Arrasatear hau eta Naturtzaindiako beste kideak Gipuzkoan saguzarrak aztertzen dabiltza. 22 espezie aurkitu dituzte lurralde honetan, datu berriak lortuz, orain arte zegoenarekin alderatuta. “Europako saguzarrek ez dute gizakia orain kaltetzen duen koronabirusik”.
Naturtzaindia elkarteak bioaniztasunaren kontserbaziorako proiektuak sustatzea du helburu. “Bertako kideok – adierazi digu Naiara Corcuera arrasatearrak – uste dugu krisi guztien jatorrian bioaniztasunaren krisia dagoela”.
Izan ere, “bioaniztasuna ondo kontserbatzea beharrezkoa da gizakiaren bizi kalitaterako, bertan bizi garelako, bertatik elikatzen garelako,… Daukagun dena berari esker da. Horrenbestez, ondo kontserbatu behar dugu, gure onerako baita gure ondorengoen onerako ere”.
Bioaniztasuneko parte garrantzitsu bat saguzarrak dira: “EAEn 25 espezie daude, eta Arrasate-Oñati inguruan 14 aurkitu ditugu. Horietako batzuk oso arruntak dira, eta herritarrek kalean ikusi ohi dituzte. Beste batzuk baso zaharretan bizi dira, habitat aberatsagoetan”.
Espezie generalistak ez dira hain exijenteak, eta hauek erreka ertzetan gustura bizi dira, herriguneetan”. Animalia hauek gorderik ematen dute eguna, eta horretarako “batzuek kobazuloak baliatzen dituzte, lauzpabost espeziek baino ez, trogloditak dira horiek.
“Beste espezie batzuk zuhaitzetan gordetzen dira, zuhaiztiarrak baitira”. “Fisurikolak ere badaude, hau da, eraikin bateko edo arroka bateko arrakaletan edo pitzaduretan gordetzen direnak. Teilatu azpian egon daitezke, eta eraikin zaharrak hobesten dituzte”. Beraz, “kobez gain, saguzarrek beste leku ugari baliatzen dituzte”.

Animalia hauek “funtzio ekologiko handia betetzen dute, intsektuen populazioa kontrolatzen baitute. Hemengo espezie denak intsektujaleak dira, eta saguzar bakar batek gau batean 3.000 intsektu jan ditzake”.
Beste eremu batzuetako saguzarrak “nektarraz, polenaz edo frutaz elikatzen dira, eta hala landareen dispertsioan laguntzen dute”.
Gainera “saguzarra ez da gizakiarentzat arriskutsua. Saguzarrari buruzko mito asko daude, ‘ilea ebatzen dutela’, ‘kosk eginez gero amorruaz gaixotzen dutela’,… Ilean ez dira ebatzen, eta hemengo espezie guztietatik batek soilik amorrua transmititu dezake. Gainera, espezie horretako saguzar guztiek ez dute amorrua, eta kosk egitea beharrezkoa litzateke”.
“Probabilitate gehiago daude txertatu gabeko katu batek edo gertuko beste espezie batek gizakiari amorrua transmititzea. Gu, Naturtzaindiakook, amorruaren txertoa hartu behar izan dugu ikerketan parte hartzeko”.

Hipotesi baten arabera koronabirusak saguzarrean du jatorria. “Nik ere ez daukat oso garbi nondik datorren. Zientziak pandemia baino lehen jakin bazekien saguzarrek koronabirus mota asko dituztela, baina Europako saguzarrek ez dute gizakia orain kaltetzen duen koronabirus hori. Badituzte beste koronabirus batzuk baina ez hori”.
Gaixotasun mota hau da gizakiak “Ingurumena tratatzen duen moduari erantzun bat, tratu horrek azkenean gizakiaren aurka erantzuten du. Horregatik txertorik onena da inguruko bioaniztasuna zaintzea eta ondare hori mantentzea eraldaketa ahalik eta gutxienarekin. Gizakiak bere ingurua guztiz eraldatzen badu, ondorioak kaltegarriak izango dira gizakiarentzat”.
Beste hipotesi batek dio “birusa Txinako granja intentsiboetatik hedatu dela, granja horietan animaliak pilatuta eta erabat estresatuta dituztelarik. Besteak beste txerriak daude, eta haragi hori jatean omen du jatorria pandemiak. Horren antzekoak izan ziren behi eroen gaitza eta hegazti gripea. Diotenez ziklikoa da, zortzi urtean behin halako birus bat hedatzen da”.
2010ean “Bergarako Pol-Pol mendi taldeko ‘Mendia Bizirik’-eko lagunekin hasi ginen gaia jorratzen, detektoreak erabiltzen eta batez ere ikasten, Deba bailaran gehienbat. Gero, beste herri batzuetan ere inbentarioak egiteari ekin genion, Naurtzaindia Elkarte bezala, eurek eskatuta”.
Iaz Gipuzkoa osoko kanpaina egin zuten, eta ondorengo pausuak eman dituzte: “Kobak aztertu ditugu, eta 12 edo 16 metroko sareak jarri ditugu iluntzean saguzarrak bertan sarera daitezen”.

Saguzarra harrapatzean “bere sexua eta espeziea zehazten ditugu, eta ondoren ile pixka bat mozten diogu, sagur hori jada aztertua dugula jakiteko. Horrela, saihestu dugu saguzar berberak behin baino gehiagotan ez aztertzea. Konturatu gara oso gutxitan erortzen direla bitan sarean, ez dira ergelak”.
Detektoreak ere oso garrantzitsuak dira: “Azken hamar urteetan teknologikoki garapen handia izan dute. Mobilari edo ipad-ari detektore txiki bat jartzen zaio, eta horrek saguzarren ultrasoinuak jasotzen ditu”.
“Espezie bakoitzak frekuentzia eta inpultsu mota bana dauka. Nolabait, espezie bakoitzak hizkuntza bat dauka. Mobilak edo ipad-ak detektorearekin azaltzen du zein espezie den. Gero, ordenagailuarekin interferentziak kendu ahal zaizkio”.
“Beste detektore batzuk bertan utz daitezke saguzarren ultrasoinuak jasotzen. Datu horiek gutziak ordenagailuarekin lantzen ditugu, eta ikerketaren emaitzak lortzen ditugu”.
Ikerketa honi esker, “Gipuzkoan 22 espezie aurkitu ditugu. Horietako batzuk desagertzear zeudela uste zen, baina ikerketarekin ondorioztatu dugu uste hori datu faltagatik zela. Izan ere, espezie horiek toki gehiagotan aurkitu ditugu”.

Gainera “espezie batzuen Gipuzkoako lehenengo zitak jaso ditugu, eta baliteke horren arrazoia izatea orain arte lurralde honetan saguzarrak gutxi ikertu direla. Azken ikerketa 2001ean egin zen, eta ordutik teknologia nabarmen garatu da. 2019tik esfortzu erlatibo batekin emaitza politak lortu ditugu”.
Horiek lortzeko, Naturtzaindiako kideak “saiatzen gara Administrazioarekin egitasmoak bultzatzen, Ingurumen Sailekin, eta Eusko Jaurlaritzak elkarteei zuzendutako diru laguntzetara aurkezten gara”.
Horrela, “Gipuzkoako hainbat herritan baditugu proiektuak martxan, eta hortaz gain lan boluntarioak egiten ditugu, saguzarren inguruko egitasmo hau esaterako. Aipatzekoa da udal batzuentzat animalia hauei buruzko egitasmo batzuk egin ari garela, adibidez, Alkizan, Itsasondon, Ataunen,…”.
Arrasateko Udalak elkarteei bideratutako diru laguntzetara eskaera aurkeztu zuen, saguzarren inguruko ikus-entzunezko bat egiteko, ikerketa dibulgatze aldera, eta jendartea kontzientziatzeko.
Horrela, “Iban Ayesa kamera eta natura zale arrasatearrarekin irudiak grabatu genituen Arrasateko koba batean. Bertan bi espezieren kumatzeko kolonia bat dago, horrelako 15 daude guztira EAE eta bi espezieen egoera kaltebera da. Babestu beharreko tokia da, beraz”.

Iban Ayesarekin ere beste 5 espezie grabatu ditugu Gipuzkoan, baita elkarrizketa batzuk ere. “Aurreikusten dugu ikus-entzunezko hau urtarrilean ezagutzera ematen hastea”.
Oro har, saguzarrak “fauna talde oso ezezaguna da, baina oso interesgarria, mundu bat da. Horren alde egiten badugu, beste guztiaren alde egiten dugu. Espezie denak babestu beharrekoak bezala katalogaturik daude”.
“Administrazioek habitatak kotserbatzeko eta berreskuratzeko proiektuak abiatzea beharrezkoa da: basoak, errekak, zelaiak eta kobazuloak”. Ildo honetan “kobazuloetan bandalismo ekintza batzuk egin izan dira: zaborra botatzea, sua piztea edota zarata egitea esaterako”.