Ziorlako Jai Batzordeak egitaraua antolatu du, eta bertan omenaldia, trikipoteoa,… ospatuko dira. Antolakuntzatik herritarrak animatzen dituzte zapia, txapela nahiz kamiseta berriak janztera. Halaber, baieztatu dute jai hau adibidez Santamasen osagarri bezala planteatu dutela.
Goiko argazkia: MB artxiboa / Beheko testua eta argazkia: Ziorlako Jai Batzordea.
‘Musakola Bizirik’ ekimenaren baitan aurten lehenengo aldiz Baserritarren Eguna 2022 ospatuko dugu abenduaren 17an.
Egun hori baliatuz, zaharberritutako San Isidro ermitaren berreraikipena egingo da. Goizean goizetik kanpai errepikak egingo dira eta 11:30ean baserritar eta auzokide guztien omenez meza nagusia egingo da bertan. Ondoren jai batzordeak eta Musakolako jubilatuen elkarteko juntak luntxa eskainiko dute Musakolako jubilatu etxean, eguerdiko 12:30ean. Aldi berean, eguerdiko 12:30ean trikitilari nahiz gaiteroek alaitutako trikipoteoa hasiko da Musakolako jubilatuen etxetik, Musakolako tabernetatik barrena, bazkalordura arte. Ondoren bazkaria, Musakolako jatetxe eta elkarteetan, bakoitzak bere kontura. Denboraz ibili erreserbak egiteko! Bukatzeko, arratsalde-gaueko trikipoteora bueltatuko gara trikiti doinuez, auzoko kaleak alaitzera, iluntzera arte edo nork daki zein ordu arte!!
Eguerdiko txikiteoan tabernek txistorra edo beste jatekoren bat eskainiko diete hurbiltzen diren guztiei.
Bestalde, auzotar nahiz gerturatzen diren guztiei baserritar txapela eta zapia janzteko eskaera egiten diegu egun horretan. Baita kamiseta berriak ere!!
Bukatzeko, argi utzi nahi dugu egun honekin ez dugula beste inoren jai edo ekintzarik zapaltzeko asmorik, eta egun hau gehigarri bezala planteatzen dugula, bereziki ondoren datozten Santamasak edo eta Gabonak berotzeko asmotan.
