Munduko txapelketan brontzea lortu du Saioako Danel Izurrategik

0
391

Arrasateko klub bereko Aitor Madinabeitiak, Aratz Ezpeletak eta Irati Izurrategik ere Herbehereetako lehiaketan parte hartu dute. Klubak baloratu du laurek “erakutsi duten mailarekin oso pozik eta oso harro gaudela”.

Argazkiak: Saioa karate kluba.

Aurreko asteburuan, azaroaren 17 eta 18an, Munduko 4. KWF (Kyokushinkai) txapelketa jokatu da Herbehereetako Arnhem udalerrian. Haraino Arrasateko Saioa klubeko 4 lehiatzaile bidaiatu ziren.

  • Irati Izurrategik kadeteko (14-15 urte) kumitean parte hartu zuen, 50 kiloz azpikoan
  • Aratz Ezpeletak juniorreko (16-17 urte) kumitean parte hartu zuen, 80 kiloz azpikoan
  • Danel Izurrategik juniorreko (16-17 urte) kumitean parte hartu zuen, 60 kiloz azpikoan
  • Aitor Madinabeitiak seniorko (18 urtetik gora) kumitean parte hartu zuen, 70 kiloz azpikoan

Lehena parte hartzen Irati izan zen eta mundu mailako bere lehen txapelketan Kazajistango lehiakidearen aurka borrokatu zuen lehen borrokaldian.

“Borrokaldia bere mailatik apur bat behera hasi zuen, baina suspertzen jakin izan zuen, eta bere lana egiten eta borrokaldi on bat egiten amaitu zuen”.

“Hala ere, azkenean bere aurkari hobea izan zen oro har, eta arbitroek garaipena Kazajistango borrokalariari eman zioten”.

Ondoren, Aratzek parte hartu zuen, eta bere lehenbiziko munduko txapelketa izan zen. Lehen txanan Poloniako aurkari batekin lehiatu zen:

“Aratzek borrokaldi ona egin zuen, baina azken segundoetan zango bat jaso zuen, poloniarrari garaipena eman ziona”.

“Geroago brontzea lortzeko aukera izan zuen, oraingo honetan Ukrainaren aurka. Borrokaldi handia egin zuen, ondo borrokatu zuen, baina azkenean ukrainarrak lortu zuen brontzea”.

Danel Izurrategik “izugarrizko txapelketa egin zuen. Lehen txandan Norvegiaren aurka borrokatu zuen, eta garaipena lortu zuen 2 minutuak agortu baino lehen”.

“Gero Kazajistango lehiakide baten aurka aritu zen, eta lehen 2 minutuen ostean berdinduta baukatu zuten. Horregatik luzapena jokatu zuen”.

“Bertan Danelek aurkaria garaitu zuen hanka burura teknikari esker, eta Finalerdietarako txartela lortu zuen, ukrainar aurkaria esperoan zegoela”.

“Borrokaldia nahiko parekatua izan zen azken 25 segundoetara arte, Ukrainako lehiakideak (gerora txapelduna izango zena) Danel garaitu zuen eta borrokaldia irabazi zuen. Horrela Danelek bere kategoriako 3. postua lortu zuen”.

Zapatuan Aitorren txanda izan zen, eta lehen txandan Herbehereetako aurkari bat egokitu zitzaion. “Borrokaldia parekatua izan zen uneoro, Aitorrek oso ondo borrokatu zuen”.

“Lehen bi minutuak bukatuta, erabaki arbitrala herbeheretarrari garaile izendatzea izan zen. Ulertzeko erabaki zaila borrokaldian ikusitakoak ikusita, baina lehiaketaren parte dena”.

Saioa klubak azpimarratu ditu Munduko txapelketatik “Danelen 3. postu historikoa, Aratzek brontzezko domina galtzea, eta Iratiren eta Aitorren esperientzia oso onak”.

“Klubean txapelketan erakutsi duten mailarekin oso pozik eta oso harro gaudela esan dezakegu. Hilabeteak daramatzate prestatzen, eta denbora tarte horretan ezin hobeto aritu dira eta lan handia egin dute”.

“Zorionak guztiei”. Bai horixe!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen