Elisa Sainz de Murietak Katowice-ko goi-bileran parte hartu zuen. Soluzioa lortzeko “gardentasuna eta ‘etengabeko anbizio maila’ handitzea” ezinbestekoak dira, besteak beste. Atzo hitzaldia eman zuen Kulturaten, Goienagusik antolatuta.
Argazkia: Fernando Gómez – UPV.
UPVko ikertzaile eta irakaslea da, Ekonomia Aplikatua departamentuan, baita Basque Centre for Climate Change (BC3) ikerketa erakundeko ikertzaile ere.
Geologia Zientzietan lizentziaduna (UPV, 2001) eta ondoren Ingeniaritza eta Ingurumen Kudeaketako master bat egin zuen Madrilgo Industria Antolakuntzarako Eskolan (EOI, 2002).
3 urtez ULMA industria taldean lan egin zuen. 2005ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean lanean hasi zen, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzarako zuzendari gisa.
Etapa horretan, zientziak erabakiak hartzeko oinarri gisa duen garrantzia bertatik bertara ikusteko aukera izan zuen, eta, horregatik, Jaurlaritzan amaitu ondoren, ingurumen- aldaketei buruzko master bat ikastea erabaki zuen (UPV, 2010), doktoretzarako sarbidea eman ziona.
BC3 erakundean 2010ean hasi zen lanean, eta bertan egin zuen doktore tesia (2016), klima-aldaketak eragindako itsas-mailaren igoerak euskal kostaldean sortu ditzakeen inpaktu eta kalte ekonomikoak aztertuz. 2017tik 2019ra Grantham Research Institute (London School of Economics) institutuko ikertzaile bisitaria izan zen.
Ondoren, BC3ko ikertzaile bezala aritu da, klima-aldaketaren inpaktuak ikuspegi sozioekonomikotik aztertuz , baita egokitzapen-politikak ere, hainbat ikerketa-proiekturen esparruan lan egiten du (adb. COACCH, Gobernadapt).
Atzo goizean hitzaldia eman zuen Kulturaten: “COP26. Klima aldaketari buruzko goi-bilerak. Nondik gatoz eta nora goaz?’. Ekitaldi hau Goienagusi elkarteak antolatu zuen.
COP konbentzioan 197 estatuk edo ‘alderdi’k parte hartzen dute egun, hau da, munduko ia guztiek. COP (Conference of the Parties) urtero biltzen da.
Kiotoko Protokoloak markatutako “helburuak lotesleak ziren herrialde industrializatuentzat. Arazoa da ekonomia emergenteak hazten hasi zirenean (batez ere, Txina, Brasil, Errusia, Hegoafrika), herrialde industrializatuek adierazi zutela klima-aldaketari aurre egitea eurei soilik zegokiela”.
COPek oro har ez dute arazoaren tamainako konponbiderik lortu, eta Trump lehendakari ohiak AEBak Parisko Itunetik aterarazi zuen. “Horrek kezka handia eragin zuen, AEBek isurketa gehien egiten duen herrialdeetako bat delako”.
Horren aurrean, ‘We are still in’ (‘Gu oraindik [Parisko Itunaren] barruan gaude’) mugimendua sortu zuten hainbat enpresak, gobernu txikiagoak,…
Elisa Sainz de Murieta Katowice (Polonia) Goi Bileran izan zen, “nire lehenbiziko COPa”. Konferentziako zientzialari taldeak
Gaur egun tenperatura 1’2 gradu zentigrado igo da eta “aurreikuspenen arabera, 1’5 gradura 20240an edo lehenago iristeko” arriskuan gaude. 1’5era iristea ondokoak eragingo lituzke:
“Munduko populazioaren %14ak muturreko beroak jasango lituzke, Artikoko izotza urtuko litzateke udan gutxienez 100 urtean behin, eta itsasoaren maila 40 zentimetro igoko litzateke”.
Bioaniztasunari dagokionez, “animalia ornodunetako espezieen %4 desagertuko litzateke, landare espezieen %8 eta intsektu espezieen %6. Artoaren ekoizpena %3 murriztuko litzateke”.
1’5 gradu igo ordez 2 gradu igoko balitz “aldaketa nabarmen handiagoa litzateke. Beraz, gure helburua 1’5ekoa izan beharko luke, zientziak esaten diguna aintzat hartuz”.
“Pentsa dezakegu gutxi dela munduko batez besteko tenperatura gradu bat igotzea, baina pertsonok sukarra dugunean ez gaude ondo. Klima gradu bat igotzea asko da”.
COPetako arazo nagusietako bat da “mundu herrialde guztien artean akordioak adostu behar direla, interes oso ezberdinak dituzten estatuen artean: Tubalu eta Saudi Arabia esaterako”.
“Aurrerapauso txikiak lortzen dira goi-bilera hauetan, baina horiek lortzea oso zaila izaten da. Esaldi bakoitza negoziatzen da”.
COPen egungo helburuetako bat “neutraltasuna da, hau da, herrialdeek isurtzen dutenaren eta Lurraren sistema naturalak hori xurgatzen duenaren arteko diferentzia zero izatea”.
Glasgowko Goi Bileran (Eskozia) “1’5 graduen igoera helburutzat onartu zen” besteak beste. Oro har, klima-aldaketari aurre egiteko “gardentasuna eta ‘etengabeko anbizio maila’ handitzea” ezinbestekoak dira.
Itsasoaren igoeraz galdetuta, aditu honek erantzun du “2050era arte 20 zentimetro igotzea aurreikusten dela. Etxekolanak egiten ez baditugu, metro bat igo litzateke 2100erako”. “Euskal Herrian itsasoaren mailaren igoera errealitate bat da”.