Abian da elkarlanezko Naturan Jolasean, ‘Adi Natura’ liburuak eskuan

0
322

Leintz Eskola Kirola, Besaide Mendi Elkartea, Gaztetxeko Guraso eta Haur Asanblada, Udalako Ingurumen Eskola, Guraso.eus, Naturtzaindia eta Txatxilipurdik antolatu dute elkarlanean. Asteburu honetan ekitaldi gehiago ospatuko dira.

Naturan Jolasean 8. edizioari hasiera eman zitzaion atzo arratsaldean Monterron parkean, haur eta guraso ugarik parte hartuz.

Sua argitaletxeak ‘Adi Natura’ liburu bilduma aurkeztu zien, eta ipuin kontaketa bat ospatu zen, ostean edukia praktikara ekartzeko aukera izanik.

Naturan Jolasean egitasmoaren jatorrian dago “Heike Freire-ren ‘Berdean hezi’ liburua duela 8 urte euskaratu genuela, eta hiru helburu genituen”:

“Filosofia hori euskal komunitatera ekartzea, gure elkarteko ADNan eta esku-hartze pedagogikoetan txertatzea, eta azkenik Arrasaten ahalik eta gehien zabaltzea”.

“Horixe da Naturan Jolasean ekimenaren helburua”, izan ere, “azken hamarkadetako gizarte zein bizi ereduak espazio naturaletatik urrundu eta hormigoizko hiri handietara bizitzera eraman gaitu. Honek, naturak eguneroko bizimoduan aurrera egiteko eskaintzen dizkigun baliabideei muzin egitea ekarri du”.

“Naturatik urruntzeak, kultura oso baten galera suposatzen du: jakituria, ohitura, erritu, legenda eta kontakizun herrikoiak; zuhaitz, landare eta animalien ingurukoak; landa eremuaren, urtaroen eta, oro har, lurraren ingurukoak; osasuntsu bizitzen laguntzen zigutenak eta, batez ere, gure bizitzari benetako zentzua ematen ziotenak”.

“Aldi berean argi dugu, natura ordezkorik ez duen osasun, ongizate, ikasketa eta sormen iturri agorrezina dela eta hau horrela, beharrezko ikusten dugu natur guneekiko atxikimendua areagotzeko dinamikak sortzea”.

“Zentzu horretan, Leintz Eskola Kirola, Besaide Mendi Elkartea, Gaztetxeko Guraso eta Haur Asanblada, Udalako Ingurumen Eskola, Guraso.eus, Naturtzaindia eta Txatxilipurdik elkarlanean, Naturan Jolasean jaialdiaren 8. edizioa antolatzeko lanei ekin diegu beste behin”.

Horren ondorioz, asteburu honetan ekitaldi gehiago izango dira gozagai:

Bihar, larunbata, maiatzak 20:

10:00etan/12:00etan ESPEOLOLOGIA TXANGOA – Montxongo kobaren barna, LH 3/4ko haurrei zuzendua eta bi txandatan banatua.
*Izen-ematea ikastetxeetako LEK-eko koordinatzaileen bidez egin beharko da.

18:30ean ZIORLAKO BEGIRATOKIRA IGOERA – Biteri plazatik abiatuta.

19:30ean VIVAK AUZOLANA – Ziorlako begiratokian.

20:30ean AFARIA – Zeuk ekarri eta bertan jan.

21:30ean SAGUZARREN BILA – Naturtzaindiaren eskutik.

22:30ean IZAR BEHAKETA + VIVAK GAUA – Ziorlako begiratokian.

Oharra (ekarri beharrekoak):

  • Afaria
  • Euritarako arropa
  • Aterkia
  • Frontala
  • Ilusioa eta ondo pasatzeko nahia

Etzi, igandea, maiatzak 21:

08:30ean HERRI GOSARIA

09:30ean JAITSIERA

10:30ean TALDE ARGAZKIA – Ziorlako astoan.
*Goian aipaturiko hainbat ekintzetan (Ziorlara igoera, Saguzarren bila, Izar behaketa, Vivak gaua eta herri gosaria) izena ematea beharrezkoa izango da.

Izena emateko lotura: https://labur.eus/NaturanJolasean2023
*Euria egingo balu, egitaraua Garagartzara bideratuko genuke, gaua Patxixena auzoetxean igaroz.

“Animatu gurekin batera, NATURAN JOLASTERA!”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen