“Munduko txapelketako domina taldekideei eta familiari eskaintzen diet”

0
675

Danel Izurrategi karateka, Arrasateko Saioa klubeko kide, bikain aritu da Turkiako lehiaketan.

-Ezer baino lehen, zorionak Danel!

-Bai, eskerrik asko!

-Beno, horrelako domina bat lortzeko, aldez aurretik entrenamendu eta sakrifizioa asko egin behar dira?

-Bai, azken finean Munduko txapelketa bat izan da, eta guk jakin badakigu sakrifizio handi bat egin behar dugula. Gu ikasten ari gara eta azterketa garaietan ere entrenatu behar izaten dugu. Hainbat domeka eta zapatuetan ere entrenatu behar dugu, eta badakigu jaietan ez garela parrandan irten behar, alkoholarekin ez garela pasatu behar, eta abar. Sakrifizio oso handia da, bai.

-Zer moduz moldatu zinen Turkiko Munduko Txapelketako borrokaldietan?

-Lehen txandan Norvegiako aurkari baten aurka aritu nintzen, eta nahiko erraz irabazi nuen. Bigarren borrokaldia, Kazajistango karatekaren aurkako borrokaldia, ordea, oso gogorra eta luzea izan zen.

Azken borrokaldian ukrainar baten aurka jardun nuen, eta ondo hasi nuen, baina aurreko bi borrokaldien ondorioz oso nekatuta nengoen, eta irabazi ninduen baina txapelketa orokorrean oso ona izan zen.

-Brontzezko domina lortzeak asko poztu zintuen ezta?

-Bai noski, hori lortzeko lan asko egin dut eta dominak asko poztu ninduen. Azken finean konturatzen zara hainbeste esfortzuk merezi izan duela.

-Lorpen handi hau ospatzeko aukerarik izan duzu?

-Gehienetan horrelako txapelketen ostean hotel ofizialean afari moduko bat egiten da lehiakide guztien artean, eta han farra apur bat egin genuen.

-Hemendik aurrera zein txapelketa izango duzu?

Kataluniako Kopan parte hartuko dugu, Bartzelonan egingo dena eta nazioarteko izaera duena. Izan ere, Europako hainbat lekutatik etorriko dira.

-Eskaini gura diozu norbaiti Munduko txapelketako domina?

-Bai, domina taldekide guztiei eskaintzen diet, izan ere, taldekideak barik ezingo nukeen hirugarren postu hori lortuko. Baita familiari ere, izan ere, ekonomia aldetik ez da erraza txapelketa horietaraino joatea. Kontuan hartu behar da beste inork ez digula laguntza ekonomikorik ematen. Beraz, familiaren babes hori ere eskertzen dut eta beraiei ere domina hau eskaintzen diet.

Erlazionatutako albistea:

Munduko txapelketan brontzea lortu du Saioako Danel Izurrategik

2023ko azaroaren 20an argitaratutako albistea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen