Arrasate Herri Eskolak Musakolako eraikin berri osoa oporren bueltan estreinatuko du

0
4245

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak, irakasleak eta bestelako langileak urtarrilaren 7an eraikin osoa erabiltzen hasiko dira.

Urte eta obra askoren ostean, 2026 urtearen hasieran Musakolako AHEren komunitateak estreinaldia egingo du.

AHEk gaur baieztatu digu “gimnasioa eta jangela duela hilabete ingurutik, abenduaren hasieratik erabili ahal izan ditugula, soilik Haur Hezkuntzako umeentzat”.

Abenduaren 17an sinatu ziren eraikin berria Herri Eskolarena dela ziurtatzen duten agiriak, eta opor egun hauetan “oraindik langileren bat edo beste badabil azken lanak egiten, eta Udala ikuskapen handia egiten ari da”.

Ildo honetan, oporretatik bueltan, “urtarrilaren 7tik Haur Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara arte, talde bakoitzak gela bat izango du”. Instalazio berrietan izango dira bai Haur Hezkuntzako ikasle guztiak, baita Lehen Hezkuntzakoak ere.

Hainbat denboran zehar, auzoko ikasleek auzoz kanpoko Herri Eskolaren beste zenbait ikasgelatan ikasi behar izan dute. Horregatik eraikin berriarekin “etxera itzultzen direla esan dezakegu”.

Urtarrilaren 7a baino lehen, “irakasle batzuk eraikin berrira joango gara gelak politto jartzera, umeek lehen egunean sentsazio polita izan dezaten”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen