Ekainaren 15ean irekiko dira kiroldegiaren alde lehorreko instalazio batzuk eta uztailaren lehen astean zabalduko da kanpoko igerilekua. Segurtasun eta higiene neurri guztiak bermatzeko lanean dihardu Udalak.
Musakolako Kiroldegiko tenis eta padel kantxak eta kardioko makinen gimnasioa irekiko dira ekainaren 15etik aurrera, eta uztaileko lehen astean kanpoko igerilekuaz gozatu ahal izango dute erabiltzaileek, segurtasun irizpide batzuk jarraituz.
“COVID 19ko egoerak behartzen gaitu kirol instalakuntzetan hainbat neurri hartzera, bai alde lehorrean eta baita hezean ere. Higiene eta segurtasun neurri guztiak bermatzeko lanean dihardu Udalak. Herritarren segurtasuna bermatzea da lehentasuna” adierazi du Ander Garay Kirol zinegotziak.
Ez da eguneko sarrerarik salduko edozein kasutan, hau da, abonatuek soilik sartu ahal izango dute kiroldegiaren instalazioetan. Beharrezkoa izango da aurretiko hitzordua eskatzea webgunean edo telefonoz: gehienez 48 orduko aurrerapenarekin hartu ahalko da, eta gutxienez, egin nahi den erabilera ordua baino bi ordu lehenago.
Alde Lehorra (kantxa eta gimnasioa)
Tenis kantxetan eta frontoian bi pertsonak bakarrik jokatu ahal izango dute batera eta gehienez ordubeteko partidak izango dira, eta padel pistetan lau pertonek jokatu ahal izango dute batera
Kardioko gimnasioan erabiltzaileek makina zehatz bat alokatuko dute ordu betez eta eskuoihala eraman beharko dute nahitaez. Amaitzean derrigorrezkoa izango da 5-10 minutu hartzea erabilitako gailua desinfektatzeko.
Alde lehorreko instalazioetako neurriak ondokoak dira: Bi metroko distantzia mantendu beharko da beste erabiltzaileekin. Ez da gomendagarria igogailua erabiltzea. Aldagelak, takilak eta harrerako iturri eta janari makinak ez dira eskuragarri izango.
Alde hezea, aurretiazko hitzorduarekin
Kiroldegiko alde hezea, kanpoko igerilekua, uztailaren lehen astean irekiko da. Abonatuek soilik sartu ahal izango dute eta edukiera 250 erabiltzailera mugatuko da. Aurrez hitzordua hartzea beharrezkoa da, webgunean edo telefonoz.
Bi egunean behin bakarrik hartu ahalko da, edukiera arazoengatik, gehienez 48 orduko aurrerapenarekin eta gutxienez egin nahi den erabilera baino bost ordu arinago. Hitzordua 24 ordu aurretik baliogabetzeko aukera izango da, ondoren ez da aukerarik emango eta instalazioak erabili izango balira bezala zenbatuko da.
Bost denbora tarte zehaztu dira kanpoko igerilekua erabiltzeko, instalazioen erabilera aktiboa eta aisialdikoa bereiziz: 9:30etatik 10:30etara ezingo da zelaian eguzkia hartu, bakarrik igerian ibili ahalko da. Horretarako, 30 minutuko bi txanda zehaztu dira eta bakoitzean gehienez 16 pertsonek egin ahal izango dute igeri.
11:00etatik aurrera irekiko da igerilekua aisialdiko jardunera eta ohiko sarreraren ezkerretara dagoen erabilera anitzeko espaziotik sartu beharko dira erabiltzaileak. Lehen txanda 13:00ak arte izango da, eta, ondoren, 13:30etatik 15:30etara, 16:00etatik 18:00etara, eta 18:30etatik 20:30etara. Txanda amaitzeko 10 minutu falta direnean erabiltzaileak uretatik irten beharko dira. Behin igerilekuan sartzean, ezingo da instalazioetatik irten eta berriz itzuli.
Aldagelak, takilak eta kioskoa ez dira erabilgarri egongo eta pertsonen arteko segurtasun neurriak bete beharko dira uneoro. Gune berdean ezingo da korrikan, baloian, pilotan, paletan, ur-puxiketan edo antzeko jolasetan aritu eta 2006 urtetik aurrera jaiotakoak heldu batekin sartu beharko dira instalazioetara. Txapoteo igerilekuaren erabilera 6 urtetik beherako umeentzako mugatuko da, eta ez da gomendatzen haurren aulkiak instalaziora sartzea.
Neurri horien guztien aplikazioaz gain, zinegotziak “birusaren aurkako prebentzio-neurriak hartzeko eta gomendioei erantzuteko herritarren banakako erantzukizuna” eskatu du. “Jakitun gara egoera ez ohiko baten aurrean gaudela et ahorregatik herritarren kolaborazioa ezinbestekoa da, ahal den heinean kirol instalakuntzetan guztiok goza dezagun, eta behin-behineko egoera honi guztion artean aurre eginda, eta norbanakoaren ardura eta konpromezuarekin, uda honetako egoerari era positiboan aurre eginaz”.