Musakola Kiroldegiko estali-gabeko igerilekura egunero joan daiteke gaurtik aurrera

0
1269

Txanda bakarrean joan ahalko da, goizez edota arratsaldez. Aurretiazko hitzordua mantenduko da edukieraren kontrola eraman ahal izateko eta orain arte bezala, abonatuek bakarrik izango dute sartzeko aukera. Bestalde, frontoi, padel eta tenis pistetan ere aforoa handitu da eta lau erabiltzailek batera jokatu ahal izango dute. Beti ere 2 metrotako distantzia mantendu beharko dute joko eremuan.

Musakola Kiroldegiko estali-gabeko igerilekuetara egunero joan daitezke arrasatearrak uztailaren 15etik aurrera. Hala ere, txanda bakarrean joan ahalko da, goizez edota arratsaldez.

Aurretiazko hitzordua mantenduko da edukieraren kontrola eraman ahal izateko eta orain arte bezala, abonatuek bakarrik izango dute sartzeko aukera. Hitzorduak 24 orduko aurrerapenaz hartu ahalko dira.

Ezingo da hitzordua kiroldegiko harreran hartu jende pilaketak gerta ez daitezen, beharrezkoa izango da telefonoz (943 252030) edota telematikoki kirolaonline.arrasate.eus helbidean hartzea. Telematikoki egitea gomendatzen da, zerbitzua arindu eta linea telefonikoetan arazoak sortu ez daitezen.

Pisten erreserba eta gimnasioa

Bestalde, frontoi, padel eta tenis pistetan ere aforoa handitu da eta lau erabiltzailek batera jokatu ahal izango dute. Beti ere 2 metrotako distantzia mantendu beharko dute joko eremuan. Hitzordua hartzea beharrezkoa izango da eta txandakako egunetan baino ezingo da hartu (hitzordua erreserba egin duenari soilik zenbatuko zaio)

Kardio makinen gimnasioa hitzordu gabe irekita dago. Beraz, abonatuak nahi duten egun eta denboran zehar kardio makinen erabilera eskuragarri dute. Eskuoihala erabiltzea derrigorrezkoa da eta behin jarduera bukatuta norberak erabilitako makina garbitu beharra dauka. 14:00tatik 15:00etara itxi egingo da gune hau beharrezko desinfekzioak burutzeko.

Muskulazio aretoa ere irekita dago (ez da pisu librea erabiltzeko aukerarik emango), eta kasu honetan edukiera 3 pertsonara mugatuta dagoenez hitzordua hartzea beharrezkoa da. Hemen ere eskuoihala erabiltzea ezinbestekoa da eta makina garbitu beharko da erabili ondoren.

Udalak gogorarazten die erabiltzaileei instalazioetan maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela eta eskura jarri diren gel banatzaileak erabili behar direla eskuak garbitzeko sartu aurretik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen