutenak eta, batez ere, gure bizitzari benetako zentzua ematen diotenak», gaineratu dute.
Horiek horrela, «aldi berean argi dugu, natura ordezkorik ez duen osasun, ongizate, ikasketa eta sormen iturri agorrezina dela eta hau horrela, beharrezko ikusten dugu natur guneekiko atxikimendua areagotzeko dinamikak sortzea».
Aurtengo proposamenaren nondik norakoak honako hauek dira:
MAIATZAK 31(igandea):
10:00etan ETXEZARRETARA IBILALDIA FAMILIAN.
Arruenatik (Musakolako astoa) irtengo gara oinez.
11:00etan BISITA GIDATUA SAGASTIETXEKO LORATEGI BERRITUAN + JOLASAK.
Euria bada: alertarik egon ezean ekintza aurrera aterako da.
EKAINAK 1(astelehena): arratsaldez
ESPELEOLOGIA TXANGOA
Montxongo kobaren barna, LH 3/4ko haurrei zuzendua.
*Izen ematea ikastetxeetako LEK-eko koordinatzaileen bidez egin beharko da, txandak horren arabera antolatuz.
Euria bada: alertarik egon ezean ekintza aurrera aterako da.




