Argazkia: EH Bilduren artxibokoa / Testua: Piter Encinas, Ekologistak Martxaneko kide.
Ekainaren 5ean ospatuko den Ingurumenaren Munduko Eguna dela eta, idazki honetan hainbat
ingurumen-arazo aipatu nahi ditut.
Azken boladan ekologismotik kezkaz ikusten dugu, nola politikari eta alderdi politiko batzuek ez duten
naturaren aldeko neurririk ezartzen. Gaur egungo egoera oso kezkagarria izan arren, oso nabarmena da
klima-aldaketa dagoela: tenperatura aldaketak, muturreko fenomeno meteorologikoak. Hala eta guztiz ere, “gure” politikariak herria hondatzen ari dira proiektu faraonikoekin. Adibideak soberan dauzkagu: AHTa, eolikoen proiektuak, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban Guggenheimen museo bat jartzea… erotuta daude ala? noski, helburua, enpresa pribatuak aberastea baldin bada, oso ondo gauzatzen ari dira.
Badaude beste arazo oso larri batzuk: erregai fosilen edota garraioen alternatibarik eza, edo hondakinen zoritxarreko kudeaketa, edo azpikontraten ondorioz zerbitzu publikoak okerrera eramatea…
Bestalde, kezkatzen gaitu nola batzuek dirua egiteko natura eta basoak lantegiak bihurtzen dituzten;
errentagarritasunari garrantzi gehiago ematen diote natura maitatzeari baino, eta txarrena da politikariek
alfonbra gorria jartzen dietela horrela jarrai dezaten. Oso garbi esaten dute 2023ko HAZI Fundazioaren
datuek, intsinis pinuaren baso-masa % 83 esku pribatuetan dago eta, adibidez, pagoarena % 75 baso
publikoetan, horrek ez du ezer esaten?
Nire ustez, politikarien konponbideak politikan aldaketekin egin behar da, eta gaur egun balio ez dena
beste modu batean egin behar da.
Euskadin hainbat politikariek diote otsoaren ehiza legeztatzea neurri eraginkorra dela ezkutuko ehiza
saihesteko, ekologistok, aldiz esaten dugu eraginkorragoa dela ezkutuko ehizaren aurkako kontrol gehiago ipintzea, isunak jartzea eta, zergatik ez, kartzela zigorrekin, aldi berean, koexistentzia sustatzea, ganadua babesteko prebentzio-neurriak jartzea eta inoiz ez espezie bat deuseztatzea.
Tranparik gabeko galdera bat egin nahi dut, ea asmatzen duzuen zein desberdintasun dagoen artzain baten eta abeltzain baten artean? Galdera horrekin artzainen lana aldarrikatzen dut. Artzainen eta abeltzainen etsai nagusienak industria-abeltzaintzak dira eta ez otsoak.
Amaitzeko, Txanogorritxoren benetako ipuinean, amona, txanogorritxoa eta otsoa askaltzeko geratu ziren, ehiztaria ez zegoen gonbidatuta.




