Mundukideko VII. lasterketa solidarioa familia osoarentzako jarduerekin dator

0
375

Testua: Mundukide. Argazkia: MB artxiboa.

Mundukideren VII. Lasterketa Solidarioa urriaren 16an ospatuko da, igande goizean, Urkuluko urtegian, Mundukidek Brasil, Kolonbia, Ekuador, Mozambike eta Etiopian zuzentzen dituen lankidetza programak indartzeko helburuarekin.

Haur eta gaztetxoentzat lasterketa berriak

Ekitaldia goizeko 10.00etan hasiko da 2004-2016 artean jaiotako gaztetxoentzako lasterketa estreinaldiarekin eta 10,30etan Oinezko ibilaldiari eta Martxa Nordikoaren modalitateei emango zaie hasiera. Azkenik, 11:00etan hasiko da kooperatiben arteko taldeen lasterketa.

Izen-emateak

Izen-emateak, urriaren 11 baino lehen egin daitezke www.mundukide.org webgunean eta egun berean Otalorako prestakuntza-zentroaren aparkalekuan.


Musika eta jan-edatekoak

Goiza alaitzeko Markel DJ izango da bere musika alaiarekin eta UDA elkartearen kantinan pintxo goxo eta edariak eskuratu ahal izango dira.

Ez diezagutela sinetsarazi ezin dugula ezer egin

Mundukideren esanetan, gatazka guztietan daude irabazleak eta galtzaileak, baina badirudi galtzaileak beti berberak direla. Arrakala soziala eta desigualtasuna handitzen ari dira, eta jende askok bere buruari galdetzen dio zer egin ote litekeen horrenbeste eta hain handiak diren arriskuak ekiditeko. Arrisku klimatikoak, geoestrategikoak, sozialak…

Baina hau aldatu egin dezakegu. Mundukidek bere ekarpen txikia egiten du horrenbeste arazoren konponbidean. Tanta bat, beste batzuekin batuta korronte bihurtzea espero duguna. Hego Globaleko lur lehorra bilatzen duen ur tanta hori, gure kasuan, Mozambiken, Etiopian, Brasilen, Kolonbian eta Ekuadorren egiten dugun lanaren ondorio da. Eta gure programetako zuzeneko 17.100 parte hartzaileetan gauzatzen da. Tanta horretatik gure ekintzaren onuradun diren 74.000 pertsonak baino gehiagok edaten dute.. 2021ean 8 milioi euro baino gehiago lortu dugu gizarte eraldaketa bultzatzeko, lan kooperatiboa garapenaren eragile gisa baliatuz.

Ez diezagutela sinetsarazi ezin dugula ezer egin, ez baita egia. Mundukide da horren erakusgarri ona. Ez utzi biharko gaur kooperatu dezakezun hori. EMAN PAUSOA!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen