Musikal formatuko ‘Kutsidazu bidea Ixabel’ komediako sarrerak erosgai dira

0
449

Udalak antolatuta, komediak kontatzen ditu euskaldun berri baten baserriko abenturak eta kalenturak. Demode Produkzioek aurkeztuko dituzte Amaian igande honetan.

Joxean Sagastizabal idazlearen ‘Kutsidazu bidea Ixabel’ nobela ezagunean oinarriturik, Aitziber Garmendia eta Patxi Barcok egokitu dute eleberria musikal formatora.

Zuzendaritza musikalaz Joli Pacualena arduratu da, eta jatorrizko abestiak Demode Quartet-enak dira. Hona hemen musikalaren sinopsia:

“90 minutuko komedia musikal honetan, Juan Martín donostiar gaztea mendi puntan galdutako baserri batera joango da uda igarotzera, bere euskara maila hobetzea helburu hartuta. Han dagoela, abesti eta abesti artean, egiaztatuko du baserrian bizi direnek darabilten euskarak ez duela zerikusirik gelan ikasi duenarekin. Baserriko familia aitak, alaba gazteak eta amonak osatzen dute”.

“Ikuskizunean ikusiko dugun bezala, Juan Martínek bi auziri egin beharko die aurre: batetik, hizkuntza-arazoak ditu, eta, bestetik, landa-inguruneaz ezer gutxi daki. Horrez gain, Ixabel familiako alaba erakargarriak ordura arte ezezagunak zituen sentimenduak piztuko dizkio, eta inguruak ere zur eta lur utziko du, izan ere, musikaren bidez komunikatuko da berarekin: zuhaitzak rap doinuan, sagarrak ‘a kuppela’ abesten eta behiak dantzan”.

Arrasaten asteburu honetan izango dugu, Amaia Udal Antzokian domekan (azaroak 22) arratsaldeko 19:00etan, 15 euroren truke, segurtasun neurrik hartuz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen