Dekano berria doktorea da eta digitalizazioan aditua, eta hamaika urte daramatza lanean fakultatean, Mondragon Unibertsitateak azaldu bezala.
Argazkia: Mondragon Unibertsitatea.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Kontseilu Errektoreak Nagore Ipiña izendatu du Fakultateko dekano berria. Arrasatear gaztea Hezkuntzan doktorea eta, besteak beste, KoLaborategiko zuzendaria eta Fakultateko Ikerketa eta Transferentzia arloko zuzendaria izan da. Hamaika urte daramatza lanean fakultatean.
Nagore Ipiña Larrañaga (Arrasate, 1983) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da eta Hezkuntzan doktorea. Bere doktorego tesian landu zituen teknologia berriak eta atzerriko hizkuntzaren garapena.
Ikerketa ibilbide luzea du Ipiñak. Batez ere, eleaniztasuna, edukien eta hizkuntzen ikaskuntza integratua eta digitalizazioaren eragina hezkuntzan izan dira bere ikergaiak.
Dekano izendatu aurretik, hainbat ardura izan egin ditu Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean: online graduen koordinazioa, KoLaborategiko zuzendaritza -Gizarte Digitalerako Hezkuntza eta Komunikazioarako laborategia-, eta, urtebetetik hona, Fakultateko Ikerketa eta Transferentzia arloko zuzendaritza. Dekano berriak lau hizkuntza ezagutzen ditu: euskara, ingelesa, espainola eta frantsesa.
Arrasatearrak ordezkatuko du azken sei urteotan dekano jardundako Begoña Pedrosa. Egun, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saiburuordea da Pedrosa.