Urriaren 1ean ospatzen den Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna dela eta, Arrasateko Nagusien Kontseiluak zenbait ekitaldi antolatu ditu, irailaren 27tik urriaren 1era. Nagusien Kontseilua hainbat elkartek osatzen dute, besteak beste, Abaroa, Duintasuna, Caritas, Bizi Poz eta Sasoibide.
Iaz, kobidak sortutako epidemia egoeraren ondorioz, ospakizun txiki bat baino ez zuten egin urriaren 1ean. Hala ere, Pili Iriarte Nagusien Kontseiluko kideak azpimarratu duenez, “antolatu dugun programa anbizio handikoa da, eta lan handia da kolektibo hau osatzen dugunontzat; beraz, herritar guztiak animatu nahi ditugu antolatu ditugun jardueretan parte hartzera.”
Irailaren 27an, astelehena, arratsaldeko 17:00etan, Kulturaten, biztanleriaren zahartzeari buruzko mahai-ingurua egingo da. Jokin Etxeberriak moderatuko du, eta Olatz Etxabe Iturbideko zuzendariak, Izarra Gonzalezek, Iñaki Peña doktoreak eta Miguel Angel Lazpiur Arizmendiarrieta Fundazioko kideak hartuko dute parte. Ekitaldia amaitzeko, Arrasate musikaleko beteranoek emanaldia eskainiko dute.
Irailaren 28an, asteartea, goizeko 11:00etan argazki erakusketa bat inauguratuko da BAZen, Nagusien Kontseiluak 2018an sortu zenetik egin dituen jarduera guztien kartelekin. Arratsaldean, 19:00etan, Amaia Udal Antzokian ‘Abuelos’ filma proiektatuko da.
Irailaren 29an, asteazkena, goizeko 11:00etan, azoka bat egingo da Kulturaten, eta Arrasateko jubilatuen lau etxeek (Uribarri, Etxaluze, Toki-Argi eta Musakola) ikasturte honetarako antolatu dituzten jardueren aurkezpena egingo da. Arratsaldeko 18:00etan, Kulturaten, Aritz Resinesek, Arrasateko Sexologia Zerbitzuko kideak, hitzaldia emango du pertsona nagusien sexualitateari buruz.
Hurrengo egunean, irailak 30, osteguna, goizeko 10:00etan Sasoibidek antolatutako irteera egingo da. Hiru ibilbide prestatu dituzte, zailtasunaren arabera. Ibilbiderik errazena Mojategiraino izango da, zailtasun ertainekoa Arrasateko Balkoneraino eta zailena Miraballeseraino. Itzuleran lunch bat izango da Etxaluzen, eta txartelak salgai egongo dira 5 euroren truke. Arratsaldeko 16:00etan Iturripen Bixi-biziren eskutik Hobekuntza fisiko-motrizerako tailerra izango da.
Amaitzeko, urriaren 1ean, ostirala, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean, ekitaldi bat egingo da Kulturaten, kolektibo horren interesak nabarmenduz. Ekitaldia Arrasate Musikalen emanaldi batekin amaituko da.
Irailaren 27an egingo den mahai-ingurua, hilaren 29ko sexualitateari buruzko hitzaldia eta urriaren 1eko Kulturateko ekitaldia YouTube plataformaren bitartez ere jarraitu ahal izango dira streaming bidez.
Irailak 27, astelehena, 17.00etan: Mahai ingurua
Irailak 29, asteazkena, 18.00etan: Sexulitatearen inguruko hitzaldia
Urriak 1, ostirala, 11.00etan: Persona nagusien nazioarteko eguna
