Musakolak, eraikin berriaz, 0-18 urte arteko hezkuntza publikoa izango du

0
2133
San_Antolin

Orain 6 eta 12 urte arteko ikasleek Erguingo ikastetxera joan behar dute. Egitasmo berrian Arrasate Herri Eskola, bertako gurasoak, Udala eta Jaurlaritzak dihardute. Eraikin batera “bizpahiru urte barru” prest egon liteke.

Goiko irudia: Arrasate Herri Eskola

Hezkuntza publikoari dagokionean, orain Musakolako 6-12 urte arteko haurrek Erguingo ikastetxera joan behar dute, auzoan ez baitute zerbitzu hori.

Ondorioz, bertako guraso ugarik eta Arrasate Herri Eskolak orain direla 10 urte baino gehiago Jaurlaritzari eskatu zioten 0 eta 18 urte bitarteko hezkuntza berma zezala.

Udalak bere egin zuen eskaera, eta lehen eskaerak 2008-2009 aldera egin zituen. Hutsunea betetze aldera, Eusko Jaurlaritzak 0-2 urte arteko umetxoendako haurtzaindegi zerbitzua abiatu zuen 2010ean.

San Antolingo zerbitzu horri gehitzen zaio Musakola Herri Eskolak eskaintzen duen 2 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako irakaskuntza.

Gainera, auzoko neska-mutilek Musakolan bertan egin ditzakete, goian aipatutakoez gain, Bigarren Hezkuntza (12-16 urte) eta Batxilergoa (16-18 urte), Arrasate Institutuan.

Eraikin berriaren egitasmoari esker, Lehen Hezkuntza ere San Antolinen eskainiko da. Ondorioz, Arrasate Herri Eskolak Musakolan 0 eta 18 urte bitarteko hezkuntza eskainiko du.

Oraingo eraikina eraikin berriaren barruan egongo da, eta eskolak denera 2.000 metro koadro izango ditu. Bi gune hauek lotuta izango dira korridore batekin, eta bertatik ikasleak, irakasleak, bestelako langileak,… igaro ahalko dira.

Haurtzaindegia eta Haur Hezkuntza eraikin zaharrean izango dira, eta Lehen Hezkuntza eraikin berrian. Eraikin berrian ere izango dira:

  • Gimnasioa
  • Psikomotrizitate gela
  • Jantokia
  • Erabilera anitzeko aretoa
  • Liburutegia
  • Informatika gela
  • Bilera gela

Egitasmoa hau Arrasate Herri Eskolaren, Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean “findu” dute, “komunitatera zabalik eta beharrak asetzeko”.

Eraikina auzoan “integraturik” egongo da, energetikoki “oso efizientea” izango da, eta bere osagaiak “mantentze maila baxukoak” izango dira. Eraikinaren sarreran aterpe handi bat egongo da, Diario Vasco egunkariak atzo informatu bezala.

AHE eta bertako gurasoen elkartea partehartze prozesu bat sustatzen dabiltza, patioaren ezaugarriak zehazteko. Eraikinaren diseinuan bezala, hiru dira oinarriak: hezkuntza, ikasleen gozamena eta genero ikuspegia.

Arrasate Herri Eskolak adierazi du “auzo-komunitatea eskola-komunitatearen gainetik jarri nahi dugula, eskola eta eraikin hauek auzotar guztientzat irekita egon daitezen. Irekita bere zentzu zabalenean, ez soilik eraikinari dagokionean, gure eskolak aniztasuna altxortzat duelako”.

Arrasate Herri Eskolatik azaldu digute obren lizitazioa ireki egingo dela, eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurreikusten du eraikin berria “bizpahiru urte barru” prest izatea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen